Txirrindularitza

Iker Gomezen hordagoa Murietan

Guaixe 2022ko eka. 7a, 10:30

Iker Gomez, helmugara heltzen. MARTIN EARLY

Quesos Albeniz-Burundako altsasuarra bakarrik iritsi zen L.M. Meoki Oroimenezko helmugara eta denboraldiko bere hirugarren garaipena lortu du

Maiatzaren 1ean Segurako Saria eta maiatzaren 4an Segovian lortutako garaipenen atzetik, Quesos Albeniz-Burunda taldeko Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuen maiatzaren 29an Murietan jokatutako kadeteen mailako XXXV. L.M. Meoki Oroimenezko lasterketan (62 km). 

Altsasuarrak lasterketa azkar eta gorabeheratsuaren primerako irakurketa egin zuen, behar zen tokian jo zuen erasoa eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:37:52), Fundibide-Esselle taldeko Kerman Errastiri 29 segundo eta Erro y Eugui-Muruzabal taldeko Aaron Jimenezi 39 segundo aterata. Bere taldekide Ekain Imaz zazpigarren sartu zen, tropel nagusian, minutu batera. 

Sakana Group-Aralar taldeko Oihan Gorriti 22. sailkatu zen eta bere taldekide Eñaut Oiarbide 27. Quesos Albenizko Iker Begiristain 30. sartu zen, Ion Aierbe 39., Ekaitz Perez 40., Andoni Yerai Bedoya 43. eta Hegoi Garcia 44. 

Taldekako sailkapenean Quesos Albeniz bigarren sailkatu zen, Erro y Eugi-Muruzabal taldearen atzetik.