Kulturalki badira zenbait droga kontsumo gizartean oso normalizatuta daudenak, alkohola kasu. Menpekotasun bat eragiteko faktore bat izan daitekeela esan du Andrea Carrillo Juanbeltz altsasuarrak. Txikitatik jendearen burua "ulertzeko" nahia eta jakin-mina izan duela esan du, "nola funtzionatzen dugun, zergatik funtzionatzen dugun horrela..." eta hemezortzi urterekin ikasketak aukeratu behar zituenean, "krisi" txiki bat izan zuen arren eta "beti zientzien ibilbidetik" ikasi bazuen arren, azkenean Psikologia ikastea erabaki zuen. Hautuarekin "oso pozik" dago. Psikologoak Gizakia Helburu Fundazioaren Aldatu anbulatorioan lan egiten du, adikzioak dituzten pertsonak tratatzen.
Zer da Aldatu?
Gizakia Helburu duela lau hamarkada inguru sortu zuten eta drogen eta adikzioen arloan lan egiten dute. Hasiera batean Komunidadea edo zentro erresidentziala sortu zuten, Lizarran, eta urteekin horren barruan beste programa batzuk eratzen joan dira. Aldatu zentro anbulatorioa da. Jendea gutxi gora behera astean behin joaten da tratamendua egitera. Indibiduala eta taldekoa daude. Fundazioaren barruan ere Suspertu dago eta bertan prebentzioan eta nerabeekin lan egiten dute. Bertan familiekin egoten dira gehiago, nerabeekin eta haien familiekin.
Beharren arabera programa berriak sortu dituzte, ezta?
Gizartean sortzen diren beharren arabera moldatzen gara, eta egokitzapenak garatzen ditugu. Gizartea etengabe aldatzen ari da eta gu aldaketa horien parean goaz.
Zergatik bertan lan egin?
Beti izan ditut gogoko drogen inguruko gai guztiak. Buruan nola funtzionatzen duten, nahasketa horretan zer gertatzen den buruan ulertzea eta abar. Bizitzako egoera gogorrak izan ditut gogoko. Hauek ulertzea eta konpontzen saiatzea. Nerabeen zen troetan lan egin dut, eta psikologia ikasten nengoenean praktikak nerabeen edo drogen arloan egin nahi nituen. Badago jende asko adineko jendearekin eta haurrekin lan egiten duena eta oso gustura dago. Nik gauza gogorrak nahiago ditut. Orduan, praktikak Gizakia Helburun egin nituenez eta masterra ere drogen arloan egin nuenez, praktikak Aldatun egin nituen. Aurretik Aldatu ezagutzen nuen eta pixkanaka sartuz joan nintzen. Bertan ongi lan egiten nuen. Gustatu zitzaien nire lan egiteko modua eta lehen begi kolpeko maitasuna izan zela esan daiteke.
Profesionalki zer ematen dizu?
Profesionalki asko ematen dit beti izan dudalako hori buruan. Nire helburua lortu dut, hemen lan egitea eta arazo horiek dituzten pertsonak laguntzea. Profesionalki lortu nahi nuena egin dut, eta dena ematen dit. Pertsonalki ere asko ematen dit ez delako berdina toki batean lan egitea non ez zauden hain konprometituta edo aberastuta. Oso pozik nago, oso gustura.
Nola egiten duzu lan?
Tratamendu indibidualak eta talde tratamenduak egiten ditut. Nire lankideak eta nik bakoitzak dauzkagu gure erabiltzaileak deitzen ditugunak, bakoitzak bereak, eta gero talde bat gidatzen dugu. Talde desberdinak daude, prozesuaren araberakoak: hasiera batean, motibazio taldea dago, pertsona sartu berria da eta ez daki oso ongi oraindik sustantzia utzi nahi duen edo ez; gero fase hori amaituta autolaguntza deitzen diogun taldea dago, lortutako helburuak mantentzeko taldea eta hor bai bat egin dugu gizartearen aldaketarekin eta urrats nabarmena eman dugu eta izan da talde mistoa zena generoen arabera banatu duguna. Orduan, gizonezkoen taldea eta emakumezkoen taldea dago. Ni emakumeekin lan egiten dut. Azkenean, perfilak oso desberdinak dira. Oso desberdinak dira emakumeon adikzioen jokaera edo gizonenean, eta banaketa hori egin behar zen.
Zeintzuk dira desberdintasun horiek?
"Emakumeek estigma bikoitza dute; bere genero errolarekin apurtu dute"
Gizonezkoen eta emakumezkoen lehenengo desberdintasuna da normalean gizonak laguntza askorekin etortzen direla, familiaz lagunduta. Emakume gehienak bakarrik etortzen dira, eta arazo asko izaten dituzte laguntza izateko. Horren aurrean atentzioa handiagoa izan behar da. Gainera, emakumeok beranduago joaten gara laguntza eskatzera. Normalean, edozein egoeratan emakumeoi laguntza eskatzea gehiago kostatzen zaigu, beraz, kasu hauetan askoz gehiago. Estigma bikoitza dute. Adikzioa duen pertsonak estigma dauka, baina emakumeek gainera beste estigma bat dute; bere genero errolarekin apurtu dute. Emakume bat adikzio batekin okerrago ikusita dago. Orduan, horrek isolamendu handiagoa ekartzen du, arazoa kronikoagoa egitea, laguntza beranduago eskatzea, familiarekin arazoak, haurrak, lana... Psikologikoki hondamena handiagoa da eta egoera gehiago konplikatzen da.
Zenbat pertsonarekin aritzen zara?
Bakoitzak hogei eta 26 pertsona artean hartzen ditugu. Urtean zehar, tristea da, baina pertsona asko etortzen dira; 130 bat inguru izan daitezke. Alta eta bajen artean tarte horretan ibiltzen gara anbulatorioan. Komunidadean beste datu batzuk izango dituzte. Aipatutako estigmenagatik emakume askoz gutxiago etortzen dira. %20 inguru emakumeak dira eta %80 gizonak. Kulturagatik emakume gehiago omen daude menpekotasun batekin, baina gehiago etorri beharko ziren. Etortzen direnak baino gehiago daude.
Nola iristen dira Aldatura? Nola hartzen dute erabakia?
"Aldatura etortzeko erabakia normalean ez da norberarena"
Erabaki hori normalean ez da pertsonarena izaten. Batzuek bai ikusten dute arazo bat dutela eta Gizakia Helburu entzuna dutenez, etortzen dira beren erabakiagatik. Koordinazio lan handia egiten dugu, eta buru osasun zerbitzutik jende asko etortzen da. Baina gehienetan familiak bultzatuta etortzen dira.
Horrek prozesua zaildu egiten du?
Bai, motibazio handiarekin landu behar dugu.
Zenbat denbora egoten dira tratamenduan?
"Zenbat iraungo duen izan ohi da egiten duten lehenengo galdera"
Hori da egiten duten lehenengo galdera. Baina denbora esatea oso zaila da. Nik esaten diet buruan izateko urte bat izango dela. Gutxiago izan daiteke, baina buruan urte bat izateko. Jende asko urte bat eta erdi egoten da, beste batzuk urte bat baino gutxiago. Menpekotasunaren araberakoa izaten da. Jende asko oso motibatuta etortzen da, arazo askorekin, eta nahi duena da arazoei aurre egitea. Beste batzuk etortzen dira tratamendu erresidentziala bukatu dutela, bederatzi hilabetekoa dela, eta Aldatura birgizarteratze fasea egitera. Gutxi gora behera sei hilabete egoten dira.
Baina Aldatura joateko ez da zertan erresidentzian egon.
Bi sarrera daude: asko erresidentziatik sartzen dira birgizarteratze edo bizitzara itzultzeko prozesu hori egiteko eta badago jendea etortzen dena buru osasun zerbitzutik, arlo judizialetik edo kartzelatik ordezko tratamendua delakoa egitera, familiak bultzatuta ere jendea asko etortzen da... Bizitza normala egiten dute, baina anbulatoriora zita indibidualak eta taldekakoak egitera etortzen dira. Gerta liteke arazo oso handia izatea eta anbulatoriotik sartu eta bertan zenbait hilabete egon ondoren erresidentzian sartu behar dena.
Zenbatekoak izaten dira saioak?
Anbulatorioan astean behin saio indibidualak eta taldekako saioak izaten dira. Gero beharren araberako mediku zerbitzua dago, zerbitzu soziolaborala lana bilatzen laguntzeko eta abar. Zerbitzu oso osoa da.
Arrisku egoerak bizi izan dituzu?
Biolentzia kasuak, egia esan, ez ditut bizi. Ez dugu seguritate zerbitzurik zentroan ez ditugu lako egoera horiek bizitzen. Arau oso indartsu bat dugu, kontsumituta ez etortzea. Behintzat zitara. Sustantzia kontsumitu ondoren ordu bat pasata gutxienez. Sustantziaren arabera ezin da zita ongi egin. Asko kontsumo aktiboarekin etorzten dira oraindik, eta saiatzen gara goizean goizeko orduetan etortzea kontsumoa ahalik eta txikiena izateko. Horrek laguntzen du pertsona geroz eta hobeto egoteko hitzorduetan, eta horrelako gauzak ez gertatzea. Horrelako egoerak gertatzen badira, polizia deitu baino gehiago, anbulantziari deitzen diogu. Laguntza eskatzera etortzen den jendea da, eta agian ingresatu behar dira. Suizidio arriskuekin ere etortzen dira batzuk, eta kasu horietan larrialdiekin koordinazio lana egiten dugu. Biolentzia baino gehiago horrelako kasuak izaten ditugu. Pertsonak mugako egoeretan etortzen dira.
Bitxikeria gisa, talde tratamenduak filmetan ikusten diren bezalakoak dira?
Ez. Ez handi bat, gainera. Jende asko galdera horrekin etortzen da. "Pelikuletan bezala izango da eta nire izena esan beharko dut eta gertatzen zaidana kontatu beharko dut...". Ez. Talde oso jatorrak dira. Jendea oso prest dago. Talde irekiak dira, eta hori oso ona da beti daudelako taldea egiten. Prozesu desberdinetan dagoen jendea topatzen da, eta orduan denbora asko daramatenak denbora gutxi daramatenekin elkartzen dira. Guztiak batera egoten dira, eta taldeari kutsu berezia ematen dio. Taldeak talde egiten du. Beraiekin profesional bat egoten da, nire lankideak edo ni, eta taldearen arabera gai batzuk plazaratzen ditugu. Gizonezkoen taldean gai batzuk, beharren arabera eta abstinentzia mantentzeko gaiak, eta emakumezkoen taldean beste gai batzuk proposatzen ditugu eta jorratzen ditugu. Baina, bai, erakusten duten oso desberdina da. Probatu behar da ezagutzeko.
ADIKZIOAK
Zein sustantziarekiko menpekotasuna ikusten duzue gehien?
"Momentu batean gaude non adikzioen mundua asko aldatzen ari den"
Gehiena, eta kulturak zerikusi handia dauka horretan, alkohola da. Ehuneko handiena alkohola da. Kokainak ere ehuneko nahiko handia du, eta azken aldian kanabisaren adikzioa ere handitu da. Jokoak ere hor badaude. Momentu batean gaude non adikzioen mundua asko aldatzen ari den. Adikzioak gurera datoz sortzen direnetik eta urtera. Orduan, orain aldaketa hori bizitzen ari gara. Gauzak ateratzen hasi dira. Sustantzia guztiengatik etortzen dira; speed, MDMA, ketamina... Baina gehiena alkohola.
Jokoa eta teknologia berriekiko menpekotasuna drogamenpekotasunarekin alderatzen dute. Horrela da?
Edozein adikzioren jokaera prozesua berdina da. Ondorioak pertsonaren eta sustantziaren edo jokoaren arabera aldatzen dira, baina portaerazko prozesua berdina da eta tratamenduak berdintsuak dira. Jokoarengatik adikzio kasuak agertzen ari dira. Oso ohikoa da, gehienbat gazteengan, menpekotasun askorekin etortzea. Ez bakarrik jokoa; eta denak zaku berdinean. Hori oso zaila da pixkanaka joan behar zarelako. Badira kasuak ere sustantzia batekin arazo batekin datozenak, alkoholarekin esaterako, baina oraindik menpekotasuna garatu ez dutenak. Orduan, pertsona horri kontsumoa kontrolatua eta ondo edaten erakusten diogu.
Adikzioen artean badago hobe kudeatu daitekeena?
Faktore asko daude, eta faktoreak desberdinak dira pertsonaren arabera. Jokaera aldetik oso berdintsuak dira, baina pertsonaren arabera desberdin eragiten dute pertsona guztiak ez garelako berdinak. Pertsona asko hasieratik irekitzen ausartzen dira eta lana, kakots artean, errazagoa da, eta beste pertsona batzuek lehenengo pausua motibazioa dela eta sustantzia uzteko nahia hori dute, baina beste batzuek sei hilabete behar dute uzteko eta gehiago kostatzen zaie irekitzea. Guztiak zailak edo guztiak errazak dira, pertsonaren arabera.
Zeintzuk dira menpekotasun bat identifikatzeko kontuan izan beharrekoak?
Sustantzia hori behar duela sentitzen duenean, oso nabaria da beste gauzak edo gustuko dituzten gauza batzuk alde batera uzten dituztelako, isolatzen hasten dira, eta sustantziaren beharra handitzen da. Geroz eta gehiago behar dute. Kontsumitzean lortzen zuten hasierako funtzio hori betetzeko geroz eta gehiago behar dute. Bizitzaren erdigunea bihurtzen da.
Behin tratamendua amaitu ondoren, berrerorikoak egoten dira?
"Saiatzen garena da pertsonak norberaren adikzioaren kudeaketa izatea"
Guztiz sendatzea utopia da. Saiatzen gara pertsonari erakusten bere adikzioa kudeatzen. Oxala sendatzeko makiltxo magikoa izatea eta magiaren bidez pertsona sendatzea. Baina saiatzen garena lortzen da pertsonak haien menpekotasunaren erabilera kudeatzea. Modu horretan berreroriko horiek geroz eta gutxiago izango dira. Tratamenduaren helburua hori da. Askotan berrerorikoak tratamenduaren bitartean izaten dira, eta hori ongi etor daiteke landu daitezkeelako arrisku egoerak. Beste batzuetan gerta liteke tratamendua oso ongi joan, eta, azkenean, berreroriko bat izatea. Helburua da hauek oso puntualak izatea eta dituenean laguntza eskatzea. Horrek esan nahi du prozesuaren beste puntu batean dagoela.
Zein adineko jendea joaten da?
Suspertun, nerabeen zentroan, 18 eta 21 urte bitarteko jendearekin lan egiten dute. Diagnostikoa egiten dute eta lehenengo urte horietan arazoa nolakoa den begiratzen dute. Hortik aurrera Aldatun eta zentro erresidentzialean 70 urtetik gora arte. Ez dago mugarik, egia esan. Bataz bestekoa 30 eta 40 urte bitartean dago. Adin ohikoenak horiek izaten dira.
Zer ondorio psikologiko eragin ditzake edozein menpekotasunak?
Gehienetan etortzen dira depresio batekin, antsietate askorekin, buru osasunerako arazo askorekin, brote psikiatrikoekin... Gazteak etortzen dira gehienbat broteekin. Ondorioak asko dira. Mediku zerbitzua dugu eta askotan medikazioaren beharra daukagu. Behintzat, hasierako urratsetan. Gero ikusten badugu diagnostikoa, depresioa, antsietatea edo brote psikiatrikoak izan, sustantziarekin agertzen dela eta behin sustantzia kentzerakoan ez dagoela, orduan medikazioa kentzen zaizkie eta pertsonak horiei aurre egiteko errekurtsoak ditu. Sustantziak tapoi antzeko bat egiten du eta tapoia kentzerakoan agertzen da dena eta puzzle bat bezala osatzen joan behar zara. Hor ikusten ditugu beharrak.
Gerta liteke aurretik buru gaixotasun horiek izatea eta horregatik drogak kontsumitzea, eta kontsumitzean arazo horiek areagotzea?
Hori da. Dena oso nahasita dago. Helburua da drogak, sustantzia edo adikzioa kentzea eta gero ikusi zer gelditzen den eta pertsona egonkortzen joan. Zaila da. Hasieran dena oso nahasita dago eta ez dakizu depresioa sustantziagatik den edo horrek handitu egin dizun... Hori guztia ikusi behar da eta horregatik oso garrantzitsua da zerbitzuen arteko koordinazioa. Tratamendua ahalik eta hobekien egiteko.
Drogamenpekotasunak oso estereotipatuak daude.
Estereotipo eta estigma asko daude oraindik. Uste duguna baino normalagoa da adikzio bat garatzea. Faktore asko daude eragiten dituztenak. Ez da gauza bakarra. Ez da alkoholikoaren dugun irudi hori. Azkenean, faktore asko nahasten dira eta faktore koktel horren ondorioa batzuetan adikzio bat garatzea da, eta beste batzuetan ez. Izaera eta izaera garatzeko modua, zer sustantzia den, testuingurua, familia... Gauza asko daude. Biologia ere sartzen da jokoan. Faktore asko daude eta edonork garatu dezake. Potentziala edonork dugu. Gainera, kulturak azkenean bultzatzen gaitu; alkoholarekin, esaterako. Beste arrisku faktore bat da.
Gizarteak zer egin behar du adikzioen aurrean?
"Normalizatu behar da; jendeak laguntza behar duenean eskatu behar du"
Guk uste dugu hoberena normalizatzea dela. Bai adikzioa bai buru gaixotasunak edonork eduki ditzakegu, eta gauza da arazoa edukita eta identifikatuta laguntza eskatzera joatean lehen bailehen ondorioak gutxitzeko. Normalizatzen bada gizartean adizkizioen arloan arazo bat edukitzea, pertsona azkarrago joango da laguntza eskatzera. Ez da hain arraroa adikzio bat izatea, sustantziak daude, alkohola dago... Gertatu daiteke eta horretarako laguntza dago. Jendeak laguntza behar duenean eskatu behar du. Garrantzitsuena, beraz, normalizatzea da. Behar dugu gizarte gisa adikzioen arazoa azaleratzea, pentsatzen dena baino askoz normalagoa delako. Ez da ezer gertatzen, gainera azken urtetan daramagun kaosarekin are normalagoa da bakoitzak ahal izan duen moduan kudeatu duelako eta kulturalki kontsumoa oso normalizatua dagoelako. Orduan, oso erraza da. Beraz, mezua da normalizatu behar dela eta laguntza eskatu behar dela.
PANDEMIA
Nolakoak izan dira pandemia bi urte hauek fundazioan?
Nahiko astunak eta latzak izan dira, egia esan. Guk ez genuen itxi. Komunitateak lanean jarraitu zuen eta Aldatun ere telematikoki jarraitu genuen. Desberdina izan zen. Zer gertatu zen? Zer eragin zuen gehienbat konfinamenduak? Adikzio askorendako hobe izan zen eten egin zirelako, baina beste asko handitu egin ziren eta tratamenduan zegoen jendea momentu horretan bukatzen ari zena, orain itzultzen ari dira adikzioa areagotu zaielako. Agian momentura arte ez zuten horren arazorik, baina adikzioa handitu zaie eta orain etortzen ari dira laguntza eskatzera.
Pandemiaren eraginez jende gehiago joaten ari dela nabaritu duzue?
Adikzioak eragiteko beste faktore bat da orain. Despuntea izaten ari da orain. Beste gauza batzuk egon daitezke ere, bakoitzak bere bizitzan arazoak ditu, baina faktore komun bat izan da pandemia.