Paul Bilbao Sarria

"Herritarren eskubideak daude jokoan"

Guaixe 2022ko mai. 6a, 14:26

Paul Bilbao Sarria eta Euskalgintzaren Kontseiluko kideak manifestaziorako deia egiten. UTZITAKOA

Manifestazio deialdia egin ondoren, azken egunetako gertaerek mobilizaziorako arrazoiak pilatu dituzte esan du Paul Bilbao Sarriak, Euskaltzaleen Kontseiluko idazkari nagusiak.

Herritarrak ez gutxietsi. Eskubideak guztiontzat manifestazioa abitauko da bihar, maiatzak 7, larunbata, 17:30ean, Iruñeko Antoniutti parketik, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Altsasun gaur, maiatzak 6, ostirala, 19:00etan, lelo bera duen kontzentrazioa eginen dute udaletxearen parean. Hainbat lanpostu publikoen sarbiderako probetan atzerriko hizkuntzak euskara bera baino gehiago baloratzeko asmoa salatzea zen helburua. Aurreko ostegunean PAI programa hezkuntza eredu bihurtzeko erabakiak kalera ateratzeko arrazoi gehiago eman dizkio Euskalgintzaren Kontseiluari. 

Nafarroako Gobernuak administrazio publikorako sarbidea arautuko du. Nola gutxiesten ditu euskaldunak? 
Gutxietsi ez ezik, ikusgabetu ere egiten gaituzte euskal hiztunok. Nafarroako Gobernuak Merezimenduen Dekretu hau onartuz gero, lanpostu guztietan kontuan hartuko da ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza; euskararena, aldiz, lanpostu batzuetan besterik ez. Horrek esan nahi du Nafarroan berezkoak eta ofizialak diren hizkuntzei garrantzi eta aitortza gutxiago emango zaiela atzerriko hizkuntzei baino. 

Hiru hizkuntza eremutan zatikatuta gaituzte. Hiruetan eragin bera luke? 
Ofizialtasunak (edo ofizialtasun ezak) eragin zuzena du ondoren garatzen den araudian. Izan ere, hizkuntzak estatus ofiziala duen eremuetan zailagoa da ganorako hizkuntza politikak abian jartzea. Oraingoan, hiru eremuetan gertatuko dira atzerapausoak. Legeak ezarritako eremu euskaldunean, esaterako, atzerapauso onartezina egin nahi dute, euskararen ezagutza eskatuko duten jendaurreko lanpostuak %20tik %10era murriztuz. Aurreko Gobernuak euskararen ezagutza baloratzeko onartu zuen irizpideak Auzitegiaren oniritzia izan arren, eragitea lortzen ez badugu, oraingo Gobernuak ezabatu egingo du. 

Orain arte halakorik egin da? 
Esango nuke halakorik ez dela inoiz gertatu. Badakigu Nafarroako Auzitegiak zer-nola jokatu izan duen euskal hiztunon eskubideei dagokienez. Ohitura izan du irakurketa murritzak egiteko, eta ondorioz, hartu izan diren erabaki eraginkorrak atzera botatzeko. Orain, Gobernuak berak bota nahi du atzera Auzitegiak ontzat emandakoa. Bestela, eta Dekretuaren irizpide orokorrei dagokienez, bere garaian UPNk abian jarritako estrategiaren kopia egin dute. Tamalez, ezaguna egiten zaigu berezko eta ofizialak ez diren hizkuntzei euskarari baino trataera duinagoa esleitzea. 

Eta euskaldunendako horren guztiaren ondorio praktikoa zein litzateke? 
Herritarren eskubideak daude jokoan. Finean, langile elebiduna izango da herritar guztien eskubideak bermatuko dituena, edozein hizkuntza hautatuta ere. Horregatik, azken asteotan herritarrak ekarri nahi izan ditugu erdigunera, alegia, herritarrak gutxietsiko ez dituen eta herritar guztion eskubideak bermatzea ekarriko duen dekretua behar dugu. 

Foru administrazioaren hizkuntza profil elebiduna duten lanpostuak oso gutxi dira, baita eremu euskaldunean ere. Horiek zehaztea onartutako araudiari aurre egiteko aukera bat litzateke? 
Legeak ezarritako eremu euskaldunean hori izan daiteke bidea, bai. Halere, hor ausardia gehiago beharko litzateke, eta lanpostu guztietan ezarri euskararen derrigorrezko ezagutza, herritar guztien eskubideak bermatzeko. Gobernuak, aldiz, euskararen balorazioa jaitsi nahi du dekretu berriaren bidez. Ofiziala ez den eremuetan zailtasun handiagoak daude profil elebiduna duten lanpostuak ezartzeko, hainbat sindikatu eta alderdi saiatzen dira lanpostu horien guztien aurkako helegiteak jartzen, eta, tamalez, auzitegiak gehienetan euren alde jartzen dira. 

Bestalde, PAI programa hizkuntza eredu bihurtzea zergatik da “oso larria” Kontseiluarendako? 
PAI ereduak euskarazko irakaskuntzaren zabalkundea galgatzea zuen helburu, eta halaxe berretsi zuen orduko Gobernuko lehendakari Yolanda Barcina Angulo andreak telebista bateko elkarrizketan. Lotsagarria da, egun, milaka haurrek eta gaztek berezko hizkuntzaren inolako noziorik ez izateko sistema bat indarrean mantentzen den bitartean, atzerriko hizkuntza hala edo nola sartu nahi izatea. Gobernuaren funtzioa eta betebeharra da berezko hizkuntzaren ezagutza zabaltzea eta hedatzea. Halere, nahiago du eskubide berriak asmatu eta fatxada hori baliatu erabaki euskarafoboak hartzeko. 

Zergatik atera behar du euskaldunak eta euskaltzaleak kalera larunbatean? 
Nafarroa berdinzale, justu eta kohesionatua aldarrikatu behar dugulako. Ez dugulako bigarren mailako herritar izan nahi, eta ez dugulako merezi inolako gutxiespenik. Guztiontzako eskubideak aldarrikatzen ditugu, eta Nafarroako Gobernuari horiek bermatzeko neurriak abian jar ditzala eskatzeko aterako gara kalera. Finean, hori dago jokoan: nafarren arteko berdintasuna. Dekretua ez da oraindik onartu, eta garaiz gaude aldaketak eragiteko.