Euskara praktikatzeko eta bizitzeko

Guaixe 2022ko mai. 6a, 09:02
Mintzodromoan hizketan.

Larunbatean, 12:00etan, Foru plazan mintzodromoa dago antolatuta. Jende euskalduna ezagutzeko eta euskara hitz egiteko espazio segurua. Hizketatzeko gaiak Idoia Granizo Uribarrenak eta Ekain Alegre Gilek bertsotan emanen dituzte. Parte hartzaileendako auzatea izanen da. Kidam magoa ere.

Korrikaren aparra jaitsita, eta Euskaraldia iritsi bitartean, euskara praktikatzeko gonbidapena egiteko mintzodromoa antolatu dute AEK-k, Mintzakide programak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Bihar eguerdian Altsasuko Foru plazatik pasatzen direnek euskaldunak ezagutu eta haiekin hitz egiteko aukera izanen dute. Nola? Hasteko, Idoia Granizo Uribarrenak eta Ekain Alegre Gilek bertsotan gai jartzaile gisa ariko dira. Haiek emandako gaiaren inguruan hitz egin beharko dute entzuleek denbora tarte batez. Komunikazioa errazteko hizketatzeko taldeak txikiak izanen dira. Gai jartzaile ariko diren bertsolariak egoki jotzen dutenean beste gai bat emanen dute bertsotan, eta, entzuleak taldez aldatu eta gai berriaz hitz egin beharko dute. 

Hizkuntzaren festa (5. eLe festa), parte hartzaileendako auzatearekin eta Kidamn magoaren emanaldi ibiltariarekin osatuko da. Antolatzaileak parte hartzeko gonbidapena egin dute.