Atletismoa

I. Alzheimer Herri Lasterketari harrera bikaina

Guaixe 2022ko mai. 31a, 10:30

Belaunaldi ezberdinetako sakandarrek parte hartu zuten Josefina Arregi I. Alzheimer Herri Lasterketan.

Ia 500 pertsonek parte hartu zuten Felipe Lezea Fundazioak Dantzaleku Sakana eta Josefina Arregi Klinikaren Lagunak Elkartearekin elkarlanean antolatutako  I. Alzheimer Herri Lasterketan

Aurreikuspenak gainditu ziren. Hori nabarmendu zuen behin eta berriz Felipe Lezea Fundazioko presidente Joseba Arregik. Fundazioak Dantzaleku Sakana atletismo klubarekin eta Josefina Arregi Klinikaren Lagunak Elkartearekin elkarlanean antolatutako I. Alzheimer Herri Lasterketa arrakasta itzela izan zen. “Zure oroitzapenak zeharkatzen” lelopean antolatutako proba ez lehiakorrean 481 pertsonek parte hartu zuten guztira, batzuk 8 km zituen oinezko martxan, eta besteak 9,5 km zituen herri lasterketan. Lasterketaren helburu nagusiak Alzheimer gaixotasuna gizarteratzea, kirola eta ohitura osasungarriak sustatzea eta Josefina Arregi Klinika laguntzea ziren. “Altsasu, Sakana eta Nafarroaren erantzunak gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu” azaldu zuen Joseba Arreguik. 

Maiatzaren 22ko bero sapari aurre eginez, lehendabizi oinezko martxa abiatu zen Josefina Arregi Klinikatik, 11:00etan, Sakanako Trikitixa Eskolako trikitilarien doinuak lagun. Familia osoak ikus zitezkeen bertan, belaunaldi ezberdinak elkarrekin, Altsasuko kale eta txokoak lasterketarako propio sortutako kamiseta berdez koloreztatuz. Besteak beste, Otadia, Basomutur, Larrezabal, Ulaiar Txiki, Murgilarte eta Baikolar lotu zituen martxak, ibilbide polita, harrera ona izan zuena. Eguerdian herri lasterketan parte hartu zuten korrikalariak abiatu ziren klinikatik. Herri guneari guztiek batera buelta ezberdina egin ondoren,  hilerri parean hasi zen benetako lasterketa eta hortik aurrera oinezkoen ibilbide berbera osatu zuten korrikalariek. Proba ez lehiakorra zenez, ez zen sailkapenik egin. 

Lasterketa eta martxa klinikaren kanpoaldean despeditu ziren, eta Irantzu Gonzalez dantza eskolako talde batek Alzehimerraren inguruan sortutako koreografia bat eskaini zien partaide guztiei. Bukaeran, parte hartzaileen artean opariak zozketatu ziren eta auzatea izan zen. Ekitaldian ere klinikako langileek aitortza jaso zuten. 

Bildutakoa
Proban parte hartu zuten korrikalari eta martxistek 10 euroko ekarpena egin zuten, eta trukean kamiseta jaso zuten opari. Ekimenarekin jasotakoa, 5.000 euro inguru, Josefina Arregi Klinikako eguneko zentroan egin nahi diren handitze eta berrikuntza lanak aurrera eramateko bideratuko dira. Aipatu lanak aurrera ateratzeko Nafarroako Gobernuari diru laguntza eskatu zaio, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bidez, eta erantzunaren zain daude. Lan horiek ez badira gauzatzen, jasotakoa klinikako erizaintza, terapia okupazionaleko eta fisioterapiako osasun ekipamendua berritzera bideratuko da. 

Dantzaleku Sakana klubekoak ere pozik zeuden lasterketak izandako erantzunarekin. Lasterketako koordinatzaile Peio Bergarak azaldu zuenez, 25 boluntario inguru aritu ziren lanean guztia antolatzeko, eta babesle eta laguntzaileei euren eskerrik beroenak eman zizkien.