Zuzendaritza enpresarendako Bideragarritasun Plana egiten ari dela, Sunsundeguik Cofidesen bultzada jaso du. Izan ere, Estatuko funtsak kudeatzen dituen sozietate publiko-pribatuak Altsasuko autobus enpresaren finantziazio eskaera onartu du eta Sunsundeguiri 8,9 milioi euro emanen dizkio. Dirua Cofidesek kudeatzen duen COVID-19ak kaltetutako enpresak Birkapitalizatzeko Funtsaren (FONREC laburdura gaztelaniaz) Inbertsio Batzorde Teknikoak 8,9 milioi euroko finantzaketa baimendu dio Sunsundeguiri, 4,5 milioi euroko partaidetza-mailegu baten eta 4,4 milioi euroko beste mailegu arrunt baten bidez.
Cofidisek Sunsundeguiren bideragarritasuna aztertzeko eskatu zion Crowe & Horwath HTL Partnersek finantza aholkulariak eta Montero-Aramburuk lege aholkulariak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari. Altsasuko enpresatik jakinarazi dutenez, finantzaketa hori lortzeko proba zorrotzak pasa behar izan dituzte. Sunsundeguiko zuzendari kudeatzaile Jose Ignacio Murillok Diari de Navarrari adierazi dionez, "finantzaketaren baimentzea oso berri ona da Sunsundeguirendako, eta enpresaren etorkizuna bermatuko duen Bideragarritasun Plana lortzeko pauso garrantzitsua da".
Finantziazio hori 2022-2027 Bideragarritasun Planaren parte da. Haren bidez Sunsundeguik honakoak lortu nahi ditu: eskaera zorroa handitzea, etorkizunean karrozeria eta modelo berriak garatzea, digitalizazioa, lan eta ingurumen segurtasuna indartzea, enplegua berreskuratzea eta administrazio publikoek aldi baterako emandako dirulaguntzak bueltatzea. Esaterako, 2024rako autobus elektrikoak karrozatu nahi ditu, eta 2027rako egungo eguneko 1,1 autobusetik 2,46ra pasa nahi du eta horrela errentagarri bihurtu. Azken finean, planaren helburua litzateke Sunsundegui bihurtzean kaudimendun, jasangarria eta etorkizuna duen enpresa bat. Cofidesek izendatutako rating agentzia batek plana aztertu eta "B" kalifikazioa eman zion 2019an.
FONREC funtsa jatorri publikoko 1.000 milioi euroko hornitua dago. Haren helburua da estatuko eta eskualdeko enplegua eta produkzio-sarearen suntsitzea saihestea. Funtsa 10 eta 400 milioi euro arteko salmentak dituzten enpresa ertainei zuzenduta dago, eta, epe luzera bideragarriak izanik ere, pandemiaren ondorioek haien bizi iraupenari eragiten diete. Funtsaren finantzaketa itzulgarria 2,5 eta 25 milioi euro artekoa izan daiteke, eta aldi baterako inbertsioen bidez gauza daiteke, kapital sozialeko partaidetzen, partaidetza-maileguen eta bestelako finantza-tresnen bidez. Finantzaketaren iraupena 8 urtekoa da gehienez, baina funtsaren espirituak inbertsioak azkar amortizatzea bilatzen du (5 urte inguru).