Uholdearen kalteak konpontzeko 456.425 euroko inbertsioa egin beharko litzateke

Guaixe 2022ko eka. 14a, 09:02

Ibaiak gainezka egin zuenekoa. ARTXIBOA

Altsasuko Udalak horretarako dirulaguntza eskatu du. 140.422,35 euro abeltzaintza azpiegiturak konpontzeko dira, 47.795,3 euro baso azpiegiturak konpontzeko eta 268.207,38 euro herriko azpiegiturak lehengoratzeko.

Altsasuko Udalak horretarako dirulaguntza eskatu du. 140.422,35 euro abeltzaintza azpiegiturak konpontzeko dira, 47.795,3 euro baso azpiegiturak konpontzeko eta 268.207,38 euro herriko azpiegiturak lehengoratzeko

Abenduaren 9an eta 10ean botatako euriak uholdeak sortu eta kalte ugari eragin zituen. Lurralde Politika Ministerioak hainbat erkidego, Nafarroa barne, Larrialdi Zibileko emergentziagatik larriki kaltetutako eremu izendatu zuen, eta dirulaguntza deialdia egin zuen euriak sortutako kalteak konpontzeko. Altsasuko Udalak haiek zerrendatu eta 456.425,04 euroko balioa duten lanak aurkeztu ditu deialdi horretara. 

Altsasuko Udalak aurkeztu duen eskaera horren %58,76 (268.207,38 euro) herriko bost azpiegitura konpontzera bideratuko lirateke. Zehazki, ubeldeak gainezka egin zuen eta erosionatutako dauden ibaiaren bi ertzeetan harri lubetak egin nahiko lituzke udalak lau tokitan: Zangituko bidean (119.852,67 euro), Errotatxikiko euri uren gainezkabidean (24.911 euro), Ondarria industrialdean (18.803,02 euro) eta Beheko Benta auzoan (17.204,29 euro). Inbertsio horietaz aparte, azkenik, Isasia industrialdean 6.361,28 euroko balioa dutenak egin nahi lituzke udalak. 

Altsasuko Udalak egin nahi lituzkeen lanen aurrekontuaren %30,76 (140.422,35 euro) abeltzaintza azpiegiturak konpontzeko lirateke. Bost bideren konponketaren zerrenda aurkeztu du udalak dirulaguntza deialdira. Batetik, Erreguarteko bidea konpondu nahi du udalak (49.113,98 euro). Bide hori konpontzeko kaskailua erabili beharrean asfaltoa zabaldu nahiko luke 2.032,8 metro karratutan. Beste lau bideetan sortutako kalteak ohi bezala konpondu nahi luke udalak: Dermauko bidea (23.630,92 euro), Larrunzako bidea (12.867,84 euro), Isasiako bidea (5.048,96 euro) eta Beikolarko bidea (4.256,33 euro). 

Azkenik, abenduko euriteek baso azpiegituretan eragindako kalteak konpontzera dirulaguntza eskaeraren %10,47 (47,795,3 euro) bideratuko luke Altsasuko Udalak. Bi bide konpondu nahi lituzke udalak, bietan kaskailua zabalduz. Torretxikiko bidea (16.902,58 euro) eta Izarteko bidea (15.404,5 euro) dira konponketa premia dutenak. Aurrenekoa konpontzeko materialaren tamaina handiagoa erabiliko litzatekeela aurreratu du udalak.