saskibaloia

Naiara Diez, pozik etxean jasotako omenaldiarekin

Guaixe 2022ko eka. 6a, 13:16

Naiara Diez, CBASKeko ordezkariekin.

CBASKek omenaldi polita egin zion etxean trebatutako Naiara Diez saskibaloi jokalari profesional ohiari. Altsasuarrak bere lehendabiziko saskibaloi urteak gogoan izan zituen eta hau "bere etxea" dela azpimarratu zuen

Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak ikasturte bukaerako festa egin zuen maiatzaren 28an Zelandin. Ekitaldia klubean trebatu eta saskibaloi jokalari profesional handia izandako Naiara Diez Fernandez omentzeko probestu zuen CBASKek. "Kiroldegi honetan nire lehengo saskibaloi urteak egin nituen, asko gainera. Entrenamendu asko eta partida asko jokatu izan ditut hemen, eta niretako beti etxea da hau. Hona etortzeak eta omenaldi txikia jasotzeak poztasun handia ematen dit. Polita da, altsasuarra naizelako eta nire jendea hemen dagoelako; hori da aberasgarriena" azaldu zuen Diezek, hunkituta. Lagun ugari zituen alboan, "nire lagunak, nire familia eta nire lagunen ume txikiak".

Diezek joan zen urtean utzi zuen saskibaloi profesionala, Lointek Gernika taldeko kapitain zela, bere ibilbidearen gorenean. Momentuz ez du saskibaloia faltan botatzen, "baina saskibaloi munduan jarraituko dut ziur. Ez dakit entrenatzaile moduan izango den, edo jokalari gisa beste modu batera… ume txikiei zehozer erakutsi ahal badiet, hor egongo naiz laguntzeko" argi du. "Profesional mailan presio asko duzu eta urte asko dira; uzteko erabakia oso ongi pentsatuta nuen, eta erabaki oso ona izan da" aitortu zuen.

CBASKeko neska-mutil asko zeuden Zelandin, "eta niretako oso polita da hau horrela ikustea. Euren adinarekin ni hemen egon nintzen lagunekin gozatzen. Orain ni naiz omenaldia jaso dudana, baina agian urte batzuk barru beraiek izango dira aitortza jasoko dutenak" azaldu zuen. Haurrekin argazkiak atera zituen, sinadurak eskatu zizkioten… Diez erreferentea da, eta herrikoa. "Erreferente baino gehiago, herrikoa. Ez da erraza ailegatu naizen tokira heltzea, baina gauzak ongi eginez gero, posible da. Mezu hori eman nahi diet" azaldu zuen. Guaixeri eskerrak eman zizkion, "nire ibilbidean alboan egon zaretelako". Ez horregatik.