Bargagain Taekwondo Klubak denboraldi bukaera gozoa izan du. Ereindakoaren uzta jasotzen jarraitzen du Gerardo Montero Rivera entrenatzaileak zuzentzen duen klubak. Nafarroako Taekwondo Federazioak lan horren aitortza egin dio talde sakandarrari, 2021eko Nafarroako taekwondo klub onenaren saria eman baitio. “Lizentzia gehien izan genituen kluba izan ginen joan den urtean, gehien hazi zena eta estatu mailan domina gehien lortu genituen kluba. Horregatik eman ziguten saria” aipatu du Monterok. Halaber, Bargagain Taekwondo Klubeko Leire Etxanizek aipamena jaso zuen, 2021ean Espainiako Txapelketan zilarrezko domina lortu izanagatik.
Espainiako Txapelketatik bi domina
Aurten ere ibilbide oparoa darama talde sakandarrak. Berriki Espainiako 21 urteko eta kadete mailako Taekwondo Txapelketa jokatu zen, eta Bargagaingo bederatzi taekwondistek hartu zuten parte, Nafarroako selekzioaren izenean. “Txapelketa honetan ordezkaritza gehien izan zuen kluba izan zen gurea” zehaztu du Monterok.
Kadete mailan brontzezko domina lortu zuten Bargagaingo Leire Etxanizek eta Rania Mabchourrek, eta Aiala Dorronsoro bosgarren izan zen. “Aipatzekoa da Erkuden Moreno eta Irati Irigoien ere bosgarren sailkatu zirela, dominagatik borrokatzeko atarian” gaineratu du entrenatzaileak. Espainiako Txapelketan ere Joseba San Miguelek, Zoe Martinek, Aaron Rodriguezek eta Mohamed Essobaik hartu zuten parte. Azken hau, Essobai, lehenengoz aritu zen Nafarroako selekzioarekin.