Badaude zenbaki batzuk ez direla besteak bezalakoak. Esan nahi gehiago dutenak. Horietako bat da 25 zenbakia. Egunero ez baitira 25 edizio betetzen. Hori da Barranka Txirrindulari Taldeak antolatzen duen Altsasu BTT Zeharkaldiaren kasua, aurten 25. edizioa izanen duela.
Altsasuko BTT Zeharkaldiak 25. edizioa du aurten. Data borobila.
Zenbaki bat da, baina gurea Nafarroako BTT zeharkaldi zaharrena da, eta data berezia da guretako. Urteurrena ospatu nahi dugu.
Proba batzuk sona dute, eta banago Altsasuko BTT Zeharkaldia biker askok gorriz margotzen duten hitzordu horietako bat dela.
Jende asko etortzen da urtero, ez dute galtzen. Gurean ongi pasatzen dutela esaten digute. Mendi txirrindularitza proba batzuk oso luzeak dira, desnibel handikoak, gogorrak, "extreme" delakoak, baina gurea ez da horrelakoa. Gurea ez da proba lehiakorra, jende guztia ibiltzeko modukoa da. Ez bazaude sasoi betean, ibilbide laburra aukera dezakezu. Gure helburua da zeharkaldi bat antolatzea nahi duten guztiek egiteko. Ez da puntako kirolariendako proba. Ibilbide luzeak 46 km eta 1000 metro inguruko desnibela du. Ez da gutxi, baina ez da mugako proba bat.
Horregatik etortzen da jende asko Altsasu BTTra? Edo hemen ditugun paisaia zoragarriengatik?
Uste dut bi gauzengatik dela. Alde batetik proba normala delako, ez delako elite mailako zeharkaldi bat, eta, bestalde, gure ingurua zoragarria delako. Sekulako mendiak ditugu, zuhaitz ikusgarriak, dena berdea dago... Mendiak eta paisajeak bereziak dira, eta tarteka lokatzean sartzen gara, gustuko duguna.
Zein izan da probaren parte hartze errekorra?
2006 urtean 1.302 partaide izan zituen Altsasuko BTT Zeharkaldiak. Urte hartan zeharkaldia egin nuen, ez nengoen antolakuntzan sartuta, baina hura antolatzea eromena izango zen, seguru. Duela gutxi arte, probaren egunean bertan izena emateko aukera zegoen, eta jendeak azken unera arte itxaroten zuen, eguraldiak zer egingo ote zuen ikusteko. Aurten, parte hartze muga jarri dugu, gehienez 700 bikerrendako tokia, eta horrela kopuru horretarako prest egongo gara.
"Aurtengoa ibilbide bereziena izango da. Leku zoragarrietan ibiliko dira, gozamen hutsa"
Ekainaren 10era arte eman daiteke izena. Nola doa?
Oso ongi, 600 txirrindularik eman dute izena. Beraz, martxa honetan 700 tokiak azkar beteko dira (www.barrankatt.com).
Azken bi urteetako geldialdiaren ondoren jendea gogotsuago dagoela uste duzu?
Uste dut txirrindulariak sekulako gogoekin daudela. Gainera, jende asko azken bi urtetan hasi da bizikletan ibiltzen, pandemia urtetan, eta biker gehiago daude. Guri halako probak egitea gustatzen zaigu: lagunekin elkartu, hitz egin, planak egin, bizikletan ibili, txoko politak ezagutu...
Nondik etortzen dira bikerrak?
Gehienak nafarrak dira, eta gipuzkoarrak. Arabatik jende dezente etortzen da, Bizkaiatik gutxiago, eta gero Zaragozatik, Errioxatik… bertako klubetatik kopuru bat etortzen da.
Kamiseta berezia egin duzue aurten.
Urtero kamiseta bat egiten dugu, baina aurtengoa berezia da, kalitate hobea du, 25. urteurrenagatik. Altsasuko BTT Zeharkaldiko parte hartzaile guztiek opari poltsa jasotzen dute bukaeran: Lacturale esnea, Arbizu txistorra eta Katealde patea. Horretaz gain, astelehena baino lehen izena eman zutenek, kamisetaren neurria aukera zezaketen eta kamiseta jasoko dute opari. Beranduago izena ematen dutenek, kamisetaren bat soberan gelditzen bada, hori hartuko dute, baina ez dute ziurtatua.
Urtero ibilbidean aldaketa egiten duzue. Aurten hiru ibilbide daude, luzea (46 km, 939 m. desnibela), ertaina (42 km, 685 m.) eta laburra (36 km, 510 m.).
Bai, hirurak Altsasuko plazatik abiatuko dira. Iñigo Aritza ikastolara joko dute, handik Santaluzia sakanera, autobia azpitik tunel bat pasako dute eta Leku Ona parean aterako dira. Autobia paretik tobogan batzuk gaindituko dituzte Sorozarretaraino. Handik bigarren zubira joko dute eta Ibarrea industrialdera helduko dira. Kuartelaren ondotik, Ameztiatik bide bat hartuko dute, Cementosen atzetik. Horrela, Olazti eta Ziordia arteko Batueko iturriraino iritsiko dira, toki oso polita, eta Aizkibil dermiotik Ziordira jaitsiko dira. Ziordiko Txipudiko parketik pasatuta, Olaztiko bidea hartuko dute, eta bertatik Urdiainera joko dute, bertako parkeko hornidura gunean atsedena hartzeko. Ondoren Iturmendira iritsiko dira.
Iturmendin banatzen da ibilbidea.
Ibilbide laburrekoek Urdiaingo igerilekuen bidea hartuko dute eta handik Altsasura joko dute, helmugara. Aldiz, ibilbide ertainekoek eta luzekoek Iturmendiko beheko basora egingo dute, Urdiaingo mugaraino. Ibilbide luzeak Intsusburu ingurura jarraituko du eta gero Bernoa galtzadatik jaisten da, izugarri polita dena. Tarte hori oso teknikoa da, zaila. Bizikleta asko kontrolatu behar da, harriak daude, xenda txikiak, makurrak... eta gero Urdiaingo igerilekuetatik Altsasuko helmugara joaten da. Ibilbide ertainekoek Intsuburu pareko igoera hori ez dute egingo, zuzenean Urdiaingo igerilekuetara jaitsiko dira.
Beraz, denetatik izango duzue: xendak, partzelariak, mendia, galtzadak, tarteka errepidea…
Ibilbide ederra da, denetatik duena. Orain arte inoiz pasa ez garen tokietara hurbilduko da zeharkaldia.
"Txirrindulari guztiak plazatik batera ateratzen direla ikustea ikusgarria da"
Noiz markatuko duzue ibilbidea?
Aurreko astean egiten dugu, beraz, asteburu honetan. Probaren egunean Barranka taldeko hiruzpalau kide atzean doaz, seinaleak, txartelak, eta bestelakoak jasotzen. Bikerrak pasatu berri, dena garbi uzten dugu, zeharkaldia izan ez balitz bezala.
Halako proba batek antolaketa handia du. Noiz hasten zarete prestatzen?
Urrian biltzen gara ibilbidea erabakitzeko. Izan ere, urtea bukatu baino lehen baimenak eskatu behar dira Nafarroako Gobernuan. Ibilbidea Nafarroatik ateratzen bada, esaterako Gipuzkoan edo Araban sartzen bagara, baimen hori Espainiako Gobernuan eskatu behar da, Madrilen. Bestalde, trafikora jo behar da, Foralei jakinarazi, anbulantziak lotu, ospitaleak ere abisatu… protokoloak bete. Urtarrila edo otsaila aldean hasten gara zeharkaldiko ardurak banatzen. Hamarren bat aritzen gara.
Zeharkaldiko egunean askoz ere gehiago ariko zarete lanean.
Bai. Dortsal banaketa, hornidura guneak, kontrolak, bidegurutzeak… jende asko behar da. Ostiraletik hasten gara lanean, materiala biltzen. Larunbatean opari poltsak prestatzen ditugu eta zeharkaldiaren egunean 6:00etan hasten gara guztia muntatzen.
Hornidura guneetan gelak eta halakoak eskaintzen dituzue?
Ez. Gelak eta barra energetikoak pisu gutxi baina asko eskaintzen duten elikadurak dira. Asko nekatuz gero, gel bat hartu eta berehala errekuperatzen zara. Baina gure probaren helburua ez da zeharkaldia topera egitea. Hornidura ere gure zeharkaldiaren zatia da: geldialdia egin, trago eta mokadutxo bat hartu, jendearekin gustura egon, disfrutatzen. Beraz, gurean ohiko elikagaiak daude. Amayak pasteltxo txiki batzuk egin zizkigun azken edizioan, bikainak zirenak, baina aurten ezingo dituzte egin, eta pena da, baina croissantak, hostopilak eta halakoak eskatu ditugu. Helmugan, pintxoak, garagardoa, ardoa eta freskagarriak izaten dira ere. Helmugara iristerakoan kaña eta pintxoa primeran sartzen dira.
Zenbat denbora behar da zeharkaldia egiteko?
Luzeena azkarrenek bi orduren bueltan egiten dute. Hauek motorra bezala doaz. Zeharkaldia zabaltzen motor bat joaten da eta esaten digu atzera begira joaten dela, harrapatuko duten beldur (kar, kar). Gehienek hiru ordu eta erdi edo lau ordu pasatxo behar izaten dituzte.
Zein adinetako txirrindulariek parte hartzen dute?
15 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta denetatik egoten da, adin guztietako jendea. Emakume oso gutxi, eta hori pena handia da. Azkenekoan hogeiren bat izan ziren, oso neska gutxi. Ea aurten gehiago animatzen diren.
Barranka taldekoek astebururo irteera egiten duzue. Txintxo-txintxoak zarete.
Bai, egia da, eta oso pozik goaz. Larunbatean talde mistoa deritzogunarekin ateratzen gara, gizonak eta emakumeak, lasaiago. Mendi bizikletarekin maila normala duen edozein pertsona etor daiteke, nahi izanez gero. Igandean BTT taldea deritzogunarekin ateratzen gara, azkarrago. Gutxienez 7 kide eta gehienez 14 ateratzen gara, eguraldiaren arabera. Eta gero errepideko taldea dugu. Hauek larunbatero egiten dute irteera, 100 kilometro ingurukoa. Hiru taldeak aktibo gaude, astebururo ateratzen gara.
Erreleboa baduzue? Hor dago Nagore Gonzalez gaztea.
Bai, 15 urte ditu eta oso ongi ibiltzen da. Gustura ibiltzen gara berarekin. Gazte batzuk badaude, baina egia da gehienak beteranoak garela, 40 urtetik gorakoak. Ongi legoke jende animatzea, ateak zabal zabalik ditugu. 120 kide inguru gara, eta baliabide onak ditugu, tartean irteerak egiteko bi furgoneta. Hilero kanpora irteera bat egiten dugu talde mistoarekin, eta baita errepidekoek ere. Giro bikaina dugu eta bizikletarekin hasteko gure taldea oso ongi dago.
Talde batean egotea bermea da. Garrantzitsua da bizikletan taldean ateratzea, zer gerta.
Talde batekin ateratzen bazara, nagikeria gutxiago duzu ateratzeko, eta edozein arazo baduzu –gurpila zulatu dela, katea izorratu dela...– denok hor gaude laguntzeko. Norbait mantsoago badoa, gainontzekoek zehaztutako bidegurutzeetan itxarongo dugu eta guztiok elkartuko gara. Beti elkar zaintzen dugu. Eta, jakina, ahal bada hamaiketakoa egiten dugu taberna batean, giro ederrean. Hamaiketako txikia, gero itzuli behar delako (kar, kar).
25 urteurrena dela eta, taldekideek ospakizunen bat egingo duzue?
Altsasu BTT Zeharkaldia bukatu eta guztia biltzen dugunean, boluntario guztiekin bazkari ederra egiteko asmoa dugu, merezitakoa.
Zergatik animatuko zenuke jendea zeharkaldian aritzera?
Egun berezia izango delako. Leku zoragarrietatik ibiliko garelako. Aurtengoa ibilbide bereziena da, zalantzarik gabe.
Ekainaren 12an, 9:00etan abiatuko da bikerren festa.
Plazatik jende guztia batera ateratzen ikustea gozamen hutsa da. Nik ezin dut zeharkaldia egin, lanean egongo naizelako, baina hala ere polita da. Bestalde, jendearen prestutasuna eskertu nahiko nuke. Laguntza eskatu eta beti baiezkoa da jasotzen dugun erantzuna, eta gugana zertan lagundu dezaketen eskaintzera jende asko etortzen da. Hori handia da. Gure proba eta paisaiak bereziak dira, eta jendea ere bai.
Guztia ongi atera dadila.
Hala espero dugu. Guretako egun hau gozamen hutsa da, festa polita.