Oinarrizko gaitasun digitalak lantzeko ikastaroak antolatu dituzte

Guaixe 2022ko mai. 6a, 09:31
Ikastaroa Intxostiapuntan. ARTXIBOA

Hiru dira: emakume langabetuendako bat eta gaitasun digitaletan prestatzeko aukerarik izan ez duten pertsonendako beste biak. 2022ko maiatzaren 9tik 20ra izanen dira, Intxostiapunta gazte gunean.

Nafarroako Gobernuak, Altsasuko Udalaren laguntzarekin, oinarrizko konpetentzia digital pertsonalak eta administrazio elektronikoa izeneko hiru ikastaro antolatu ditu. Ikastaro horietan oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzeko behar diren ezagutza guztiak landuko dira, modu guztiz praktiko eta errazean. Ikastaroak doakoak dira, Europar Batasuneko funtsek finantzatu baitituzte (NextGenerationEU). Izena emateko: 628 328 593 edo miraola@altsasu.net. 15 plaza daude ikastaro bakoitzean eta baldintzak bete eta izena emateko ordena jarraituz osatuko dira taldeak. Dohainik dira. 

Ikastaroak 
Emakume langabeei zuzendutako ikastaroa Nafar Lansarek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak,  bultzatu du, emakumeen arrakala digitala murriztea eta Nafarroan emakumeen enplegagarritasuna hobetzea helburu hartuta. Emakume langabeei zuzendutako ikastaroak 40 orduko iraupena izango du eta bi astez emango da, astelehenetik ostiralera, goizez, 09:15etik 13:15era arte. 

Gaitasun digitaletan prestatzeko aukerarik izan ez duten eta beren lan-egoera kontuan hartu gabe prestakuntza jaso nahi duten pertsona guztiei zuzenduta daude beste bi ikastaroak, Telekomunikazio eta Digitalizazio Zuzendaritza Nagusiak bultzatu dituenak. Ikastaro horien helburua da hainbat arrazoirengatik, besteak beste, adinagatik, arlo horretan prestakuntza jasotzeko aukerarik izan ez dutenen arrakala digitala murriztea. 

Bi ikastaro horien iraupena 20 orduko iraupena izango dute eta bi astez emango dira, astelehenetik ostiralera, arratsaldez, bata, 15:00etatik 17:00etara, eta bestea, 17: 00etatik 19: 00etara.  Bi ikastaro horiek eskaintzeko, ezinbestekoa izango da emakume langabeentzako ikastaroa osatzea. Era berean, bi ordutegiak eskaini ahal izateko, bi taldeak osatu beharko dira. Osatu ezean, ikastaroen eskaintza berrantolatuko dugu. 

Ikastaroetan honako gai hauek landuko dira: ordenagailua eta haren elementuak; Interneteko nabigazioa; posta elektronikoa eta bideokonferentzia-sistemak; eduki digitalak sortzea eta editatzea oinarrizko aplikazioen bidez; ingurune digitaletako gailuak segurtasunez eta arduraz erabiltzea; egiaztapen digitala eta administrazioarekin eta erosketa digitalarekin egin ohi diren izapideak.

Ikastaroak Nafarroa osoan ematen ari dira, eta Sakanan, Irurtzunen eta Altsasuz aparte, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiainen ere antolatzeko asmoa dago, aurtengo bigarren seihilekoan.