Triatloia

Garcia de Eulate eta Benjumea, merezitako podiuma Tarragonan

Guaixe 2022ko eka. 14a, 11:00

L´Ametlla de Mar Half Triatloian lan bikaina egin zuten Sakana Triatloi Taldeko altsasuarrek

Ekainaren 5ean Triatlon L´Ametlla de Mar (Tarragona) jokatu zen, hiru distantziatan: olinpikoa, aquabike eta half. Hain zuzen ere, azken distantzia honetan, luzeenean, lehiatu ziren Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate Maia eta Felix Benjumea Motino altsasuarrak. 1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21 km korrika osatu behar izan zituzten. 

Nahastea
Correlibre taldeko Juan Miguel Estebanek lehen sektoretik, igeriketatik, hartu zuen aurrea. Felix Benjumeak bigarren postuan ekin zion txirrindularitzako tarteari, eta Garcia de Eulate beranduago hasi zen, igeriketa tartea gehiago kosta zitzaiolako. Bizikletan hobe dabilenez, tarte horretan postuetan gora egin zuen. Azken sektorean, korrikakoan, gertatu zen nahasmena. Bukaera aldera Estebanek lehen postuari eusten zion, Benjumea bigarren zela, eta Garcia de Eulate atzetik zetorren. Baina helmugara tira beharrean, Benjumea okertu zen eta aurrera egin zuen, korrikako zirkuitua berriro ekinez. Akatsaz konturatu eta helmugaratu zenerako, beste hiru korrikalari iritsi ziren bere aurretik helmugara, tartean Garcia de Eulate, bigarren sailkatu zena (4:32:06), Juan Miguel Esteban irabazletik hiru minutu eta erdira (4:28:37). Benjumea bosgarren sailkatu zen (4:43:28). Hala ere podiumera igo zen altsasuarra, lehen bost onenak saritu zituztelako. 

"Aste guztirako jaitsi ginen Tarragonara, biak elkarrekin, eta ezin hobe pasa genuen. Nahaste horrek, ze amorrua. Dena den, niretzat, Felix bigarren izan da eta ni hirugarren. Horrekin geratzen naiz" aitortu du Garciak.