Euskararen alde batu diren gazteen sarea

Guaixe 2022ko eka. 13a, 14:01
Gazte Euskaltzaleen Sarea Tolosan aurkeztu zen. www.ataria.eus

Ekainaren 15ean, asteazkenean, Altsasuko Gure Etxean Gazte Euskaltzaleen Sareak bere burua aurkeztuko du. Euskarak bizi duen egoerak kezkatuta sortu zuten sarea, "euskararen aldeko borroka antolatua" egiteko. 

Apirilaren hasieran aurkeztu zuen bere burua jendaurrean Gazte Euskaltzaleen Sareak (GES). Korrikaren testuinguruan Tolosan egindako jendaurreko aurkezpenean GESeko kideek adierazi zutenez, bi helburu dituzte: “euskararen aldeko borrokan gazte ikuspegia txertatu eta belaunaldi oso bat borroka horretara batu”. Biak beharrezko ikusten dituzte Euskal Herri euskalduna lortzeko. Eragile euskaltzale berriak gazte mugimenduetan euskararen bueltan aktibatuta dauden norbanakoen eta eragileen aterpe izan nahi du. Asteazkenean, ekainaren 15ean, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxeko lehenengo solairuan aurkezpena eginen dute. 

Nabarmendu zutenez, “euskaraz biziko den belaunaldia izan nahi dugu, eta uste dugu belaunaldi moduan heldu behar diogula auzi horri”. Aurkezpenean kezka azaldu zuten hainbat arlotan “atzerakadak” ikusten dituztelako, esaterako: euskararen borroka agortzea, motibazioa eta hizkuntzarekiko atxikimendua.

Euskaraz bizi nahi duen baina ezin duen belaunaldia direla adierazi dute: “hizkuntza zapalkuntza estrukturala den unetik, gure hizkuntzan bizitzeko neurriak hartzea da onartu dezakegun jarrera bakarra”. Gazteek jokatzen duten paperaz kontzientzia hartu dutela diote, eta bide horretan laguntzeko sortu dutela sarea: “euskaren borroka fase berri bat berpizteko gaude hemen. Euskaraz bizi ahal izateko egiturak pitteka sortzen laguntzeko”. 

Maiatzaren 21ean Euskara Aurrera leloa zuen manifestazioarekin Donostiako kaleak bete zituzten. Haren bidez nahi zuten jendeak jabetzea euskararen aldeko borroka oraindik beharrezkoa dela. Orain gazte eragile euskaltzaleak nazio asanblada deitu du. Usurbilgo Potxoenea kultur etxean izanen da ostiralean, 17:30ean. Gazteok euskararen herria sortzen! leloa du deialdiak. Asanblada horretan GESeko kideek heldu den ikasturteko plangintza zehaztuko dute, "aurrean ditugun erronkei erantzuteko". Euskararen egoerarekin kezkatuta dauden gazteei eta "borrokara batu nahi" dutenei parte hartzeko deialdia egin diete. Bi egun lehenago GESek bere burua aurkeztuko du Altsasun. 


 
Jatorria 
GESen hazia bi ekitalditan erein zen: Barañainen 2016ko abenduaren 9 eta 11 artean egin ziren GaztEraiki topaketetan eta 2020ko Euskaraldiko Gaztealdian. Azken horretan Euskal Herriko hainbat txokotako bederatzi gaztek bederatzi egunez euskara hutsez bizitzeko erronka egin bete zuten. Azken horren arrastoa utzi zien, eta balorazioa ikusita argi izan zuten “euskara gazteen aldetik borrokatzen eta hausnartzen jarraitu behar genuela” ikusi zuten. Sareari hauspoa eman diote Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko eta Donostiako campusetako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskara taldeek.