Langileen Eguna zela eta, Altsasun bi manifestazio izan ziren igandean. LABena izan zen lehena. LABetik nabarmendu zutenez, "dagoen arazoa betikoa da: egungo sistema sozial eta ekonomikoa ez da bideragarria, porrot egin du. Energia eta materialak agortzen ari dira, klima larrialdia areagotzen ari da. Ondorioz, gerra militar eta komertzialak areagotu dira". LABetik adierazi zutenez, "aberastasuna badago, baina kapitalistek metatzen dute, langileei lapurtuz". Soldatak begiratuta "txiroagoak" garela azaldu zuen. Egungo ereduaren "banaketa ankerraren" adibide honakoak dira: "zerbitzu publikoek ez dituzte herritar guztien osasuna, hezkuntza eta etxebizitza beharrak asetzen. Bizitzari eusteko beharrezkoak diren zaintza lanak emakumeen bizkar segitzen dute".
Sindikatu abertzaleko bozeramaileak gogorarazi zuen aurten bi urteurren nabarmen daudela: Amaiurko gazteluaren erresistentziaren 500. urteurrena eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena. "Garaia iritsi da hemen egiteko 78ko erregimenaren barruan egin ezin daitekeena. Euskal Herritik alternatibak eraiki behar dira". Eta honakoak zerrendatu zituzten: gizarte segurantza propioa, langileendako euskal estatutua eta zaintzen, lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarritutako eredu sozioekonomikoa. Horretarako burujabetza aldarrikatu zuen.
Maiatzaren Leheneko bigarren manifestazioa Sakanako Kontseilu Sozialistak (KS) deitutakoa izan zen. Manifestazioaren akaberan bozeramaileak adierazi zuenez, "egungo egoera ez da batere atsegina langileriarendako. Ekonomia krisi kronikoa bizi du kapitalismoak, eta langileria albo kalteak pairatzen ari da". Adierazi zuenez, albo kalte horiek lirateke: oinarrizko askatasunen ezabatzea, lan munduaren eskubide eza, langabezia eta oinarrizko behar izanak ezin asetzea. "Funtsean, proletargoaren bizi eredua legez kanpokotzat jo du burgesiak". Ezker parlamentarioari "egoera horren kontra ezer ez egitea" leporatu zion KS-k, "proletargoa engainatzen aritzen dira, ogi apurrak garaipen handiak balira bezala saltzen dituzte".
Sozialismoa eraikuntza "gizatasuna berreskuratzeko eta ongizate unibertsala jauzi egiteko baldintza" zela adierazi zuen. Horretarako, "beharrezkoa da langileok gure behar eta premien arabera jardutea, eta etorkizuneko jendartea gaurdanik eraikitzea". Konpromisoa hartzeko eta nork bere ekarpena egiteko deia egin zuen. KS-tik azaldu zenez, "langileria eta sozialismoa elkartu ezean, identitate soila bihurtzen da lehenengoa eta utopia eginezina bigarrena". KS- langileria eta sozialismoa elkarteko ekarpena eginen duela adierazi zuen.