Afizionatuen mailako bigarren urtea du aurtengoa Iker Mintegi Claver altsasuarrak (Laboral Kutxa) eta pozik egoteko arrazoi asko ditu, maiatzaren 15ean afizionatuen mailako bere lehen garaipena lortu baitzuen, Urbasa Txirrindularitza Taldeak antolatutako X. Iturmendi Trofeoa. Lehen garaipena lortzeko egoten den presio hori gainditu du, bada, altsasuarrak. "Lana ongi egitearen emaitza da. Denbora asko neraman irabazi gabe, eta pozik nago" azaldu du Mintegik.
Ez zuen denboraldi hasiera ona izan, otsailean Essor Basquen erorikoa izan eta eskumuturrean haustura egin zuelako. "Horrek denboraldia aldatzea ekarri zuen. Erorikoa izan eta bi egunetara arrabolean hasi nintzen lanean, baina errepidean hasi nintzenerako hiru aste pasa ziren. Dena den, ordutik egindako lanari esker gutxika galdutako maila hori berreskuratu dut, lasterketen erritmoa, bereziki, eta orain pozik nago ematen ari naizen mailarekin" azaldu du.
Maiatzaren 8an Natxituan jokatutako Euskadiko Txapelketan hirugarren sailkatu zen Mintegi, esprintean, eta aurretik Bidasoako Itzulian lan ona egin zuen. Bidasoako bigarren etapan hamaikagarren sailkatu zen eta hirugarrenean zazpigarren. Sailkapen orokorrean hemezortzigarren izan zen, kontentu egoteko modukoa. "Lehenengo egunean zulatua izan nuen, pena, sailkapen orokorrari begira hor galdu bainuen denbora gehien, baina, egia esan, pozik Bidasoan izandako sentsazioekin eta lasterketan ongi aurkitu izanarekin" aipatu du.
Iturmendi, "oso azkarra"
Iker Mintegik Iturmendin borobildu zuen aurreko asteetatik su eztitan sukaldatzen ari zena. Iturmendi Trofeoak aurten ibilbide berria zuen. Antolakuntzak zirkuitu bat prestatu zuen, Altamira portua hartzen zuena, eta zirkuitu horri zortzi itzuli eman behar izan zizkioten txirrindulariek. "Oso lasterketa azkarra izan zen, eta uneoro norbaitek aurrera egin nahi zuen. Haizeak asko gogortu zuen lasterketa, eta etengabe ihesaldiak egon ziren, baina tropelak ihes egindakoak harrapatu eta guztia berriz hasten zen zerotik. Azkenean, txirrindularitza talde batek aurrera egin genuen, aldea hartu, eta hortik aurrera erasoaldiak gure artean hasi ziren" kontatu du Mintegik. Txirrindularien abiadura ikusgarria izan zen, Altamira ziztu bizian nola jaisten zuten. "Egia esan, afizionatuen maila nahiko ona da eta azkar joan ginen, bai. Gezurra badirudi ere, ihesaldiak sortzea kosta egin zen, tropelak zuen abiadurarengatik" gaineratu du.
Azkenean bederatzikote bat geratu zen aurrean, Mintegi eta Laboral Kutxa bere taldeko beste hiru txirrindulari barru, eta euren artean erabaki zen garaipena. "Azken bueltan Altamira aurretik Unai Zubeldia taldekideak erasoa jo zuen, baina Urdiainera iristen,Viscofango aldapatxo horretan harrapatu genuen. Hor nik jo nuen erasoa eta helmugaraino zuzen joan nintzen" azaldu du. Joan zen urtean Igor Arrieta gailendu zen Iturmendin eta aurten Iker Mintegik, beste sakandar batek hartu du lekukoa. "Pozik, dena etxean geratzen delako" dio Mintegik.
Garaipena lortu izateagatik pozik dago, "bereziki hor egiteko gaitasuna duzula ikusteagatik. Aurrean egoteko aukera izan nuen eta ondo erantzun nuen, baina hau bide luzea eta zaila da eta lanean jarraitu beharra dago" oso argi du.
Nafarroako Itzulia, Sakanan
Mintegik igandean LI. Urrakiko Igoera jokatuko zuen Azpeitian, aldi berean Gipuzkoako Txapelketa izan zena, eta bihar hasi eta larunbatean despedituko den Nafarroako Itzulia da bere hurrengo helburua. Lau etapa gogor dira, Zangoza, Kaseda-Izaba, Lekunberri-San Cristobal gaina eta Iruñea. "Larunbateko etapa Sakanatik pasako da. Lekunberritik Madotz igo, Etxeberrira heldu, eta Uharte Arakildik San Migel igoko da, 20. kilometroan. Oso gogorra egingo zaigu, gero etapa luzea dugulako aurretik –Uitzi, Usategieta, Markalain...– San Cristobal gainean bukatu baino lehen. Baina saiatuko gara" ez du zalantzarik.