1. Nork proposatu zizuen Oinatzen despedidako partida bitxian parte hartzea?
M.: Astean behin Burunda pilotalekura joaten gara pilotan jokatzera eta entrenatzera, eta behin Miguel Angel Urrestarazu etorri zitzaigun esanez Oinatzi agurra egin nahi ziotela, eta ea prest geundekeen beraiekin partida bat jokatzeko. Aztertu ondoren, baiezkoa eman genuen. Koxka tabernako Josuk, Pilotajaukukoek eta bestek lotu dute jaialdia.
I.: Partida bitxia da, bai, baita marroi pixka bat guretako (kar, kar…).
2. Oinatz Bengoetxea erretiratu berri da eta sasoi betean dago.
I.: Bai, eta horregatik ni Mikel baino lasaiago nago. Mikelek lan gehiago izango du aurrean Oinatz eusten.
M.: Ni pilotalekua garbitzen egongo naiz Oinatzekin, alde batetik bestera (kar, kar).
3. Mikel Goñi jokatzen ari da, baina ez dakigu zein maila duen.
I.: Barrutik sasoian zegoela atera zen, baina ez dakigu nola egongo den. Lagun batzuk Hernanin partida batean ikusi zuten eta nahiko ongi aritu zela aipatu zuten. Orain atzean jokatzen du; errazago izaten da. Berak nik baino askoz ere gehiago jokatuko duela uste dut. Beraz, eutsi beharko diot.
4. Jaialdiak sekulako ikusmina piztu du.
M.: Guk lagunarteko partida bat izango zela uste genuen hasieran, 50 pertsona edo bilduko zirela, eta Ikerri esan nion, behintzat argazki polita aterako genuela, baina gure argazkitxoa hara zertan bilakatu den.
I.: Joan zen egunean esan ziguten 650 sarrera baino gehiago salduta daudela dagoeneko. Horrenbeste jende joateak guri nolabaiteko ardura sortu digu.
5. Urduri al zaudete?
I.: Oraintxe bertan, elkarrizketagatik urduriago partidagatik baino (kar, kar…).
M.: Hasieran betiko urduritasun hori izango dugu, baina jokatzen hasita, listo. Izan ere, pilotalekua betea dagoela jokatzera ohituta gaude (kar, kar…).
6. Pilotajaukun trebatu zineten, eta afizionatu mailan ere lehiatu zineten.
M.: Pilotajauku klubarekin 27 edo 28 urtera arte jokatu genuen. Beti izan dugu pilota bihotzean eta buruan, horregatik beti taldetxo bat elkartzen gara esku pilotan gure kabuz aritzeko. Altsasu bezalako herri batean, tristea bada ere, gaur egun ez dugu afizionatu mailako pilotaririk. Eta hain zuzen ere, horregatik etorri zaigu guri pilota partida honen proposamena, errebotez. Nahiago izango genuke Oinatzen omenaldia herriko beste bi gaztetxorekin antolatu izan balitz, baina…
I.: Urte askoko arazoa izan da. 22 urte nituenean dagoeneko afizionatuetan jende falta bazegoen gure klubean.
7. Jaialdia zabaltzen duen partidan Pilotajaukuko kadeteak lehiatuko dira, Carabias-Vicente Mitxelena-Gordoren kontra.
M.: Ea kadete horiek aurrera jarraitzen duten, etorkizunean Altsasun afizionatuak egoteko. Gu entrenamenduetan lagundu eta dakiguna erakusteko prest geundeke.
8. Zer nolako partida espero duzue?
I.: Nahi izan ditugun pilotak jarri ditugu eta alde horretatik lasai gaude. Ez gaude pilota gogorrekin jokatzeko, eta mistoak erabiliko genituela esan genien hasieratik, pilota berriak, botea izateko. Uste dut partida polita izango dela.
M.: Igandeko jaialdia agur bat da, Oinatzendako omenaldi bat, eta helburua jendea eta pilotariok gustura egotea da. Horretarako, laurek zerbait egiteko moduko materiala jarri behar da. Partida berezia da, izenetatik hasita, eta materialak ere horretara egokitutakoa izan beharko du. Baina argi geratu dadila pilotak ez direla trapu zahar batzuk.
9. Partidaren harira txantxa asko entzuten ari zarete?
I.: Bai. Harakina naiz, eta dendara sartzen diren hirutatik bik zerbait aipatzen dute. Anaia ni baino kontentuago dago.
M.: Zeresana dago eta umorez hartzen dugu. Partida saltsero bat izango denez, guk ere jarrera saltsero hori hartu behar dugu: jendearekin egon, barre egin... jakinda bizia ez dugula horretan. Jada aste pare bat edo hiru daramazkigu kontu honekin eta ondoren ere ziur ere entzungo ditugula, baina beti modu onez.
10. Azken urtetan Altsasuko Pilota Goxua Txapelketa jokatzen zen data hauetan.
I.: Bai, bertan parte hartzen genuen eta partidetara ere jende asko joaten zen.
M.: Pandemia ondoren ez da berreskuratu. Hain justu finalak orain izaten ziren. Oso txapelketa polita zen, parte hartzailea, herriko jende askok hartzen zuelako parte.
11. Burundan 900 lagun sartzen dira. Tokia badago, jaialdira animatuko dugu jendea.
I.: Ongi pasatzeko prest daudenak ongi etorriak izan daitezela. Nik uste partida lehiatua izango dela, polita. Izan ere, pilotari onak izan direnak badakite besteekin jokatzen, eta beraiek gurera moldatuko dira.