Langileen Eguna 2022

LAB zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzea eskatuko du

Guaixe 2022ko api. 29a, 13:31

Sakanako LAB-eko ordezkariak Langileen Eguneko manifestazioaren aurkezpenean. UTZITAKOA

Igandean, 12:30ean, 'Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu' leloa duen manifestazioa abiatuko da Altsasuko Foru plazatik. 

Maiatzaren Lehenean LABek “banaketa hirukoitza” eskatuko du: “lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz. Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu: soldatak hobetuz, zerbitzu publikoak hobetuz eta erreforma fiskala garatuz”. Sindikatu abertzaleak gaztigatu duenez, “egoera jasanezina da sozialki eta ekologikoki. Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile klasea desjabetzen ari da, zaintza lanak ez ditu aintzat hartzen, lan harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten”. 

LABeko kideen iritziz, “laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen”. Testuinguru horretan kokatu du sindikatuak Ukrainakoa: “gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean”.

Krisiaz 
Sindikatuaren arabera, “bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen”. Krisiari aurre egiteko “egiturazko neurriak” eskatu ditu LAB, “ez eznahikoak diren partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan”. Sindikatu abertzaleko kideek gaineratu dutenez, “laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere”. Bestetik, “oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea” exijitu du LABek, “energiaren prezioa mugatzea eta energiaren publifikazioa defendatu” dute, “haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa” izateko.

Kapitalismoaz aparteko “beste ekonomia gizarte eredu baterako bidea egiten hasi behar dugu”, aldarrikatu dute LABetik. “Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu” adierazi dute sindikatu abertzaleko kideek, eta langile klasea eta herri-sektoreak zaintzeko “pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzea” aldarrikatu zuten. Kapitalismoari alternatiba Euskal Herritik gauzatu beharra aldarrikatu du LABek, eta, horretarako, “burujabetza eskuratzea behar dugu”. 

300 metro 
Maiatzaren Lehena iragartzeko luzera horretako plastiko serigrafiatua erabiltzeari utzi dio Sakanako  LABek: “pauso asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat”.