Mendia

430 mendizale baino gehiago Altsasuko Hiru Mendi Zerrak lotzeko prest

Guaixe 2022ko mai. 6a, 12:30

Azkeneko edizioa 2019an izan zen.

Bihar, larunbata, 7:00etan abiatuko dira izena emanda dauden 430 mendizale pasa Urbasa, Altzania eta Aralar lotzeko prest

Bihar, larunbata, Bargagain, Urbasa, Gainsoil, Kipular, Sozarreta, Balankaleku eta Intxusburu gaindituko dituzte Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako Hiru Mendi Zerrak mendi ibilbidean parte hartuko duten mendizaleek. Atzo, ostegunean, despeditu zen izena ematea, eta Guaixeko erredakzioa ixteko unean 430 mendizale baino gehiago zeuden izena emanda.

Bi ibilbide, eta tartekoa
Urbasa-Andia, Altzania eta Aralar mendizerrak biltzen dituen Hiru Mendi Zerrak mendi martxa, Sakanako Ibilaldia bezala, Euskal Herriko Mendi Ibilbide Luzeen Zirkuiturako eta Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien XIV. Txapelketarako puntuagarria da. 

Bi ibilbide daude: Hiru Mendizerrak Ibilaldi Luzea (46 km eta 2.700 m desnibel positiboa) edo Hiru Mendizerrak Ibilaldi Laburra (26 km, 1.200 metroko desnibel positiboa). Bi ibilbideetako mendizaleak batera abiatuko dira Burunda pilotalekutik, 7:00etan, eta hasieran ibilbide berbera dute. Horrela, mendizaleek Altsasutik Urdiainera joko dute, Portuazpitik Urbasa-Andiara igo eta Bargagainera (1.153 m) heltzeko. Urbasan aurrera eginez, portutik Gainsolera helduko dira, eta handik Ziordiraino jaitsiko dira. Hor banatuko dira bi ibilbideak. Ibilaldi Laburra aukeratzen dutenak partzelarietatik barna, Cementos fabrikako atzealdetik Altsasuko frontoira helduko dira, helmugara. Ibilbide Luzekoek, aldiz, Kipular (1.059 m) igoko dute, Orobeko antzinako harrobitik jaitsi eta Sorozarretara heltzeko. Hango hornidura gunean indarrak berreskuratuta, Balankaleku (983 m) eta Intxusburu (946 m) igo eta handik jaitsita, Sarabetik, San Pedrotik eta Basoitxitik Altsasura helduko da. Badago ere tarteko ibilbide ertain bat, Sorozarretako hornidura gunetik Dorretxikitik bueltatxoa eman eta Altsasura iristen dena. 

Mendian gozatzeko deia
Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kideek eta boluntarioek guztia prest dute Hiru Mendi Zerrak mendi ibilaldia egun bikaina izan dadin. "Ez dute euririk iragartzen eta egun polita pasa dezatela opa diegu mendizaleei. Hasiera batean gure martxa apirilaren 2an egitekoa zen, baina elurragatik atzeratu egin behar izan genuen. Urtero moduan, ilusio handiz prestatu dugu, eta pandemiagatik azken bi urtetan antolatu ezin izan dugunez, aurtengo ediziorako gogotsu gaude. Gurea ibilbidea ederra da, baina badu bere gogortasuna ere, oso gorabeheratsua baita. Paisaia zoragarria da eta orain mendia ikusgarri dago, berde-berdea. Gure paisaia eta gure ibilbideak ezagutarazi nahi dizkiegu Hiru Mendi Zerrak-era hurbilduko diren guztiei. Disfrutatu dezatela" opa du Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Jesus Guineak. 

Aurten, nobedade gisa, parte hartuko duten mendizaleen artean Bidelagun Elkarteko landetxeren batean 80 euro gastatzeko txartela zozketatuko da.