Txirrindularitza

Iker Mintegi hirugarren Euskadiko Txapelketan

Guaixe 2022ko mai. 10a, 10:30

Hirugarren postua garaipen keinuarekin ospatu zuen Mintegik, Azparren taldekidea gailendu zelako. LABORAL KUTXA

Bidasoako Itzulian hemezortzigarren sailkatu eta gero, igandean hirugarren izan zen Natxituako Euskadiko Txapelketan

Aurreko astean, ostegunetik larunbatera 48. Bidasoako Itzulia jokatu zen, afizionatuen mailako Euskal Herriko lasterketarik ezagunetakoa. Laboral Kutxako Iker Mintegi Claverrek lan ederra egin zuen bertan. Hendaian hasi eta Hondarribian despeditu zen bigarren etapan hamaikagarren sailkatu zen txirrindulari altsasuarra, eta hirugarren eta azken etapan zazpigarrena. Horrela, sailkapen orokorrean 18. sailkatu zen eta itzulian "asko ikasi" zuela aitortu zuen.

Hori gutxi ez balitz, igandean, Natxituan, podiumera igo zen Mintegi. Natxituak XXIII. San Isidro Sari nagusia hartu zuen, aldi berean Euskadiko Txapelketa zena, eta hirukote bat iritsi zen aldi berean helmugara. Esprintean Laboral Kutxako Enekoitz Azparren gailendu zen, Oier Aldamaren (Electroa) eta Iker Mintegi taldekidearen aurretik.