Kultura kudeaketaren erronkak eztabaidagai

Guaixe 2022ko eka. 2a, 11:39

VIII. Kultur Kudeatzaileen Topaketen mustutze ekitaldia. KUNA

Maiatzaren 19an VIII. Kultura Kudeatzeko Topaketak egin ziren Altsasuko Iortia kultur gunean. Bilkura hau KUNAk Nafarroako Kultura Kudeaketaren Profesionalen Elkarteak antolatu zuen Nafarroako Gobernuaren Kultura sailarekin batera.

Gizarte digitala, ikus-entzunezkoen garrantzia, publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana eta kulturaren eraginaren inguruan eztabaidatu zuten, besteak beste, Iortia kultur gunean egin zituzten Kultura Kudeatzeko Topaketen zortzigarren edizioan. Ekimena KUNA elkarteak antolatu zuen, Nafarroako kultur kudeatzaileak biltzen dituen elkarteak, eta ehun bat kultur kudeatzailek parte hartu zuten. Angel García Carreño KUNAko presidenteak, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol saileko kontseilariak eta Javier Ollo Martínez Altsasuko alkateak parte hartu zuten mustutze ekitaldian.


Angel García Carreño KUNAko presidentea, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol saileko kontseilaria eta Javier Ollo Martínez Altsasuko alkatea. KUNA

Topaketen helburua Nafarroako kultur kudeatzaileen profila sortzea dela esan zuen Garcíak, baita gaur egungo aldaketen paradigmaren konpetentziak bilatu ere: "Digitalizazioaren garapena, kultur kontsumoa eta sarean lan egitea". Esnaolak kultura gizartean "ezinbestekoa" dela esan zuen, eta Iortia kultur gunearen "papera" goraipatu zuen. Ollok ere Altsasuko kultur gunearen "lan handia" nabarmendu zuen, eta topaketak Altsasun egitea eskertu zuen.

Hitzaldiak
Post pandemian kulturaren garrantziaren inguruan hitz egin zuen Diego S. Garrocho Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Jakintzaren Ikerketa eta Transferentziako dekanordeak. Azaldu zuenez, pandemiak kulturaren sarrera "pantaila mundu" batean eraldatu du, eta "tekonofobo" izan gabe, kultura "teknologiarik gabe" eraiki behar dela ondorioztatu zuen. Lehenengo hitzaldiaren ondoren, Garrochok Marcos García Alonso kultur kudeatzaile eta kontsultorearekin eta Xián Rodríguez Autonomia Erkidegotako Kooperazio Kulturalaren Zuzendari ordezkoarekin mahai ingurua egin zuen. Bertan kultura berrikuntzarako eta gizarte aldaketarako motorea dela esan zuten. Gainera, kultura kudeaketaren ikuspuntu desberdinei buruz eztabaidatu zuten, baita publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana ezinbestekoa dela ere. Mahai inguruan "herri inguruaren" garrantzia goraipatu zuten

Marcos García Alonsok kultura komunitate digitalean sustatzearen garrantziaz hitz egin zuen. Hortaz, digitalizazio horrek eraldaketa sozialerako izan behar duela azaldu zuen, "plataformetan profil bat egitea baino gehiago".


Mahai ingurua. KUNA

Topaketen bigarren zatian Leticia Morales Mugimenduaren eta Dantzaren terapian trebatuta dagoen psikologoak performancea egin zuen. Ondoren, Rosa García Loirek, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Klusterraren presidenteak, eta Itziar García Zubirik, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Ekoizle eta Profesionalen elkarteko presidenteak, zinema kultur kudeatzaile bezala goraipatu zuten. Esan zutenaren arabera, zinema bi munduen artean mugitzen da, industria eta artea, eta erregistro historikoa eta soziologikoa ere bada. Film jaialdian eta Nafarroan sortu den Navarra Film Industry-aren inguruan ere hitz egin zuten.

Galderak
Julia Juániz zinemagileak eta Espainiako Zineman Arte eta Zientzien Akademiako kideak bere bizitza zinema dela esan zuen: "Nire irudimenarekin nahi dudana egin dezaket". Instituzioek jendea kulturan hezi behar dutela azaldu zuen, haurretik hasita. Bide honetan, zenbait galdera planteatu zituen: "Ikus-entzunezkoa lengoaia berri bat bada, zergatik ez da zinemaren historia irakasten haurrak pantailekin hezten ari badira? Politikariek zergatik diote beldur kulturari? Zergatik da Espainiako Kultura eta Kirol Ministeritza, kirola beste gauza bat bada?".