Igeriketa

Sakana Igeriketa Taldera batzeko aukera

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 18a, 13:30
Sakana Igeriketa Taldeko igerilariak. UTZITAKOA

Sakana Igeriketa Taldeak 27 urte bete ditu eta datorren denboraldirako taldeko kide izatera gonbidatu ditu sakandarrak. Ekainean despedituko den denboraldiaren balorazio ona egin dute

Maiatzaren erdialdetik aurrera zabaltzen da datorren denboraldiko ikastaroetan eta jardunaldietan izena emateko epea, eta aukeren artean Sakanako Igeriketa Taldea dago.

Sakana Igeriketa Taldea 1995. urtean jaio zen, beste izen batekin: Intxostia Igeriketa Taldea. Irurtzungo igerilekuetan entrenatzen zuten hasieran. "Irurtzunen igerileku instalazio onak dituzte, eta taldea han hasi zen. Arbizuko Kiroldegia egin zenean Arbizun lanean hasi zen Sakana Igeriketa Taldea, eta 2010. urte inguruan Altsasuko Zelandi kiroldegira etorri zen" aipatu du Sakana Igeriketa Taldeko idazkari Karmele Garziandia Mendinuetak.

Mikel Galan urte luzez izan zen taldeko entrenatzailea, hasieratik duela gutxira arte. Urte askoko lanaren ondoren kluba utzi zuen, beste ibilbide bati ekiteko. Azken urte hauetan hainbat entrenatzaile aritu dira Sakana Igeriketa Taldean. Ez baita erraza monitoreak aurkitzea. Prestakuntza duen pertsona behar da, batetik, eta ordutegi prestutasuna, Sakana Igeriketa Taldeko entrenamenduak arratsaldez baitira, eta asteburu askotan txapelketak jokatzen baitira.

Aurten 45 igerilari
Sakana Igeriketa Taldea 45 igerilarik osatzen dute, Sakanako hainbat herrietakoak. Lau taldetan banatuta daude, adinaren eta euren mailaren arabera. Garziandiak azaldu duenez, badaude astean bi ordu, hiru ordu edo lau ordu entrenatzen duten igerilariak eta baita zortzi ordu entrenatzen duenik ere. "Zaila da astero zortzi orduz entrenatzea, neska-mutikoek beste ekintza batzuk ere badituztelako. Horregatik, Sakana Igeriketa Taldean ahal dela igerilarien ordutegira egokitzen saiatzen gara. Helduenen taldekoek gutxienez astean lau ordu igeri egiten dute. Oso gustura etortzen dira entrenatzera, eta norbaitek lehenago atera behar badu, hala izan dadila" gaineratu du Garziandiak.

Igeri egiten ikasteko Altsasuko edo Arbizuko igerileku estalietan udalek antolatutako igeriketa ikastaroak daude. Ikastaro horiek bukatzerakoan igeriketan jarraitu nahi dutenek Sakana Igeriketa Taldean dute tokia. "Aukera hau primerakoa da igeriketan sakondu nahi dutenendako, euren teknika hobetu nahi dutenendako, igeriketa egitea gustuko dutenendako eta lehiatzea gogoko dutenendako. Eta gaztetxoek lehiatzea gogoko dute. Pandemian, txapelketarik gabe haurrak desmotibatuta zeudela nabaritu baikenuen. Beraiendako polita da txapelketetan parte hartzea. Ongi pasatzen dute, giro polita dago eta harreman ona eta talde oso politak egiten dira euren artean, ordu asko baitira" dio Garziandiak.

Karmele Garziandia: "Umeak igeriketa gustuko badu, proba dezala Sakana taldean"

Nolanahi ere, badago soilik entrenatzera doan jendea, txapelketetan aritzen ez dena. Esaterako, triatloilari askok igeriketa alorra Sakana Igeriketa Taldean lantzen dute. "Inor ez da lehiatzera behartzen, baina egia da klub bat garen heinean gure helburuetako bat lehiatzea dela" argi du idazkariak.

Aurten lehorrean entrenatzen hasi dira lehenengoz, astean behin. "Luzaketak egiten dituzte batez ere. Entrenatzaileak dio adin horretan luzaketak egitea oso garrantzitsua dela lesioak ez izateko, eta proposamena gustura hartu dute" azaldu du.

Entrenatu, "buruarekin"
Sakana Igeriketa Taldean aritzeko igeriketa maila handia behar omen dela entzuten da. "Ez da hainbesterako. Lehenengo urteetan teknika hobetu, abiadura hartu, fondoa egin… entrenamendua horretan datza, baina aparteko ezer" dio. Entrenatzen dute, "baina buruarekin. Ez dugu profesionalizatu nahi, ez dugu beste toki batzuetan bezain itsu entrenatzen. Horrek ez du esan nahi gutxiago garenik. Sakana Igeriketa Taldeko igerilariek ondo egiten dute igeri, teknika oso ona dute. Bestalde, gure igerilarietako batzuk marka oso-oso onak dituzte eta Euskal Herriko Txapelketetan parte hartu dute".

Probatzera animatu
Ekainean despedituko dira Nafarroako Kirol Jokoak. Denboraldiaren balorazioa positiboa da. "Umeak kontetu daude, eta hori da garrantzitsuena". Datorren denboraldirako baikor daude, gogotsu. "Kopurua mantentzea gustatuko litzaiguke, nagusienek, 14-16 urtekoek, jarraitzea eta berriak hastea. Bestalde, helduen talde bat sortzea nahiko genuke. Umeak igeriketa gustuko badu, proba dezala Sakanako Igeriketa Taldean aritzera, dei gaitzatela" animatzen du (igeriketataldea@hotmail.com). Igeriketa garapen fisikorako oso garrantzitsua dela gaineratu du, kirol osoa baita. "Adin horietan bizkar arazo asko egoten dira eta igeriketa oso ondo datorkie. Igeriketa oso ona da, ez baitu lesiorik sortzen. Eta ongi pasatuko dute".