Mendi lasterketak

Jose Antonio Salgadoren 19 Zegama-Aizkorriak

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 6a, 10:24

Salgado Zegama-Aizkorrin. JOKIN LARDIZABAL

Altsasuko korrikalari beteranoak Zegama-Aizkorri mendi maratoiko edizio guztietan hartu du parte, 19 edizioetan, meritu handiz

Beti ikusgarria den Zegama-Aizkorri mendi maratoia agian ikusgarriagoa izan zen aurten, munduko korrikalari onenek apurtu zituzen markak hobetzea ez baita erraza izango. Eguraldia lagun milaka pertsona hurbildu ziren Aratzera, Sancti Spiritura, Urbiara, Andraitzera eta maratoiko txoko guztietara proban parte hartu zuten mendizaleak animatzera. Probak Golden Trail World Series 2022 txapelketa mustu zuen, eta espezialista onenak bildu ziren.

Kilian Jornet zen izar nagusia eta faboritoak ez zuen huts egin. Bere hamargarren Zegama-Aizkorri irabaztea lortu zuen,  2017an Stian Angermund-Vikek ezarritako errekorra 8 minututan apurtuz (3:36:40), harrigarria. “Aurtengo Zegama zirraragarria izan da” azaldu zuen Jornetek bukaeran. Ez da gutxiagorako. Kataluniarrak 2:51 minutu atera zizkion Davide Magnini 24 urteko italiarrari. 

Emakumezkoetan ere 2014ko Maite Maioraren errekorra gainditu zuen Herbeheretako Nienke Brinkman gazteak, 17 minututan (4:16:43). Ikaragarria. Maude Mathys bigarren izan zen (4:26:03) eta Sara Alonso donostiarra hirugarren (4:26:40). 

Sakandarrak
Sakandarren artean, Zegaman bizi den Beñat Katarain Razkin izan zen azkarrena (4:27:58), helmugan 53. postuan sartu eta gero. Fran Araña Ieregi arbizuarra 304. sartu zen (6:41:58) eta Jose Antonio Salgado beterano altsasuarra 369. (7:27:57). Asier Leiza Razkinek, Aritz Munarrizek eta David Oroz Alonsok ezin izan zuten proba bukatu. 

Salgadoren 19 Zegama-Aizkorriak
Jose Antonio Salgadoren kasua berezia da, altsasuar beteranoak Zegama-Aizkorri maratoiko edizio guztietan parte hartu duelako, proba 2002an hasi zenetik, 19 ediziotan, pandemiagatik azkeneko bi urtetan ez baitzen maratoirik jokatu. Hirugarren ediziotik, Munduko Kopa izan zenetik, Zegamak gora egin zuela nabarmendu izan du altsasuarrak, eta ordutik etengabe gora egin duela, lasterketa garrantzitsua bilakatuz. Zaleak “ikusgarriak” direla dio. Bere denborarik onena 3. edizioan lortu zuen (5:00:30 ordu). Aurten korrikan bere 40. denboraldia beteko du altsasuarrak, 60 urte ditu, eta sasoi betean dago. 

Zabala eta Jimenez Km Bertikalean
Ostiralean 8. Zegama-Aizkorri Km Bertikala jokatu zen Arriaunditik Iraulera, 3 km eta 1.015 desnibel positiboko proba gogorra. Korrikalariek lainoa izan zuten bidaide eta Oriol Cardona (32:59) eta Emilie Forsberg (42:26) izan ziren txapeldun handiak. Marina Zabala lakuntzarra emakumezkoen 18. postuan sailkatu zen (52:49) eta Fidel Jimenez etxarriarra gizonezkoen 106. postuan (53:14).