Astekaria

Koadrilen prozesuko ondorioak ezagutarazi ditu gazte asanbladak

Guaixe 2022ko eka. 1a, 14:02

Altsasuko Gazte Asanbladak koadrilen prozesuaeren ondorioak Iortia kultur gunean aurkeztu zituen. @AltsasukoGA

Herriko 14 eta 32 urte arteko gazteen artean inkesta zabaldu zuen Altsasuko Gazte Asanbladak. Ikasketei, lan merkatuari, aisialdiari eta gaztetxe eta gazte asanbladari buruz gazteek dituzten iritziak jaso dituzte.

Gaztetxeaz eta gazte asanbladaren egin beharrez hausnartu ondoren, Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) bere burua "gazte problematika ematen den esparru guztietan antolakuntza hedatzeko tresna gisa definitu" zuen, "Altsasuko gazte langile guztiak asanbladan barnebildu nahi ditugu". AGAk herriko gazteek ikasketak, lan merkatua eta etxebizitza arloetan dituzten beharren analisia egiteko eta gazteek gaztetxeaz eta gazte asanbladaz duten iritzia ezagutzeko koadrilen prozesuari ekin zion 2021eko martxoan. 1990 eta 2008 urteen artean jaiotako koadrilen artean inkesta zabaldu zuten eta 292 erantzun jaso zituzten. Pandemiaren testuinguruan egindako lanketa horretan AGAk onartu du ez dela gazte guztiengana iritsi. Prozesuak emandakoa Hamaika arazo, erro bakarra. Gazte langileok lehen lerrora txostenean jaso du. Hura apirilaren 2an aurkeztu zuen eta koadrilen artean zabaltzen ari da orain. 

Testuingurua 
AGAko kideen iritziz, "krisi kapitalistaren testuinguruaren baitan ulertu behar dugu gure gaur egungo bizitza. COVID-19aren aitzakiarekin akumulazio prozesu berri bat hasteko egoera ezin hobea aurkitu du burgesiak. Miseria bizitzaren geroz eta esparru gehiagotara hedatzen ari da, aurretik askotan errotuta zegoen". Argi dute: "Ongizate Estatua posible egin duten baldintza ekonomiko eta arrazoi politikoen desagerpenarekin batera, berau desagertze prozesuan murgilduta dago. Gure gurasoek izan duten bizi eredua geroz eta urrunago ageri zaigu belaunaldi gazteoi". Bestalde, "etekinak eta etengabeko hazkundea oinarrian daukan sistemak" eragindako ekologia krisia ere ez dute begi bistatik galdu. Burgesiak ekonomia eta politika boterea eusteko langile klasearen kontrako oldarraldia hainbat modutan egiten ari dela ziurtatu dute. Politikari profesionalak kritikatu ondoren, "instituzio kapitalistetatik kanpo antolakuntza hedatzeko garaiak" direla adierazi dute.

Asanbladakoen iritziz, "krisi garai honetan gazteengan ezartzen ari den bizimodua etorkizuneko bizi ereduaren lehen zantzu bezala ageri zaigu". Eta bi esparru nabarmendu dituzte. Batetik, arlo ekonomikoan gazteria "subjektu debaluatu" izatea (lan prekarizatuak eta aldi baterakoak, soldata debaluatuak eta langabezia…). Bestetik, "arlo kulturalean gazteria datorkion etorkizun gordinerako diziplina jartzen ari dira (errepresioaren gorakada, bizi eredu despolitizatuaren sustatzea, hezkuntzaren bitartez ematen den interbentzioa…)".

Ikasketak
Aurreko analisiaren zantzuak ikusten dituzte AGAkoek hezkuntzan: teknologia berrien gorakada, kontrolaren gorakada, zerbitzu publikoaren prezioaren gorakada, hezkuntzaren garestitzea, autoritarismoaren gorakada, hezkuntzaren kalitatearen beherakada… Gainera, "hezkuntzaren garestitze orokor bat dago, langile klasearen ikasteko aukerak murrizten dituena. Hezkuntza estatuaren aparatu bat denez, sistema kapitalistan ematen diren balore, jarrera, ideologia, zapalkuntzak… ematen dira ere hezkuntzan. Esaterako, indibidualtasuna, lehiakortasuna, edota autoritarismoa". 

Sakanako Ikasle Abertzaleak egindako inkesta bat aipatu du AGAk. Han jaso zenez, ikasleen %48,93 klase partikularretara joan dira. Haietatik %97,1 ikastetxean lantzen ez den edukia eta ematen den materia ulertzeko joaten da aparteko eskolak hartzera. AGAtik gehitu dutenez, badira "elitizazioaren" ondorioz soilik gainditzeko ez, baizik eta nota altuena ateratzeko aparteko eskolak hartzen dituztenak ere. "Eta hor sartzen da ere gurasoen ikasketekiko figura autoritarioa". AGAren txostenean ibarrean dagoen Lanbide Heziketa eskaintza "urria" eta euskaraz ikasteko aukera eskasak nabarmendu dituzte. Eta zehaztu dutenez, Sakanatik kanpo ikasteak hilabeteko bataz beste 460 euro balio du.

Lan merkatua
Esparru horretan AGAko kideek honako egoera zehaztu dute: "subjektu debaluatua da gazteria. Lan indar debaluatua, lan baldintza prekarizatuak, soldata debaluatuak, aldi baterako lanak, lan arriskuak, langabezia…" Inkestak bete dituztenen %87ak Sakanako batez besteko soldata baino gutxiago jasotzen du (2019an 25.297 euro). Gazteen soldataren debaluaziorako hiru mekanismo zerrendatu dituzte: ikasketa dualak, kontraturik gabeko lanaldiak eta praktika kontratuak. Zehaztu dutenez, enpresetan praktikak egin dituztenen %76k ez du soldatarik jaso. Bide batez, soldaten genero arrakala salatu dute. 

AGAkoek azaldu dutenez, aldi baterako lanek gazteengan sortzen duten "errealitate ekonomiko ezegonkorra" nabarmendu dute, horrek gazteen "bizi ereduan eragin zuzena duelako. Ekonomia ezegonkortasunean bizitzeak eta soldata debaluatuak izateak familia eta instituzioekiko ekonomia dependentziara garamatza, gure etxebizitza propioa edukitzea eragotziz". 

Nabarmendu dutenez, aldi baterako lan kontratu gehien sinatzen dituztenak emakumezkoak eta pertsona migratuak dira. Bestalde, aipatu dute gazteen ehuneko handi bat langabezian egoten dira heldu izan aurretik. "Erreserba armada horrek, soldaten igoera blokeatzeaz aparte, akumulazio fase berri bat abiaraztekotan beharrezko lan indarra edukitzea dakar, eta horregatik da garrantzitsua beti langileriaren zati bat erreserban edukitzea. Hau da, langabezia estrukturala da, eta garaiaren arabera erreserbako armadaren kideak handitu edo txikitzen dira". 

Etxebizitza 
Gazte asanbladakoek azaldu dutenez, "lan merkatuak bizitzeko behar besteko dirurik ematen ez digunez, pobrezia estrukturala da gazteon bizitzen ezaugarri nagusia". Eta, horregatik, familiarekiko ekonomia dependentzia dutela azpimarratu dute. Inkesta erantzun dutenen %28 bakarrik bizi daiteke bere diru sarreretatik eta %55 nagusiki edo esklusiboki beste batzuen diru sarreretatik bizi da. Horrek gazteen emantzipazioa zailtzen duela eta "geroz eta denbora gehiagoz etxebizitza familiarrean bizitzera kondenatzen gaitu". Inkesta bete duten gazteen %65a familiaren etxebizitzan bizi da eta %80,7ari etxetik joatea gustatuko litzaioke. "Aipagarria da %48,2ak ez duela etxetik joatea lehentasun gisa hartzen, segur aski, ezartzen zaigun bizi eredu pobreak horretan pentsatzea ere ezinezkoa bihurtzen duelako". Bide batez, AGAk salatu du "sistema kapitalistan etxebizitza merkantzia gisa ageri" dela, "guztion ongizatea bermatuko duen eskubide bat izatetik urrun, eta merkatuaren logikan integraturik, soilik dirua duena izan daiteke eskubide horren jabe". Eta makina bat etxe hutsik daudela eta jendea kalean bizitzen dagoela gaineratu dute. 

Aisialdia
AGAkoek gazteen aisialdia "dinamika kapitalistaren baitan" ikusi dute, "lan edota ikasketa prozesuaren osagarri bezala ageri zaigu aisialdia gazteoi. Gainera, ez daukagu gure aisialdiaren gaineko kontrolik, enpresa pribatuek edota instituzioek kudeatzen dute, gu aisialdi eredu horren kontsumitzaile hutsak bihurtuz". Zehaztu dutenez, "gazteon aisialdian zentraltasun gehien hartzen duen sozializazio esparrua juerga da. Frustrazioak kanalizatzeko espazio adierazgarriena dugu (alkohol eta drogen kontsumoaren bitartez) baita ere gure behar afektibo eta sozialak asetzea bilatzen dugu eta jendea kontsumitzeko produktu bihurtzen da. Horren arabera ere estatus sozial bat bilatzen da (gehien ligatzen duena, lagun gehiago dituena…)". Horren ondorioz, "inposatutako genero rolen erreprodukziorako erreminta baliagarriena da; normalean ez ditugun jarrerak azaleratzen baitira jai giroan eta gure arteko harremanak biolentoagoak dira. Horren adierazle nabarmenena, erasoak gauzatzeko testuinguru paregabea sortzen dela izango litzateke".

Herriak aisialdirako espazioak izanik ere, "arazoa horien eskuragarritasunean dago. Alde batetik, publikoak diren azpiegiturak ordaindu behar ditugu eta, bestetik, eskatzen ditugunean, milaka traba burokratiko jartzen zaizkigu. Beraz, 'publikoak' badira ere, ez daude guztion eskura eta geroz eta pribatizatuagoak daudela ikus dezakegu". Bestetik, ordaindu gabeko eta instituzioetatik kanpo gazteek beraien aisialdia kudeatzeko beharra ere azalarazi da. Premiazkoa da, bizitzako beste esparruetan bezala, gazte langileok aisialdi eredu kapitalistari kontrajarriko zaion aisialdi eredu propioa garatzen hastea, langileon interesei erantzungo diona". Sozializazioari dagokionez, norbere koadrilaz aparte, beste gazteekin harremanak izatea "garrantzitsu" jo dute, "gazteon artean antolakuntza hauspotuko duen komunitatea sortzeko". 

Gaztetxeaz eta gazte asanbladaz
Koadrilen prozesua Altsasuko gazteriaren eta gazte asanbladaren artean "hutsune" bat sumatzen zuelako abiarazi zuen AGAk: "orokorrean, gazte asanbladaren jarduna ongi eta beharrezkoa ikusten da, baina bertan parte hartzeko eta antolatzeko arazo nabarmena dago". Inkestetako erantzun askotan AGA "talde itxi eta arrotz" gisa antzematen dutela esan dute gazteek. AGAtik gaineratu dutenez, "jende askok ez du bere egiten gazte asanblada eta gaztetxea, edota planteamenduak ez dira gazteengana iristen". AGAtik azaldu dutenez, prozesu bera "itxi" irudi horretatik ateratzeko lehen ahalegina da. "Gainera beharrezkoa dela gure helburuak betetzeko. Oso baliagarria izan da guretako kritikak irakurtzea. Ildo beretik, pintxo poteen erronka antolatu dugu, gaztetxearekiko hurbiltasuna izateko asmoz". Beste antolakuntza forma baten bidez AGAn ahalik eta gazte gehien barnebildu nahi dituzte. Horregatik, ekonomia, komunikazioa, sozializazio, azpiegitura… taldeak sortu dituzte, "bakoitzaren konpromiso eta ezagutza mailen arabera" parte hartzeko aukera izan dezaten gazteek. Mahai gainean dute aldian behin Gazte Batzarrak deitzea, ahalik eta zabalenak izan daitezen eta asteazkenetan, 19:30ean, gaztetxean egiten diren asanbladetara joan ezin dutenei tokia egiteko. 

AGAko kideek azaldu dutenez, "gizarte hau aldatu nahi badugu, kolektiboki antolatu behar gara, indibidualki ez baitugu ezer lortuko. Gazteok interes komunak ditugu eta horiek soilik gure artean antolatuz lortuko ditugu". Gaineratu dutenez, "kapitalismoaren logiketatik kanpo, balore kolektiboak bultzatuz, elkar laguntzazkoak, euskaltzaleak, balore askatzaileak…" lantzen eta "gazteria aktibatzen, antolatzen eta borrokarako tresnak ematen" segitu nahi dute, "gazteriaren beharrak asetzeko tresna izan behar gara".