Astekaria

Kontzertu erraldoia

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mai. 31a, 11:19

Altsasu BHIko DBH 3D klasea eta musika irakasleak musika gelan, kontzertuaren aurretik entseguan argazkirako atsedena egiten

Covid-19 birusaren pandemiaren eraginez bi urteko etenaldiaren ondoren, Altsasuko institutuko DBH lehenengo eta hirugarren mailako ikasleek kontzertu erraldoia egin zuten ostiralean, Altsasuko Iortia zabalgunean.

"Aspaldiko" kontua da Altsasu BHIk antolatzen duen kontzertu erraldoia. Duela hogei urtekoa. "Joxean Zabalo deitutako musika irakaslea zegoen eta bera harremanetan jarri zen beste ikastetxetako irakasleekin eta haien artean erabaki zuten kontzertu erraldoi hau martxan jartzea", kontatu du Iñigo Aldunate institutuko musika irakasleak. Lau ikastetxek parte hartu zuten lehenengo kontzertu horietan: Leitza, Lekaroz, Doneztebe eta Altsasu. Kontzertuak lau herritan egiten ziren. "Ni duela hamar urte inguru etorri nintzen eta kontu horrekin jarraitu genuen, ikastetxeak aldatu ziren". Aldunate Iruñerriko ikastetxetan ibilia zen, eta haiekin antolatzen hasi ziren. "Urtero" jarraitu izan dute, pandemia iritsi arte. Ostirlean, bi urteko etenaldiaren ondoren, kontzertua eman zuten.

Bereziak
"Pandemia etorri zenean denok gelditu behar izan genuen, etxetik lan egin behar izan genuen, eta garai horretarako kontzertua martxan zegoen". Abenduan hasten dira koordinazio lanetan, abestiak aukeratzen eta abar. "Orduan egin genuena izan zen ikasleak etxetik kanta bat prestatu txirularekin, abesten edo dantzatzen, grabatu eta bideo guztiak batera eman". 2021ean ere ikasturtea "oso baldintzatuta" egon zen eta institutuko musika gela "nahiko zabala denez eta aireztatuta dagoenez" txirula jotzen jarraitu zuten. "Gutxiago, baina jo izan dugu". Hala ere, kontzertu erraldoia egitea ezinezkoa zen gela desberdinak elkartzea debekatuta zegoelako, "beste ikastetxekin elkartzea zer esanik ez". Kontzertua egin zuten, baina baldintza horietara egokituta kontzertua: "Talde bakoitzak kanta bat presatu zuen eta grabatu genuen". Zuzeneko faltsuan eskaini zuten Internet bidez.

Emanaldiaren xedeetako bat ikasleek helburu edota erronka bat izatea da

2021-2022 ikasturtea hasi zenean oraindik Covid-19agatik neurria eta baldintza batzuk zeuden, eta jende guztiak arituko zituztela esaten zuen arren, "kontua berandutu zen eta horregatik ezin izan dugu beste ikastetxe batzuekin antolatu eta guk bakarrik egingo dugu". Inorekin elkartu gabe, orkestra "nahiko" erraldoia osatu zuten: 250 ikaslek parte hartu zuten 2022ko Altsasu institutuko kontzertu erraldoian; DBH lehenengo mailako zazpi talde eta DBH hirugarren mailako bost talde.

Gelan ikasitako guztiak lekua du: txirula, ahotsa, gorputz perkusioa, musika tresnak...

Ikasleek txirula jotzen dute, gorputz perkusioa egiten dute, abesten dute eta haize instrumentuen eta zenbait instrumentuen laguntza dute ere, esaterako, baxu elektrikoa edo bateria. Kontzertu erraldoia "helburu bat da". Musika gelan egiten duen guztiak kontzertuan "bere lekua" duela azaldu du Aldunatek. Kontzertua DBH lehenengo mailakoek hasi zuten eta hiru kanta eginen dituzte, ondoren hirugarren mailakoek bi kanta eskaini zituzten eta azkeneko kantak guztiek batera joko zituzten. Guztira, bederatzi kanta izango dira. "Gauzak egitean zerbait buruan duzu. Erronka bat. Esango nuke oso gustura ari direla, oso motibatuta". Egun hauetan nork ez du entzun kaletik ibiltzen txirularen doinua? "Etxean entseatzen dute ongi egin nahi dutelako".

Abestiak aukeratzeko orduan bi irizpide izan dituzte kontuan: denbora eta zailtasuna. Kantak buruz ikasi behar dituzte eta horregatik errazak izan behar dute. Gainera, mailaren araberako zaitaltasuna dago ere. Denbora mugatua izan dute kantak prestatzeko, azken unera arte ez dutelako jakin kontzertua egingo zuten edo ez. Bestetik, ikasturtean zehar ikasitako abestien artean ikasleei hautatzeko aukera ematen diete, nahiz eta "guk nahiko ongi badakigun zer nahi duten".

Musika ikasketak
Espainiako Gobernua prestatzen ari den LOMLOE hezkuntza erreforman kontzertu erraldoia bezalako proiektuek "garrantzia handia" hartuko dutela azaldu du Aldunatek. Proiektuak beste irakasgaiekin antolatu daiteke ere, eta hori da erreforma honekin sustatu nahi dutena. "Aspalditik ari gara egiten eta orain hezkuntzak horretara behartzen gaitu. Lana errekonozitzen dute". Musikari dagokionez ez daude aldaketa handirik, mantentzen baitira irakasgaiaren orduak.

Erlazionatuak

Emanaldi arrakastatsua

Guaixe 2022 mai 30 Altsasu