Astekaria

"Bakoitzak badu istorioren bat; zer esan edo zer ez esan"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 7a, 14:00

Izaskun Etxeberria Zufiaurre idazle altsasuarra.

Izaskun Etxeberria Zufiaurre idazle altsasuarrak 'Esaten ez den guztian' liburua aurkeztu du, hamar narrazioz edo ipuinez osatutako bilduma. Protagonistak herritar "xumeak" dira. Ostiralean, ekainaren 10ean, aurkezpen emanaldia eginen du Iortia kultur gunean. 

Esaten ez den guztian Izaskun Etxeberria Zufiaurre idazle altsasuarraren lehenengo liburua da. Hamar narrazio bildu ditu, ipuin bilduma bat da, bi ataletan banatuta: Ferrila eta Eserlekuak. Liburuan pertsonaia asko agertzen dira eta gehienek ibilibidea egiten dute liburuan zehar. Gainera, Tere Irastorzak hitzaurrean esaten duen bezala, "filmetan eta liburuetan deskribatutako inguruaren alboan bizi eta protagonismoa izan ez duten pertsonaiak dira" Etxeberriaren ipuinetako protagonistak. Ekainaren 10ean, datorren ostiralean, 18:30ean, liburuaren aurkezpena eginen du Iortia kultur gunean. Parte hartuko duten herritar guztiei "nire eskerrik beroenak" eman die idazleak.

Nola sortu zen 'Esaten ez den guztian' idazteko ideia?

"Narrazioak sortzen hasi nintzen, eta harikaltuz eta josiz joan naiz"

Ez zen pentsatutako zerbait izan; ez nuen argitaratzeko asmorik. Narrazioak sortzen joan nintzen, eta uste dut liburuan agertzen diren narrazio guztiak literatur lehiaketetara aurkeztu ditudala. Gehienak, saridunak edo aipamenak lortutakoak dira eta, egia esateko, Bergarako Idazle Eskolan hasi nintzela han bertan agindutako lan bat izan zen idatzi nuen liburuaren lehendabiziko narrazioa. Hortik aurrera, horrela sortzen joan dira. Idazle eskolako zuzendaria den Tere Irastorzak animatu ninduen lan bilduma bat egiteko, narrazio bilduma hau osatzeko eta, azkenean, argitaratu dut. Harikalduz eta josten joan naiz.

Nola aukeratu zenituen narrazioak?

"Bi zati daude: 'Ferril', mardulagoa dena, eta 'Eserlekuak', intimoagoa"

Kronologikoki ordenatuta daude, eta, orduan, lehenengo narrazioa 1908an abiatzen da. Gainontzekoak horrelaxe, kronologikoki, aurrera doaz. Azkenekoa 2010. urtekoa da, inguru horretan, beraz, ia ehun urteko denboran girotuta daude. Horiek guztiak lehenengo atalean daude, Ferril atalean, eta bigarren atala motzagoa da eta intimoagoa da, Eserlekuak.

Narrazioak sortzen zenituenean, jarraipen bat ematen zenien? Osotasun bat?
Lehendabizikoarekin, eta ez da kronologikoki sortu nuen lehendabizikoa, nolabaiteko unibertso bat sortu nuen: Altsuondo da. Altsuondo horretan giroturik bestean sortzen joan ziren. Hori da iturria da, eta unibertso horretan girotuz eta denboran zehar mugituz, joan dira besteak unibertso horretan sortzen.

Unibertso bat sortu duzu, Altsasuren antza du?
Unibertso hori Altsuondo da. Urdiainen Altsasu Altsu esaten da, beraz, Altsasu ondoan; Altsuondo badugu Urdiain, Altsasu eta Gipuzkoako muga, Alzaniako mendiak. Hau da Altsuondo. Tarte horretan dagoena. Hauxe da unibertso txikia, eta, aldi berean, handia.

Zenbat denboraz aritu zara liburua osatzen?
Patxadaz aritu naiz. Nire asmoa ez zen argitaratzearena, orduan, narrazioak sortzen joan nintzen, idazten, eta bilduma aspalditxo egina zegoen. Etengabe argitaratu behar nuela esaten zidaten, animatzen ninduten, eta azkenean baiezkoa eman nuen. Gero pandemia etorri zen, eta gaur egun arte.

Nolakoa izan da liburua sortzeko prozesua?
Baiezkoa eman ondoren, pandemia etorri zen. Pandemiaren ondoren Pamiela argitaletxeak baiezkoa eman zidan, baina bazuten, pandemiagatik hain zuzen ere, atzeratutako lana eta inpresoretan dokumetuak ilaran gelditzen diren bezala, horrela gelditu zen liburua ere. Baina, dagoeneko, kalean da.

Liburuan pertsonaia asko agertzen dira, normalean protagonistak ez direnak. Zer esan nahi du horrek?

"Pertsonaia asko dira, baina denak herritar xumeak dira, inguruko jendea"

Pertsonaia asko dira, egia da, baina denak herritar xumeak dira. Denak dira inguruko jendea, eta arrazoi desberdinengatik hemendik joan-etorrian ibili diren pertsonak. Benetakoak eta fikziozkoak. Batzuk etorri behar izan ziren, beste batzuk joan behar izan ziren. Baina jende xumea dira, herritar xumeak dira; horiek osatzen dute herria, horiek dira herria.

Baina atzetik istorio bat dutenak?
Bai, mundu guztiak dauka istorioaren bat. Agian batzuena abentura modukoren bat da, beste batzuena etxetik edo herritik atera ez diren istorioak dira. Baina bakoitzak badu bere bizitza eta mundu guztiak badu zer esan edo zer ez esan. Pertsonaia guztiek badute esan ezinezkoren bat. Arrazoi desberdinengatik esan ez duten zerbait. Batzuk ametsak, ilusioak edo nahiak direlako, beste batzuk lotsagatik, beste batzuek beldurragatik eta isilarazioak izan direlako. Arrazoi desberdinengatik, baita gizakien arteko harremanetan batzuetan komunikazio falta egoten delako ere. Orduan, denek badute esan ezinezko hori.

Baina irakurleek ezin esan horiek ezagutuko dituzte?
Nik uste dut irakurleek deskubrituko dituztela. Istorio guztietan badago zer pentsatua.

Zertan inspiratu zara pertsonaia horiek egiteko?

"Pertsonaia batzuk benetakoak dira, eta beste pertsonaia batzuk fikziozkoak"

Pertsonaia batzuk benetakoak dira, eta beste batzuk fikziozkoak dira. Benetako batzuk historikoak dira eta horretarako guztirako, nola ez, dokumentatu naiz. Beste batzuk fikziozkoak dira, baina garaian garaiko bizimodukoak eta ezaugarriak dituztenak.

Dokumentazio lana nolakoa izan da?
Liburuetan eta Interneten asko saltseatu dut. Internet gaur egun sekulako informazio iturria da. Istorio asko aurretik ere banekizkien, inguruko kontuak bagenekizkien entzundakoak edo bizitutakoak direlako, eta beste batzuk liburuetan eta Interneten begiratu ditut.

Mende bateko tarte batean mugitu zara, nola izan garai horrietan murgiltzea?

"Mende batean aldaketa izugarriak izan dira; bidaia bat izan da"

Bidaia izan da. Hori ere bidaia bat izan da. Interesgarria izan da eta askotan pentsatu izan duguna eta askotan esan dudana konfirmatu dut: gure aurreko belaunaldiekin alderatuta, gure gurasoen edo aiton-amonen garaiko bizimoduarekin konparatuz, hogeigarren mendearen hasieratik honuntza, aldaketa izugarriak izan dira. Izugarria zentzu guztietan. Orduan, nolabait aldaketa mordo horietatik bidaia egin dut, bizi egin ditut. Benetan izugarria izan da. Garaiko testuren bat irakurtzen nuen edo argazki edo irudi zahar bat ikusten nuen, eta hortik giroa sortzen nuen.

Nolakoa da zure idazteko prozesua?
Badut nire txokoa, eta horrek laguntzen du. Inspirazioaz hitz egin ohi da, baina esaten dute ere inspirazioak lanean harrapatu zaitzala. Niri irakurtzea asko gustatzen zait, informazioa bilatzea, deskubritzea, eta horretan nik neuk imaginatu eta irudikattzen dut. Nire unibertso hori egiten dut. Interesatzen zait edo asko gustatzen zait zentzumen guztiak martxan jartzea, eta horrekin ukitu egiten dut, usaindu, dastatu eta idatzi behar dudan guztia ezagutzen dut.

Hamar narrazio dira, bi zatitan banatuta. Ba al dago hari eroalerik?
Narrazio laburrak, ipuinak, eta, adibidez, Tere Irastorzak berak hitzaurrea idatzi du eta aipatzen du zergatik ez den nobela bat. Nobelak dira, baina nobela izan liteke. Narrazioak dira eta bakoitza independentea da, baina guztiek badute hari bat. Aparte irakur daitezke edo denak jarraian, baina guztiak hasi eta bukatu egiten dira hari horren barruan. Pertsonaia batzuk desagertu egiten dira, eta beste batzuk liburu osoan zehar segitzen dute. Liburuaren ibilbidean gelditzen den horietan bat, lehenengo ataleko pertsonaia bat da, bigarren zatian protagonista izango dena. Orduan, protagonismoa emakume batek hartzen du. Bere bizitzan zehar edo bere bizitza markatu zuten eserleku guztien bitartez bere bizitza ere kontatzen du.

Azalean trenbide baten bidegurutzea agertzen da. Zergatik toki hori? Zergatik irudi hori?

"Narrazio guztiak trenbide eta errepidean girotuta daude"

Irudi hori nahi nuen narrazio guztiak trenbide eta errepidean girotuta daudelako. Pertsonaia guztien joan-etorrian dabiltza, bakoitzak bere arrazoiengatik, eta lehendabiziko narrazioak mende hasieratik trenak izan zuen garrantziagatik trenez dabiltza. Urteak pasa ahala errepideak hartu zuen indarra, eta orduan kamioien erroak trenen txistua ordezkatu zuen. Orduan, lehendabiziko narrazioetan pertsonaiak trenez dabiltza, joan-etorrian, eta tren geltokia da elkartzeko gunea. Argazkia nik egin nuen eta argitaletxean erakutsi nuen eta baiezkoa eman zidaten. Lehenengo narrazioan emakume bat tren geltokira iristen da, eta pareta bat ikusten du aurrean. Hori erakutsi nahi nuen. Altsasuko tren geltokitik lehen zegoen makina depositorako trenbide bidegurutzea da. Orain makina depositoa itxita dago, baina hor dago. Irudian trenbidea ikusten da, tren geltokia, Urbasa...

Beraz, joan-etorriak, bidaiak, tren geltokia, trena, errepidea, kamioiak eta eserlekuak dira narrazioen gai nagusiak.
Eta maletak. Horretan ere adibidez denboraren poderioz maletak nola aldatu diren fisikoaki eta maleta bakoitzaren helburua. Ez da gauza bera garai batean hemendik Amerikatara joandako baten maleta edo Espainiako hegoaldetik honuntza etorritako baten maleta edo guk noiznahi asteburu pasatzera hartzen dugun maleta, eta horietako maleta bakoitzak barruan zer daraman. Zer eramaten den, zer uzten den...

Donostian aurkeztu zenuenean, egun horietan Eloy Zufiaurre Garciaren gorpua aurkitu zuten hiriko hilerrian. Zertan konektatzen dira?
Kasualidadea izan zen. Maiatzaren 19an, osteguna, aurkeztu genuen liburua prentsaurrekoan Donostiako Konstituzio plazako liburutegian, eta aurreko astelehenean Eneko Goiak, Donostiako alkateak, adierazi zuen Polloe kanposatuan hamazazpi milizianoen gorpuzkinak aurkitu eta identifikatu zituztela. Guztiak Frankisten mausoleoan lurperatuta zeuden, Los Caidosen bezala. Dirudienez aspalditxo Aranzadik bazuen horren susmoa, baina publiko egin zen astelehen horretan, eta ostegunean izan zen gure liburuaren aurkezpena. Narrazio hauek memoria historikotik badute, narrazio batean, Negua ematen zuen udazkeneko arratsalde hartan narrazioan, hain zuzen ere, bi pertsonaia hizketan ari dira, lagunak dira, dagoeneko altxamendua gertatu da eta lagun batek bestea alde egiteko konbentzitu nahi du. Bigarrenak esaten dio ea zergatik egin behar duen alde, berak ez duela ezer egin, eta orduan, atzera ere, lehenengo lagunak esaten dio eta aipatzen ditu benetan gertatutako pertsonen kasua: "Bai, gogoratu zure aldamenekoak Eloy eta Isidro, non daude?". Polloeko kanposatuan aurkitutako hamazazpigarren milizianoa, alfabetikoki ordenatuta Zufiaurre, gure aitona zenaren anaia zen. Orduan aste berean horren berri izan genuen eta Donostian bertan liburua aurkeztu genuen.

Seinaleren bat ote?
Urte asko dira ni Polloeko kanposantura joan nintzela bagenekielako Loiolan erori zela, hori aditua nuen nik, eta bertan egon nintzen. Galdetu nuen eta esan zidaten bertan ez zegoela arrastorik eta ez zegoela erregistrorik. Orduan, horrela gelditu nintzen eta orain urte batzuk pasa eta gero aurkitu dute. Ez dakit seinaleren bat izango den, baina poztu nintzen.

Ekainaren 10ean, ostirala, etxean aurkeztuko duzu. Nola bizi duzu? Urduri zaude?
Bertigo pixka bat badaukat. Jakin nahiko nuke, positiboki, noski, irakurleek zer harrera egiten dioten. Garrantzitsuena da irakurleen iritzia; irakurleek zer harrera egiten dioten liburuari. Altsuondon gertatzen denez, bertan, hementxe derrigor egin nahi nuen aurkezpena. Argitaletxeak esan zidan baietz, jakina, eta nahi nuen bezala egin nezakeela, eta baiezkoa eman zidaten. Orduan, hemengo aurkezpena berezia izango da. Emanalditxo bat, berezia, herritarrei eskainia.

Beraz, zerbait berezia prestatzen ari zara?
Dagoeneko prest dago. Bide batez nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet parte hartuko duten herritar guztiei.

Bigarren zatirako narrazioak dituzu? Idazten jarraitu duzu?
Oraintxe, ideia bat badaukat, azkenengo astetan hasi naiz. Baina aurretik nik ez neukan liburu hau argitaratzeko asmorik, ez zen nire helburua, eta esperietzia berri hau probatu eta gero ikusiko dugu. Agian, beharbada, irakurleen harrerak animatuko nau edo ez.

Lehiaketetara aurkezten jarraituko duzu?
Tarteka idazten jarraitzen dut, momenturen batean, baina lehiaketetara ez naiz aurkezten. Gainera, oinarrietan agertzen da behin argitaratu duzuna ezin dela aurkeztu. Baina, beno, ez dakit. Ideiak badaude, eta hortik sortzen dira bestelako unibertsoak.