Udalak 101.534,42 euroko inbertsioei bide eman die

Guaixe 2022ko eka. 8a, 09:02

Intxaurrondo plazako putzua kentzeko lanak eginen ditu udalak. UTZITAKOA

Altsasuko Udalak lau kale konponketa egin, haur eskolako patioko zorua hobetu, Lanen Zerbitzuari  Linea Berdea aplikazioaren bidez gorabeheren berri emateko hainbat aurrekontu moldaketa onartu ditu.

Altsasuko Udalak aurten lau kale hobetzeko lanak eginen ditu. Lan horietara 86.535,86 euro (BEZa barne) bideratu ditu. San Pedroko bidea kalearen 35 eta 43 zenbakien parean autoak aparkatzen dituzte. Han ere hondakinak jasotzeko edukiontziak daude eta, batzuetan, langileek haiek mugitzeko lanak dituzte. Izan ere, lurrean hondatutako kaskailua dago. 25 metroko luzeran hura asfaltatzeko udalak 12.642,11 euro bideratuko ditu (BEZa barne). Hobetuko den beste kale bat Frontoiko zeharbidea da. San Joan kaletik zeharbideko 6. etxe zenbakiraino tartean saneamendu sarea konponduko da. Izan ere, gaur dagoen kanalizazioa behar baino txikiagoa da eta horrek arazoak sortzen ditu ur beltzak bideratzean. Horiek konpontzeko kanalizazio berria, hodi zabalagoekin eginen da, San Joan kaleko saneamendu putzuarekin bat eginen duena. Lan horren kostua 50.243,07 eurokoa da (BEZa barne). Hirugarren hobetze lana Intxaurrondo plazaren iparraldean eginen da. Han ura hartzeko elementurik ez dagoenez, euria egiten duenetan putzu handia sortzen da, horrek oinezkoei eragozpenak sortzen dizkie. Baina behean ere aparkalekua dago. Horri konponbidea emateko 12.754,9 euro bideratuko ditu udalak, (BEZa barne).

Azkenik, Erkuden kalearen 12. zenbakiaren parean, 375 m2-ko azaleran asfaltoa berrituko da 21.827,75 euroko inbertsioa eginez (BEZa barne). Bestetik, zebrabideak margotu eta bestelako lanak egiteko udalak 20.000 euro aurreikusi ditu. 

Bestalde, Altsasuko Udalak Txirinbulo haur eskolan hiru lan egiteko dirulaguntza eskatu zion Nafarroako Gobernuari: barruko korridorea egokitzea, egonaldi eremuak sortzeko, patioko hareatza belar sintetikoagatik aldatzea eta patioan zoru irristagaitza jartzea, horrela urratu gutxiago sortzeko. Hezkuntza Departamentuak azken lan horretarako laguntza eman dio udalari, 2.364,82 euro. Lanak 10.983,56 euroko aurrekontua du (BEZa barne). Udalak lana diruzaintzako gerakinaren bidez finantzatuko du.

Horretaz aparte, altsasuarrek aurki Linea Berdea eskura izanen dute. Telefonoko aplikazio edo udalaren webgunean jarriko den atalaren bidez, herritarrek Lanen Zerbitzuari gorabeheren berri emateko aukera izanen dute. Horretara, udalak 4.015 euro (BEZ barne) bideratu ditu. 

Azkenik, Altsasuko Udalak abeltzaintza eta baso azpiegiturekin lotutako bi lan eman ditu. Batetik, Basomutur bidea edo Maibelo bidea asfaltatzeko lanak Lakita, S.A. enpresari eman dizkio 53.290,18 euroren (BEZ kanpo) truke. Bestetik, Azunzarte eta Zezenagako itxitura despeditzeko kontratua Fermin Santesteban Elizalderi sinatu du, 11.737 euroren (BEZa barne) truke. Horretaz aparte, udalak Excavaciones Macia SM-ri emandi dio San Juan ermitaren inguruko hesia berritzeko kontratua eta bigarren zubiaren ondoan eta Otadiko bidean, Uzkullu errekaren ondoan, bi hesi berri jartzeko kontratua 21.700 eurorengatik (BEZa kanpo).