Altsasuko udal azpiegiturak "sozializatzeko" dinamika

Guaixe 2022ko mai. 16a, 11:14
Altsasuko Burunda frontoia. ARTXIBOA

Altsasuko Gazte Asanbladak eta Gazte Koordinadora Sozialistak udal azpiegiturekin dituzten "zenbait arazo" mahaigaineratu, eta irtenbideak lortzeko dinamika jarri dute martxan. Asanblada eginen dute maiatzaren 21ean, larunbatean, Foru plazan.  

Sistema kapitalistaren "krisialdi garaian gaudela", azken urteetan egon den pobretze prozesuaren ondorioak direla azaldu dute AGAk eta GKSk elkarlanean plazaratu duten oharrean. Bizitzeko beharrezkoak diren bitartekoak "izugarri garestitzen" diren bitartean, ikasketak eta lan baldintzak "behera" doazela esan dute. Altsasun dauden udal azpiegiturak erabiltzeko "ezintasuna handiagoa" bilakatu dela uste dute, eta "jabetza publikoaren pribatizazio zuzena gertatzen ari da eta errentagarritasunaren izenean justifikatzen saiatzen dira". Espazio publikoen prezioa "modu basatian" igotzen dituztela salatu dute, baita entseatzeko tokiak ukatzen dituztela eta lekuen kalitatea mugatzen dutela ere.

Udal azpiegiturak "kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak" aldarrikatzen dute, eta egoera salatzeko eta irtenbideak bilatzeko dinamika jarri dute martxan bi erakundeek, eta maiatzaren 21ean, larunbatean, 12:00etan, lehenengo asanblada irekia eginen dute plazan. 

Identifikatu dituzten arazo nagusiak:

  1. Udako igerilekuen prezioa.
  2. Kiroletako udal azpiegiturak "oso garestiak".
  3. Gure etxea eraikinaren erabiltzeko zailtasuna.
  4. OTA jartzeko proiektua.
  5. Auzolan taldeak erabiltzen duen bajeraren egoera.
  6. Liburutegia "txiki" geratu da eta ordutegia.
  7. Kultur eta kirol taldeek espazioarekin arazoak.