Foruzainen eraso sexista salatu dute

Guaixe 2022ko mai. 24a, 10:48

Eraso sexisten kontrako irudia.

Bi neska* gaztek jasan zuten joan den astean. Errefailak eta Bilgune Feministak babesa adierazi diete erasotutakoei.

Errefailak eta Sakanako Bilgune Feministak egin dute salaketa ohar bidez. Azaldu dutenez, “Altsasuko bi neska* gaztek Foruzaingoaren bi agenteren aldetik eraso sexista jasan” zuten joan den astean. Bi erakundeek azaldu dutenez, “oraindik ere kaleetan neska* gazteok eraso sexistak, begirada lizunak, gure gorputzen hipersexualizazioa eta bestelako erasoak jasan behar izaten ditugu”.   Halakoez “aski” dela nabarmendu dute. Salatutako erasoari dagokionez, Sakanako feministek esan dutenez, “poliziak ez gaitu babesten eta autodefentsa feministaz erantzungo diegu erasoei”. 

Bi erakundeetako kideak kritiko agertu dira “neska* gazteon segurtasuna aitzakia erabilita, arazoaren errora jotzen ez duten ‘neurriak’ hartu” izanarekin. Horien artean zerrendatu dituzte: poliziaren presentzia areagotzea, “gure segurtasuna etengabeko jarraipenen bitartez bermatzea saltzen diguten mugikorretako aplikazioek duten gizarte onarpena, kaleetan jarritako segurtasun kamerak… Horren guztiaren aurrean neska* gazteek “gure buruak autodefentsa feministaren bidez ahaldundu eta erasoen aurreko erantzun kolektiboak aldarrikatu eta egin beharko ditugu, gizartean errotiko eraldaketa bat lortzera bidean”. 

Neska* gazteak “bizigarria den bizia” aldarrikatu dute. “Badakigu sistema honetan ezinezkoa dela”. Horregatik, “saretu, antolatu eta gure artean zaintzera” dei egin dute. Hau da, antolakuntza feministarako deia egin dute.