Monarkia eta errepublika artean aukeratzeko herri galdeketa

Guaixe 2022ko mai. 13a, 13:34
Errepublikaren bandera. ARTXIBOA

Larunbatean, 10:00etatik 14:00etara, Iortia plazan egonen da hautetsontzia.

Estatuko Monarkia ala Errepublika Herri Kontsultaren Plataformak sustatuta, estatuaren formari buruzko herri galdeketa ez loteslea eginen dute larunbatean. Hautetsontzietako bat Altsasuko Iortia plazan egonen da. Bi sistemetako baten alde botoa eman nahi duenak 10:00etatik 14:00etara pasa beharko du handik. 16 urtetik gorakoek parte har dezakete. 

Galdeketaren plataforma sustatzaileko kideek adierazi dutenez, "gaur egungo biztanle gehienek ez zuten 1978ko Konstituzioa bozkatzeko aukerarik izan; baina bozkatu ahal izan zuenak ez zuen estatu forma aukeratzeko aukerarik izan". Horregatik, sortu dute plataforma hainbat erakundek eta kolektibok, "herritarrek bi aukera horiei buruzko iritzia eman ahal izateko".

Plataformako kideek esan dutenez, "kontsulta hau adierazpen bide bat da, herritarren parte hartzerako bide bat, bai eta egintza demokratiko bat ere, zeinarekin, gainera, dagokigun guztiari buruz erabakitzeko dugun eskubidea baliatzen dugun". Nabarmendu dutenez, larunbateko galdeketa "parte hartze demokratikoko eta herri adierazpenaren jardunaldi handia izango da". Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.