Hizkuntza eskubideen alde

Guaixe 2022ko mai. 10a, 09:02
Altsasun ostiralean egindako bilkura.

Merezimenduen dekretuaren eduki baztertzaileei desadostasuna adierazteko eta eskubide berdintasuna aldarrikatzeko kontzentrazioa egin zen ostiralean Altsasun, eta larunbateko Iruñeko manifestaziora makina bat sakandar joan ziren.

Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioaren akaberan Nafarroa banatuta duten hiru hizkuntza eremuetako herritar banak hartu zuen hitza, beraien eremuan dekretuak izanen lukeen eraginaren berri emateko. Baztango herritarrak aipatu zuen, berari hizkuntza eskubideak aitortzen bazaizkio ere, ez zaizkiola osoki bermatzen, esaterako osasun arreta jasotzerakoan, eta Iruñeko zerbitzu zentraletara jo behar duenean “kilometroak egin ahala eskubideak galtzen ditugu”. 

Bestalde, Iruñerriko herritarrak gogorarazi zuen “UPNrekin baino atzerago egingo duela”. Izan ere, orain arte “lanpostu guztietan hartzen zen kontuan euskararen ezagutza. Dekretua onartuz gero, aldiz, lanpostu batzuetan ez da kontuan hartuko. Hori bai, lanpostu guztietan kontuan hartuko da alemanaren, ingelesaren eta frantsesaren ezagutza”. Azkenik, Erriberako herritar euskaldunak hartu zuen hitza. Gobernua prestatzen ari den dekretu “bidegabearekin” ez duela bat egiten esan zuen. Horrela, aipatu zuen ulertezina egiten zaiola berari eskubide batzuk aitortzea, eta beste herrikide batzuei, ordea, ez. Halere, egoera makurra izanik, Erriberako herritarrak agerian utzi nahi izan du euskararen alde gizarte eragileek egindako ekarpen ikaragarriak.

Justizia soziala, berdintasuna eta kohesioa
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Sarriak esan zuenez, “hemen justizia soziala dago jokoan, bai eta berdintasuna eta kohesioa ere. Gobernuaren dekretu proposamenak horren guztiaren kontra egiten du”. Dekretuak ekarriko dituen atzerapausoak azalduta, PAI legea izan zuen hizpide. Bilbaok adierazi zuenez, “kezkaz ikusten ari gara, nola jartzen ari zaizkion euskarazko hezkuntzari oztopoak, ahalbidetzen den milaka ikasleri lingua navarrorumaren inguruan ezertxo ere ez transmititzea, baina zer-nolako fijazioa dagoen ingelesezko eta euskarazko ereduak kontrajartzeko”. Eta gogora ekarri zuen PAI programa euskarazko irakaskuntzaren garapenari galga jartzeko sortu zela. Horren aurrean, euskal hiztunen diskriminazioa gainditzeko, Nafarroa osoan D ereduko ikasgelak irekitzea eskatu zuen Kontseiluko eledunak.

Deia alderdi politikoei
Ondoren, Kontseiluko eledunak dei egin die alderdi politikoei. Batetik, dekretua eta PAI legea garatzen ari diren alderdiei zuzendu zitzaien: “benetan uste al duzue kohesioa, justizia soziala eta berdintasuna helburu duen politika egin daitekeela milaka nafar alboratuz eta diskriminatuz? Nola ulertu garai bateko gobernuaren politiketatik bereizi nahi izatea, hizkuntza-eskubideen eremuan haien babesa bilatu eta berdin jokatuz gero?” Bilbaok gaineratu zuenez, “hizkuntza eskubideena auzi soziala ere bada, justizia soziala ere bada”.

Korrikan Nafarroako Parlamentuko hainbat alderdik elkarrekin kilometro bat egin zuten. Hartan parte hartu zuten alderdiei Bilbaok euskararen gaiarekin, oinarrizko eskubideez ari garen heinean, presio handiagoa egiten hasteko dei egin zien. “Bada garaia hizkuntza eskubideen eremuan ere gutxieneko batzuk zehazteko, eta gutxieneko horien azpitik ezer erabakiko ez dela segurtatzeko. Bestela, ohartzen ari gara, desadostasunaren aitzakia baliatuz, edozein gauza, edozein erabaki, edozein neurri hartzeko prest egongo direla. Hortaz, lehen esan bezala, partida ez da bukatu” esan zuen.

Bilbao, azkenik, euskal komunitateari zuzendu zitzaion, “lanean jarraituko dugu, beharrezkoa denean kaleak hartuko ditugu. Baina, horretaz aparte, lanean jarraituko dugu herri hau euskaraz bizi ahal izateko hiztunak, tresnak eta espazioak sortzen. Lanean jarraituko dugu, Euskararen legeak 35 urte bete dituen honetan, zonifikazio bidegabearekin bukatu eta Nafarroa osoan euskara ofiziala egingo duen lege baten alde”.  Akaberan, Kontseiluko ordezkariek dei egin dute Gazte Euskaltzaleen Sareak maiatzaren 21ean deitutako Euskara Aurrera manifestazioan parte hartzeko.