Atletismoa

Alzheimerra gizarteratzeko lasterketa

Guaixe 2022ko mai. 3a, 11:00
Lasterketaren aurkezpenean antolatzaileek eta babesleek parte hartu zuten.

Felipe Lezea Fundazioak Josefina Arregi Klinika I. Alzheimer Herri Lasterketa antolatu du maiatzaren 22rako Altsasun, hiru modalitatetan: korrika, oinez edo Km O izeneko dortsalaren bidez. Izena ematea zabalik dago eta parte hartzera animatu dute

Josefina Arregi Klinika I. Alzheimer Herri Lasterketa maiatzaren 22an jokatuko da, Altsasun. Felipe Lezea-Josefina Arregi Klinikak antolatu du, hainbat entitateren laguntzarekin: Laboral Kutxa, Altsasuko Udala, Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba, Lacturale, Radvi hortalizas, Katealde eta Leku Ona jatetxea. Guztiek "Zure oroitzapenak zeharkatzen" leloa duen lasterketan parte hartzera animatu dituzte sakandarrak.

Alzehimerra gizarteratu
Felipe Lezea Fundazioko patronatuko buru Joseba Arregik azaldu zuenez, lasterketak hiru modalitate izango ditu: oinezko martxa (8 km), lasterketa (9,5 km) eta O Km dortsala, kirol ekimenean parte hartu nahi ez, baina euren alea jarri nahi dutenendako. Lasterketaren helburu nagusia Alzehimer gaixotasuna gizarteratzea da, eta aldi berean kirola eta ohitura osasungarriak sustatu nahi dituzte, "gaixotasunaren prebentzioa egiteko modu onena" direlako. "Alzehimerrak oroitzapenak ikusezin egiten ditu. Lasterketaren lehen edizioa da hau, baina denboran iraun dezan nahi dugu. Pertsona askok sufritzen dute gaixotasun hau, eta lasterketarekin gaitzaren inguruan kontzientziatu nahi dugu" nabarmendu zuen.

Poztasuna
Laboral Kutxako Altsasuko bulegoko zuzendari Izaskun Erdoziak adierazi zuenez, "Laboral Kutxarendako erabateko poztasuna da Josefina Arregi Klinikak antolatutako lasterketan laguntzea. Gurea proiektu kooperatiboa da eta balore kooperatiboak lantzen ditugu; bestelako banka da. Horregatik, begi onez ikusten dugu lasterketa, eta bertan parte hartzera animatzen dugu jendea. Probak arrakasta itzela izatea eta edizio gehiagotan elkar ikustea espero dugu".

Oinez, korrika edo 0 dortsala
Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko lehendakari Iñigo Agirrek ibilbidearen zehaztasunak eman zituen, klubeko kide eta Josefina Arregi Klinika I. Alzehimer Herri Lasterketako koordinatzaile Peio Vergararekin batera. Maiatzaren 22an, igandearekin, 11:00etan oinezko martxa abiatuko da (8 km), Josefina Arregi Klinikatik, Ollerosorotik, Sakanako Trikitixa Eskolaren trikiti doinuak lagun. "Zelai eta Gartzia Ximenez kaleetan barna plazara iritsiko da. Gero Otadiatik Basomuturrera eta ikastola eta institutu arteko errepidetik, Larresaletik, Azuntzartera egingo du, Ulaiar Txikitik Murgilartera iritsi eta Baikolarretik barna Klinikara heltzeko. Ibilbide ederra da" azaldu zuen Vergarak.

Lasterketa 12:00etan hasiko da Josefina Arregitik. 9,5 km ditu, eta lehendabiziko kilometro eta erdia neutralizatutako proba izango da. "Korrikalari guztiek batera osatuko dute lehen tartea. Isidoro Melero kaletik sartuta, San Juan kaletik Idartzagainera heldu eta Bakea kaleraino helduko dira, Alzaniatik San Juan kalera heldu eta Gartzia Ximenez kaletik plazara iristeko. Hilerri parean benetako lasterketa hasiko da, eta hortik aurrera oinezko ibilbide berbera osatuko dute korrikalariek, klinikako helmugaraino" gaineratu zuen. Iñigo Agirrek argi utzi zuenez, lasterketa ez lehiakorra izango da, ez da sailkapenik egingo.

Izena ematea zabalik
Lasterketan izena ematea zabalik dago Josefina Arregi Klinikako webgunean edo klinikako bulegoetan maiatzaren 20ko 15:00ak arte. Prezioa 10 eurokoa da, modalitate guztietan, eta trukean kamiseta jasoko da. 15 urtetik beherakoek dohain parte hartu ahal izango dute, baina kamiseta nahi izanez gero 10 euro ordaindu beharko dituzte. Partaide guztiek Lacturale eta Radvi Hortalizas produktu sorta jasoko dute, eta adin gehiena dutenek Katealde produktu sorta. Horretaz gain, partaideen artean Etxarri Aranazko jatetxe batean eta Altsasuko Leku Ona jatetxean otordu bana zozketatuko da.

Klinikako proiektuetara
Jasotzen dena Josefina Arregi Klinikako eguneko zentroan egin nahi diren handitze eta berrikuntza lanak aurrera eramateko bideratuko dira. Klinikako kudeatzaile Angel Gardachalek adierazi zuenez, aipatu lanak aurrera ateratzeko Nafarroako Gobernuari diru laguntza eskatu zaio, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bidez, eta erantzunaren zain daude. "Josefina Arregiko eguneko zentroa Sakanan dagoen bakarra da, eta instalazioen berrikuntza oso garrantzitsua da. Halaber, beste bi proiektu ditugu, osasun ekipamendua berritzea eta gaixoendako patio berri bat egitea, guztiak ezinbestekoak" azaldu zuen.