Zelai kaleko 80. zenbakiko beheko partean itxiera ekitaldi bat egiteko asmoa zuen Peio Bergara Garciak ostegunean. 83 urteko ibilbidearen ondoren aitak han bertan zabaldutako zurgindegi-ebanisteriak, gerora altzari denda bilakatu zena, betiko itxi zituen ateak ostegunean. "Hemendik aurrera bidaiatzea eta kirola niretako lehentasuna izanen dira. Avilesko duatloian Europako txapelketarako sailkatu nintzen duela hiru aste. Bilbon irailean Europako txapelketa jokatuko da eta Espainia ordezkatuko dut. Eta entrenatzen segituko dut eta ea lortzen dudan Ibizako heldu den urteko mundialerako sailkatzea", azaldu du atzo arte altzari saltzailea zena eta kirolzale porrokatua denak. Osasuna, gozatzea eta bidaiatzea, horiek ditu buruan. Lokalari eutsiko dio familiak. Atzeko partean baratza ere badu eta han ere aritu nahi du Bergarak. "Gainera, orain udalak aukera eman du merkataritza lokalak izandakoak etxebizitza bihurtzeko. Aukera bat da. Lurraren mailan dago, atzean baratza".
Zelai kaleko hainbat oroitzapen ditu Bergarak: kale hasierako iturri nagusia, arbolak (akaziak, intxaurrondoak, haritzak, zume negartiak…) edota iturri txikia ganbela edo aska zuena eta auzoko etxeetako abereek partekatzen zutena (behiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak…). Bergarak azaldu duenez, Zelaipuntan, Ollerosoro parajean (egungo Josefina Arregi klinikan), buztina zegoen eta han eltzeak egiten ziren. Toki berean, larraina eta gari-jotzailea zegoen eta txikitan han ibiltzen ziren.
Dendari buruz esan duenez, "negozio politak dira jende askorekin zaudelako, jende asko ezagutzen duzulako. Jendearekin harreman zuzen estuko negozio eredua ezagutu dugu guk". Joan den mendeko 60., 70. eta 80. hamarkadetan Altsasura etorritakoak ditu gogoan Bergarak. "Bertako jendeari saltzen zenion eta eskura ordaintzen zuten. Orduan, 60. eta 70. hamarkadetan, modan jarri zen epeka erostearena. 'Ahal duzunean ordainduko didazu'. Horretarako konfiantza zegoen. Bezeroarekin tratua oso atsegina zen saltzaile eta eroslearen artean lotura zegoen. Orain hotzagoa da, harreman hura faltan sumatzen da. Lehen baino indibidualismo handiagoa dago orain". Bergarak nabarmendu duenez, jende askok aita Señor Nicolas gisa gogoratzen du, "ez handia zelako. Baizik eta askori lagundu zielako. Esker onagatik. Dirurik gabe etortzen zen jendea zen, eta aitak esaten zien: ahal duzunean pagatuko didazu".
Aitaz
Nicolas Bergara, "lehengo eran" 15 urterekin zurgin-mutil hasi zen eta ofizioa ikasi ondoren, 1939an zurgindegi-ebanisteria zabaldu zuen etxe azpiko lokalean. Zura landu eta altzariak egiten aritu zen Nicolas: haritzezko bankuak, etxe sarrerako gaztainondozko altzariak… "Etxe osoak hartzen zituztenez, etxearen egitura zena egiten zuen, zutabeak eta habeak, eta ondoren etxea altzariz jantzi", azaldu du Bergarak. "Guztia eskuz egiten zuten, ez orain bezala", gaineratu du. Nicolasek ere zurgin eta ebanista ofizioa erakatsi zien beste zurgin-mutil batzuei. Ordurako hormigoi armatuan oinarritutako eraikuntza zabaldua zen eta eraikuntza lana jaitsi zitzaien zurginei. Ofizio horrekin 33 urte eman zituen, 1972ra arte; zurgin lanak egiteari utzi eta altzariak saltzeko denda jartzea erabaki zuen. Zurgindegia zena altzari denda gisa berritu zuen.
Urte hartan bertan, 16 urterekin, Bergarak Altsasuko institutuan egindako ikasketak despeditu zituen. "Ikasten segitu nezakeen, edo aitarekin altzari dendan lanean hasi. Hori zen planteamendua eta aitarekin gelditu nintzen". Aita-semeak elkarrekin 17 urtez lan egin zuten, 1989ra arte, Nicolas jubilatu zen arte. Aitak bezala, Bergarak ere 50 urte eman ditu lokal berean lanean.
Lokala altzarien inguruan izan diren aldaketen lekukoa izan da: lehenik altzariak eraikitzen ikusi zuen, gero altzariak saltzen ziren eta, azken joera, norberak altzariak muntatzea da. Bergararenean hainbat altzari zituzten, baina baita altzari katalogoak ere, haiek ikuskatu eta eskatu ahal izateko. Haiek altzari klasikoa landu dute batez ere. Horiek "adin bat zutenek" erosten zituzten, "haritza edo intxaurrondoz egindako altzariak garestiak dira". Hala ere, dendaren eskaintzan altzari xumeagoak ere bazituzten. "Azken partean gaztaina eta haritza lantzen zuten altzari enpresak desagertzen joan dira. Orain Ikea estiloko altzariak dira nagusi, xumeagoa, merkeagoa. Askoz ere erabilgarriagoak dira: lau kontu eta sofa. Lehen etxe guztietan haritzezko liburutegi klasikoa zegoen. Logelan gaur egun hankadun somierra, koltxoia eta kitto. Lehen, ordea, ohea, gau-mahaiak, komoda, ispilua… Aldatu egin da". Dendari ohiak azaldu duenez, "herriko merkataritzak garai hartan askoz gehiago saltzen zuen". Bergararen iritziz, "gaur egungo gazteen eros ahalmena ez baita garai batekoen bera. Lehen diru gehiago erabiltzen zen eta etxe guztietan altzari onak ezagutu ditugu, gaztainaz, haritzez eginak. Orain, ordea, guztiak kontratxapatuak dira".
"Europa etorbidea"
Bergararen arabera hala omen zen garai baten Zelai kalea, bertatik, N-1 errepidea pasatzen baitzen. "Jendea asko pasatzen zen. Kaleko janari dendek gehien saltzen zuten egunak asteburuan zen. Urbasara joaten ziren Gipuzkoako bezero ugari izan ditugu. Gelditu eta begiratu egiten zuten. Garai batean Idiazabal, Segura, Zegamara asko saldu zen". 1982ko azaroaren akaberan saihesbidea mustu zen, eta Altsasu erditik egunero 10.000 bat ibilgailuk pasatzeari utzi zioten. "Nabaritu zen hainbeste jende ez zela pasatzen eta jaitsiera izan eta merkataritzak pixka bat sufritu zuen". Baina halako trafikorik ez egotean segurtasunean irabazi zuten. Izan ere, ibilgailuek oinezkoak harrapatu eta altsasuarrak ere hil zituztela gogoratu du Bergarak.
Zelai kalearen garai bateko merkataritza muskuluaren adierazgarri, Bergarak bere 66 urtetan kalean ezagutu dituen establezimenduen zerrenda osatu du. 98 dira. Zerrenda aletzen hasi eta auzoko nagusienei aitortza egin nahi izan die: Jose Bergera (1925), Vicente Tobar (1929) eta Lola Hernando (1930). Lagun minei ere: Kontxi "la ferretera", Maria Gasi Lezea "la modista", Pedro eta Santi Zelaia, Aurita, Juan Cruz Bengoetxea eta Conchi, Tere Larrea, Kontxi "la francesa" eta Jose Luis Fernandez de Garaialde y Lazkano "el herrero", Bergarak ere beste leku batzuetatik etorritako familiei, Extremadurakoak gehien bat, "estimu handitan" ditu: Vitori Cid, Brigida Fernandez, Josefa Morcillo, Luisa Notario, Victoria Juanez eta abar. Bergarak familiari "mugagabeko eskertza" adierazi dio, bereziki aitari.