Sunsundeguiko enpresa batzordean gehiengoa duten LAB, ELA eta CCOO sindikatuen agerraldia atzera bota zuten UPNk eta PSNk, antza, UGTk hala eskatuta. Horren aurrean LABeko delegatuek Nafarroako Parlamentuan Sunsundeguiren etorkizunarekin duten kezka azaltzen duen idatzia erregistratu zuten atzo. LABeko kideek diotenez, "lantegiaren etorkizunarekin kezkatuta gaude, enpresan inork ez daki zein diren enpresaren etorkizuneko planak, lan karga faltagatik enplegu erregulazioko espedienteetan gaude, eta ez dakigu etorkizunak zer ekarriko duen, badakigu kaleratzeak egon daitezkeela egoera ez bada aldatzen. Hori ikusita, argi dago norbait gezurretan ari dela eta ez dagoela gardentasunik, plantillan eta eskualdean kezka dago lanpostuen etorkizunaren inguruan". Prentsaren bidez 2022-2027 Bideragarritasun Planaren berri izan dute, baina enpresa batzordeak dokumentu hori ez duela, eta beraz, hura osatzen duten sindikatuek (aipatutakoak eta UGT) ez dakitela ezer zehaztu dute.
LABeko kideek gogorarazi dutenez, "Sodena enpresa publikoak bitan erreskatatu du zuzendaritza eta berriki Cofides funtsaren 8,9 milioi euroko finantzaketa jaso du". Sindikatu abertzaletik nabarmendu dutenez, "Sodenaren finantzazioa plantillaren etengabeko ahaleginen, soldata jaitsieren, soldata izoztearen eta lan baldintzak kaskartzearen mende egon da, baina inoiz ez dio jarraipenik egin zuzendaritzaren kudeaketari". Pasatako zenbait gertakari gogorarazi ditu: "Sodenak Sunsundegui euro baten truke saldu zion gaur egungo zuzendaritzari 2013an, eta zor zituen 30 milioi euro baino gehiago barkatu; bere erabakien pisua, berriz, langileok pairatu dugu. 2013tik ez da ekitaldi bakar bat ere itxi irabaziekin, eta salmenten eta fakturazioaren errekorra izan zen urtean, emaitza 4,5 milioi euro negatibokoa izan zen". Horregatik, LABek Cofidesen finantzaketarekin historia berriro errepikatuko den kezka azaldu du, "Sunsundegui diru publikoarendako hondorik gabeko zuloa izatea ez dugu nahi". Horregatik, LABek Nafarroako Gobernuari "arazoak konpontzeko garaia" heldu dela adierazi dio. Hori dela eta, langileen eskubideak errespetatuko dituen "eraldaketa bat behar dugu, enpresa errentagarri bilakatu behar da aurrean ditugun erronkei aurre egiteko".
Langileez
Sindikatu abertzaleko kideek jakinarazi dutenez, Sunsundeguiko langileek 2020ko irailetik gaur egunera arte Aldi Baterako Enplegu Espedientea (ABEE) "jasan dugu inongo diru konpentsaziorik gabe, behin eta berriz kaleratzeak jasoko dituen ABEE bat aplikatzearekin mehatxatu gaituzte, ABEE hori ez gauzatzeko arrazoi bakarra kalte ordainak egiteko likidezia falta dela azpimarratzen dute". Ziurtatu dutenez, "Egungo egoera lan prekarietatea da, soldata izoztuta eta soldata eskala bikoitzarekin enpresan izandako murrizketen ondorioz".
Delegatuek azaldu dutenez, "Sodenak 2017an lantokia hobetzeko inbertsioak egin arren, enpresaren bideragarritasuna arriskuan jar dezaketen antolaketa arazoek hor jarraitzen dute". Lan osasunari dagokionez, "duela gutxi prentsan esan digute Sunsundegui eredu dela, egiatik oso urrun. Istripuak etengabe daude, hilabete batean 75 izan ziren. Norbera Babesteko Ekipamendurik eza, prestakuntza espezializaturik eza, babesik gabeko makineria, suteen aurkako sistemarik eza eta ebakuazio plan falta, langileak kaleratzeko mehatxu etengabeak. Berdintasun plana falta da... Larriena gaur egun produkzioaren antolaketan erabateko kontrolik eza dagoela, eta gorabehera larriak ematen ari direla". Horregatik, LABek erantzukizunak eta konponbideak eskatu ditu. “Gure lanpostuen etorkizunaren beldur gara. Baldintza duinak nahi ditugu. Konponbidearen parte gara, baina ez digute entzun nahi”, adierazi dute delegatuek.