Astekaria

CBASK, Nafarroako txapeldun!

Guaixe 2022ko mai. 17a, 13:00

Iker CLaver eta Leire Sayas, CBASK mutilen aurre infantil mailako taldearekin. CBASK

Altsasuko CBASK taldeak mutilen aurre infantil mailako txapelketa mistoa irabazi du, Arenasen kontra azken segundoan garaipena eman zien saskiratzeari esker. Leire Sayas eta Iker Claver entrenatzaileek oraindik ere ezin dute sinetsi

Filmeetan bezala izan zen. Nafarroako Saskibaloi Futbol Federazioko mutilen aurre infantil mailako txapelketa mistoa azken segundoan irabazi zuen Altsasuko CBASK taldeak, Tuterako Arenas taldearen kontra azken segundoan sartutako saskiratzeari esker. Partida horri eta gainontzekoetan egindako lanari esker, Nafarroako txapeldunak dira CBASK taldekoak, merezimendu osoz. Taldearen arrakastaren atzean Iker Claver eta Leire Sayas entrenatzaileak eta CBASK-eko saskibaloi jokalariak daude.

Inplikazio handia
Claverrek eta Sayasek 13 jokalari trebatzen dituzte: Imanol Ramirez, Ioar Oroz, Aratz Sanzol, Kimetz Flores, Joan Lizarraga, Inhar Urteaga, Iker Zamarron, Jurdan Pozo, Nicolas Gabriel, Nikolay Nikolaev, Mauro Lanchares, Aitor Silvestre eta Harri Mitxelena. Ikasturte hasieran hartu zuten taldearen ardura. Txikitatik Ikerrek eta biok saskibaloira jokatu dugu, eta beti esan dugu talde bat entrenatu nahi genuela biok batera. Azkenean aukera sortu zen, aurten hasi ginen eta oso pozik gaude" dio Sayasek. Entrenatzaileak hasiberriak diren aldetik, meritu handiagoa du lortutakoak, eta talde ona dutela ezin daiteke ukatu. "Normalean Iruñeko klubak eta Tuterakoa izaten dira faboritoak. Beti dute aurrekontu handiagoa, baliabide gehiago, jokalari gehiago… baina gure taldeko haurrak saskibaloiarekin guztiz ilusionatuta daude, eta hori asko nabaritzen da. Nire ustez hori izan da txapelketa irabazteko arrazoia. Guk asteazkenetan eta ostiraletan entrenatzen dugu, baina beraiek, euren kabuz, astean zehar beste egun batzuetan ere joaten dira saskibaloian jokatzera, oso gustuko dutelako. Inplikazio handia duen taldea da, euren artean harreman ona duena. Eta hori guztia oso garrantzitsua da, jokatzeko orduan transmititzen delako" azaldu du Claverrek.

Iker Claver: "Saskibaloiarekin guztiz ilusionatuta daude, eta hori asko nabaritzen da"

Fillmeetan bezala
Aurre infantil mailako txapelketa mistoan, lehen fasean zortzi taldek jokatu zuten, eta guztiak guztien kontra lehiatu ziren bi aldiz. "Partida guztiak irabazi genituen, bat izan ezik, Tuterako Arenasen kontra. Arenasen kontrako bi partidetan, bat irabazi eta bestea galdu genuen. Eurek puntu gehiago zituztenez, lehen postua lortu zuten eta gu bigarren sailkatu ginen" dio Claverrek. 
Bigarren fasean, lehen postutik laugarren postura bitartekoen ligaxka jokatu zen. Berriozarren eta Lagunak-en kontrako partida guztiak irabazi zituzten, baina, atzera ere, Arenas izan zen CBASK-en areriorik gogorrena. "Arenasen kontrako lehen partida bi puntutik galdu genuen. Hortaz, bigarren partida bi puntutik edo gehiagotik irabazi behar genuen txapelketa irabazteko. Partida oso borrokatua izan zen, eta bukatzeko zazpi segundoren faltan puntu batetik irabazten ari ginen. Bandatik ateratzea eta saskiratzea, ez genuen beste aukerarik. Eta hala izan zen. Bandatik atera genuen, eta saskiratzea lortu genuen, hirutik irabaziz, 32 eta 29. Sekulakoa izan zen" gogoan du Claverrek.

Urduritasun handiko uneak bizi zituzten Claverrek eta Sayasek, baina merezi izan zuen. "Azken segundoan azken saskia lortu genuen, eta horri esker irabazi genuen liga, oso pozik nago" gaineratzen du Sayasek. Bozina gainean lortu zuten garaipena, zapore hobea duena. "Haur guztiak poz-pozik ikusten dituzu, eta oso polita da" gaineratu du Claverrek. 
Taldeak maiatza bukatu arte entrenatzen jarraituko du. Datorren denboraldian taldea entrenatzen jarraituko ote duten ez dute batere argi. Izan ere, 17 urte dituzte, 18 betetzeko, eta ikasketek erabakiko dute. "Oraindik ez dugu erabakirik hartu, baina oso zaila izanen da guk entrenatzen jarraitzea, agian Leire eta biok kanpora joango garelako ikastera. Alde batetik pena da, haurrei maitasuna hartzen diezulako, baina kanpora ikastera joaten bagara, ezinezkoa litzateke" dio Claverrek.

Leire Sayas: "Azken segundotan sartutako saskiari esker irabazi genuen liga. Oso pozik gaude"

CBASK Jatorman play-offetan murgildua dago
Leire Sayasek juniorren lehen mailako CBASK Albeniz taldean jokatzen du. "Txapelketaren maila altua da. Lehen fasean hamabi taldetik zortzigarrenak sailkatu ginen eta orain bigarren fasean 7. postutik 12. postura bitarteko postuen ligaxkan ari gara jokatzen. Partida bat irabazi dugu, bi galdu eta beste bi geratzen zaizkigu" azaldu du. Larunbatean Arangurenen kontra jokatu zuten Zelandin.

Iker Claver Bigarren Maila Autonomikoko CBASK Jatorman taldeko jokalaria da. Taldearendako denboraldi hau egokitzapenezkoa zen, zenbait jokalarik taldea utzi eta jokalari berriak hastekoa zirelako, baina behetik gora egin du Iosu Mendiolak zuzentzen duen taldeak. "Denboraldi hasieran partida batzuk galdu genituen eta gaizki geundelako ustea zabaldu zen, baina gero ikusi da talde oso ona dugula. Lan gogorrena egin dugu" dio Claverrek. 

Lehen fasean, hamalau taldetatik zazpigarren sailkatu da CBASK Jatorman.  "San Ignacio liderrak 47 puntu ditu eta guk 43, beraz, aldea txikia da". Bigarren fasean lehen eta zortzigarren postuen arteko play-offetan lehiatuko da CBASK Jatorman. Lehen aurkaria lehen fasean bigarren sailkatu den Humiclima taldea da, talde beterano bezain gogorra. Joaneko partida larunbatean jokatu zuten, Zelandin, eta itzulerakoa Berriozarren jokatuko dute. "Oso animatuta gaude. Entrenatzaileak dio lasai jokatzeko, ez dugula ezer galtzeko. Ea Lauko Finaleko txartela lortzen dugun" espero du Claverrek.