Ikastetxeendako dirulaguntza deialdia egin du udalak

Guaixe 2022ko eka. 15a, 10:33

Haur eta gurasoak Zelandi eskola publikora sartzen. ARTXIBOA

Lau lerro ditu dirulaguntzak eta interesatuek eskabideak irailaren 30era arte egin ditzakete.

Herriko ikastetxeei zuzendutako udalaren dirulaguntza deialdiaren onuradunak ikastetxeak beraiek, irakaskuntza kooperatibak eta guraso elkarteak dira. Haien artean, guztira, 15.000 euro poltsa banatzeko dago. Altsasuko Udalak emanen duen laguntzaren bidez heldu den ikasturtean eginen diren jarduerak lagundu nahi ditu udalak. Ikastetxeendako dirulaguntza deialdiak lau lerro edo kontzeptu ditu: hezkuntza proiektu berritzaileendako; berrikuntzaren bidez irakaskuntzara bideratutako materiala hobetzeko; eskolaz kanpoko euskarazko jardueren gastuetarako eta, azkenik, euskarazko jarduerak, eremu akademikotik kanpo gauzatzen direnak, A, B eta D ereduko ikasleei zuzenduta daudenak.

Proiektu berritzaileak lagunduz, Altsasuko Udalak hezkuntza eskaintzaren eta zerbitzuen kalitatea, trukea, parte hartzea eta herritarrek baliabideak aprobetxatzea bultzatzeko programatzen diren hezkuntza ekimenak finantzatuko ditu. Beti ere, egiteko modu berrietara egokituta badaude. Laguntza lerro horren bidez udalak 5.000 euro banatuko ditu. 

Bigarren laguntza lerroaren helburua da irakaskuntzara bideratutako eskola materiala hobetzea, material hori berrituz eta horrela, irakasleen eta ikasleen errendimendua hobetuz. Altsasuko Udalak horretarako 7.000 euro bideratu ditu. 

Diruz lagundu daitekeen hirugarren kontzeptuak euskarazko eskolaz kanpoko jarduerek eragindako gastuei dagokiena da. Lerro horren bidez lagunduko eremu akademikoetakoren batean euskararen erabilera sustatzea berariaz egindako euskarazko jarduerak lagunduko dira diruz: ikaslearen etxearen eta ikastetxearen arteko autobus-ibilbideetan; ikastetxearen autobus inguruetan, sartzeko eta irteteko orduetan; aisialdirako guneetan; ikastetxeko korridore eta eskaileretan, sartzeko, irteteko eta klasez aldatzeko orduetan; jantokian (bazkaltzeko orduetan eta atseden-denboran) eta Euskararen Nazioarteko Egunean (abenduak 3) egindako jarduerak, herritar guztiendako. Lerro horrek 2.000 euroko diru poltsa du. 

Azkenik, diruz lagun daitekeen laugarren kontzeptuaren bidez eremu akademikotik kanpoko euskarazko jarduerak diruz lagunduko ditu Altsasuko Udalak. Helburua da administrazioak eskola-eremuan euskara sustatzen laguntzea, jarduera ez-akademikoen bidez.

Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, jasotako eskabideak aztertu eta horren arabera laguntza nori eman erabakiko du. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren %60 erakunde eskudunak laguntza ematea erabakitzen denean jasoko du. Gainerako %40 dirulaguntza justifikatzeko eskaturiko dokumentuak aurkezten dituenean jasoko du, hau da, likidazioa egiterakoan.