Futbola

Altsasu Preferente mailako taldea da

Guaixe 2022ko mai. 16a, 10:20
Altsasuarrek gustura ospatu zuten igoera. ALTSASU K.E.

Igoera faseko bigarren kanporaketako itzuliko partidan Altsasuk 4 eta 1 irabazi zion Beti Onak taldeari lepo beteta zegoen Dantzaleku futbol zelaian

Larunbatean ospakizunek luze jo zuten Altsasun. Ez da gutxiagorako, 30 urteren ondoren Altsasu futbol taldea Preferente mailara itzuli baita. Larunbatean Erregional mailako Igoera faseko bigarren kanporaketako itzuliko partida jokatu zuten Altsasu eta Beti Onak taldeek Dantzalekun. Joaneko partidan bana berdindu eta gero, Dantzalekuk erabaki zuen nor igoko zen mailaz. Ikusmina handia zen eta Dantzaleku bete egin zen. 

Partida hasi eta berehala, zazpigarren minutuan, Asier Salgadok Altsasu aurreratu zuen, futbolzale altsasuarren lasaitasunerako. Bi taldeek lehia estua izan zuten eta lehen zatian parez pare ibili ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu. Atsedenalditik bueltan, bigarren zatia hasi eta 10 minutura Imanol Lobok Beti Onakeko atea zulatu zuen, eta bi minutura Asier Salgadok hirugarrena sartu zuen. Bigarren zatian Altsasu nagusitu zen eta Dantzaleku ospakizun gune bilakatu zen. Nahiz eta 84. minutuan Beti Onak taldeko Ivan Latasak Ekai Urkijo altsasuarrak defendatzen zuen atea zulatu,  Imanol Lobok Altsasuren laugarren gola sartu zuen partida bukatzear zela, 89. minutuan eta hortik aurrera zoramena bizi izan zen Dantzalekun. 

Jokalariek, teknikariek, Altsasu Kirol Elkarteko kideek eta futbolzaleek, guztiek behar bezala ospatu zuten garaipena eta Preferente mailako igoera. Auto karabana zaratatsua jaitsi zen herriraino, eta parranda ordu txikiak arte luzatu zen. 30 urte beranduago, Altsasu Preferente Mailako taldea baita.