Uda eta ikasturte berrirako udal eskaintza

Guaixe 2022ko mai. 19a, 09:01

Aisiaz blai eskaintza udan izanen da atzera ere. ARTXIBOA

Altsasuko Gazteria, Ludoteka, Kirol eta Musika Zerbitzuen eskaintza ezagutarazi du udalak. Aisialdi eskaintzarako izena emtaea maiatzaren 25ean amaituko da, kirol eskaintzarena garagarrilaren 8an. 

Altsasuko lau udal zerbitzuk udarako eta heldu den ikasturterako prestatu duten eskaintza ezagutarazi du Altsasuko Udalak. Zerbitzuek eskaintza biltzen duen liburuxka Altsasuko Udaleko webgunean kontsultatu daiteke, eta ikastetxeen bidez familiengana ere iritsiko da. Udako aisialdi eskaintzarako izen ematea gaur hasi eta hilaren 25era arte egonen da zabalik; gazteria eta kirol eskoletakoa garagarrilaren 8ra arte luzatuko da. Izena ematea 948 012 012 telefonora deituz edo udaleko web orriaren bidez egin daiteke.

Lau zerbitzuetako arduradunek gurasoei gogorarazi dietenez, “haur eta nerabe osasuntsuak izan nahi baditugu funtsezkoa da mugitzea eta kirola egitea, fruta eta barazki asko jatea eta koipe eta azukreen kontsumoa murriztea. Hori pentsatzera animatzen zaituztegu, erosketak egiten diren momentuan”. Bide batez, zerbitzuetako ordezkariek azpimarratu dute jardueren garapena COVID-19k sortutako pandemiaren eta osasun krisiaren inguruan hartzen dituzten neurrien mende egongo direla.

Aisiaz blai
Familia bizitza eta lana bateragarria egin nahi du udalak ikasturte akaberarako egindako eskaintza, garagarrilaren 22, 23, 27, 28 eta 30ean eta garilaren 1ean garatuko dena, 08:30etik 13:30era. Txantxari udal ludotekan egonen dira izena ematen duten 3 eta 12 urte arteko haurrak (2010 eta 2019 urteen artean jaiotakoak). 

Bestalde, 4 eta 12 urte arteko (2010-2018) haurrendako aisialdi eskaintza egin du Altsasuko Udalak udako bi hilabetetarako. Garilean, astegunetan, 09:30etik 13:00etara izanen da. Agorrilean, berriz, 10:00etatik 13:00etara izango da ordutegia. Bai garilean bai agorrilean hamabostaldika izena emateko aukera badago. 

Gazteria 
Intxostiapunta gazte guneak udako ordutegia garagarrilaren 6an hartuko du, irailaren 23ra arte. Bitarte horretan gazte gunean astegunetan 18:00etatik 20:00etara egonen da zabalik. Bestalde, gazteendako informazio gunean arreta zerbitzua  07:30etik 15:00etara izanen da. 

Udari begira Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak lau programa prestatu ditu. Batetik, Udagazte, 12 eta 16 urte arteko gazteendako. Garilaren 11tik 22ra izanen da, 10:00etatik 13:00etara. Izen ematean ordaindu beharrekoa errentaren araberakoa izango dira. Gehienez, errenta ez bada aurkeztu nahi, 26,6 eurokoa izango da.

Bestetik, Gazteria Zerbitzuak Ur festa Goxoa antolatu du garilaren 12rako. Dantzalekuko igerilekuan eginen den jarduera hori 21:00etan hasi eta 24:00etan despedituko da. Parte hartzea dohainik da. Horrekin batera, Donostiako hondartzara irteera antolatu du garilaren 27rako. 10:30ean joanen dira eta 19:30ean bueltatu. Aukera baliatu nahi duenak 3 euro ordaindu beharko ditu. Azkenik, Gu Geu Gazte programa dago, aniztasun funtzionalak dituzten gaztendako zuzenduta dagoena. Garilaren 4 tik 29ra izanen da, 17:00etatik 20:00etara. Horretan ere kuota errentaren araberakoa da. Gazteria Zerbitzuarne eskaintzari buruzko informazioa nahi duenak Intxostiapunta@altsasu.net edo Gazteria@altsasu.net e-posta helbideetara edo 948 564 785 eta 608 617 778 (arratsaldez) telefono zenbakietara hots egin dezake. 

Musika eta Dantza Eskola 
Altsasuko Udalaren Musika eta Dantza Eskolan 2022-2023 ikasturtean hurrengo 3 urtetik gorako umeendako musika eta 5 urtetik gorakoendako euskal dantzak eskaintzen ditu. Honako musika ikasketak egin daitezke: kantua, txistua, gaita, alboka, akordeoia, trikitixa, klarinetea, biolina, gitarra, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, tronboia, bonbardinoa, tronpeta, tuba, saxofoia, zeharkako txirula, pianoa eta perkusioa. Matrikula familiaren errentaren araberakoa izanen da. Gainera, familiek hobariak eskuratzeko aukera izanen dute. 

Kirolak 
Altsasuarrek ikasturte zehar kirola edo jarduera fisikoa erregulartasunez egiteko helburuz, eskaintza zabala prestatu du Altsasuko Udalak. Hark banatutako liburuxkan heldu den ikasturtean Altsasun izanen diren 13 kirol eskolen eskaintzaren berri dago eta haietan izena emateko epea garagarrilaren 8ra artekoa da. Udalak kirol klubekin hitzarmenak sinatu ondoren, honako kirolak praktikatzeko aukera izanen da 2022-2023 ikasturtean: atletismoa, taekwondoa, gimnasia erritmikoa, yoseikanbudoa, tenisa, mahai-tenisa, saskibaloia, futbola, irristaketa, txirrindularitza, pilota, emakumezkoen pala eta erremontea. Azken hori da berritasuna, pilota eskolaren barruan eskainiko dena, 13 eta 15 urte arteko neska-mutilendako ostiraletan, 16:00etatik 18:00etara, Burunda pilotalekuan. Igeriketa egin nahi dutenek Atabo S.L.ren igeriketa ikastaroan edo Sakana Igeriketa klubean izena eman beharko dute.

Kirol eskaintza egitean “helburu nagusietako bat maskulinizatuagoak diren kiroletan emakumezkoen parte hartzea handitzea eta sendotzea da”. Hori dela eta, emakumezkoen bi pala talde eskainiko dira berriro, baita emakumezkoen esku pilota taldea ere. “Horregatik guztiagatik, neskak frontoira probatzera eta parte hartzera animatzen ditugu, pilota eskolan emakumeen parte-hartzea sendotzen jarraitzeko”. Era berean, 2011-2013 eta 2007-2010 urteen artean jaiotako neskendako futbol eskaintza egiten da atzera ere. “Helburua, pilota eskolaren antzekoa da, gure neskek antzeko adineko neskekin futbolean jolastea eta gozatzea da. Parte hartzera animatzen zaitugu 8 futbol talde bat eta 11 emakumezkoen futbol talde bat sendotu ahal izateko”.

Kirol eskolez aparte bada ariketa fisikoa egiteko aukera ere. Udalak jarduera anitzeko eskaintza (2011 eta 2015 urteen artean jaiotakoei) eta gazteen erronka (2007-2010) eskaintzen ditu Zelandi gunean. Gazteen erronkak hainbat jarduera uztartzen ditu (ziklo-indorra, gimnasioa, igerilekua, zirkuituak, eta abar). “Jarduera horiek pediatriako arloarekin koordinatuta daude, eta kirol eskolen eskaintza osatzen dute, beste jarduera fisiko batzuk eskainiz eta kirol eskolek bezala bizimodu osasungarria eta aktiboa sustatuz”.

Zelandi
Udal kiroldegiak igeriketa ikastaro trinkoak hartuko ditu garagarrilaren 6tik 17rako astegunetan. Hiru ordutegi izanen dira: 15:30, 16:15 eta 17:00 Izen ematea 948 012 012 telefonoan egin daiteke hilaren 25etik 31ra. Parte hartzaileen maila (zuria, grisa, horia eta laranja) ezagutzeko garagarrilaren 2an eta 3an maila probak eginen dituzte. Kiroldegiko bazkideek 35 euro ordaindu beharko dituzte, bazkide ez direnek 60. Kiroldegiko arduradunek gogorarazi dutenez, igerileku klimatizatuen gunea itxita egongo da garilean eta agorrilean. Gimnasioa, aldiz, irekita egongo da, agorrileko lehen hamabostaldia barne.

Bestalde, Dantzalekuko igerilekuak garagarrilaren 20an zabalduko ditu ateak eta agorrilaren 30ean itxi. Eguneko sarreren prezioak honakoak dira: 4,6 euro 3 eta 15 urte artekoendako, 6,2 euro 16 eta 64 urte artekoendako eta prezio bera 65 urtetik gorakoendako. Udako sasoirako txartelaren prezioak, berriz, honakoak dira: 45 euro 3 eta 15 urte artekoendako, 55 euro 16 eta 64 urte artekoendako eta prezio bera 50 euro urtetik gorakoendako. Informazio gehiago nahi dutenek Harrera@ataboaltsasu.com edo www.zelandikirolgunea.com e-posta helbideetara idatzi edo 948 562 786 telefono zenbakietara idatzi behar dute.