Futbola

Eromena Altsasun

Guaixe 2022ko mai. 13a, 12:00

Altsasuk Beti Onak taldeari irabazten badio, Erregional mailatik Preferente mailara igoko da

Altsasu Kirol Elkartean pozik, urduri eta ilusionatuta daude. Guztia batera. Izan ere, Altsasu taldea Erregional mailako bigarren kanporaketa jokatzen ari da Beti Onak taldearen kontra, eta larunbatean, Atarrabian bi taldeek bana berdindu eta gero, larunbateko itzulerako partidan erabakiko da guztia. Altsasuk irabaziz gero, talde gorritxoa Preferente mailara igoko litzateke, 30 urte Erregional mailan egon eta gero. Hortaz, partidak ikusmin handia piztu du Altsasun. 

Larunbatean, 18:00etan, jokatuko da partida erabakigarria, eta Altsasu Kirol Elkarteak Altsasu animatzera Dantzalekura joateko eskaera egin die futbolzaleei, animo guztiak beharrezkoak izango baitira.

Lagun Artea eta Etxarri
Lagun Arteak Lehen Maila Autonomikoari eusteko borrokan jarraitzen du. 10. postuan dago, jaitsiera postuetan (40 puntu) eta bi puntura du salbazioa, baina asteburuan atseden jardunaldia dagokio eta horrek bere kontra jo dezake. Etxarri Aranatz taldea, aldiz, sailkapenean 13. da (36 puntu), mailari eusteko postuetan, eta larunbatean, 17:30ean, Lezkairu arerio zuzena hartuko du San Donato zelaian.