San Pedro eguna ospatuko dute, asteazkenean, Altsasun

Guaixe 2022ko eka. 24a, 14:34
2019ko San Pedro eguna. ARTXIBOA

Egutegian gorriz markatutako eguna da ekainaren 29a Altsasun: San Pedro eguna. Ermitara erromeria eginen dute altsasuarrek. 

Pandemia zela eta, azken bi urtetan Altsasuko Udalak San Pedro eguna modu ofizialean bertan behera utzi zuen; hortaz, bi urteren ondoren, ekainaren 29an, asteazkenean, bi urte ondoren altsasuarrak sanpedrozelaira itzuliko dira herriko zainduaren eguna ospatzera. Udalbatza 10:00eta abiatuko da San Pedro ermitara, eta 10:45eann auzatea eta zortzia izanen da. Ondoaren, kuadrillak, lagun taldeak, familiak eta bestelakoak mahaiaren ingurua bazkarian bilduko dira. 17:00etan udalbatza zelaian barrena agurra eginen du, eta behin buelta eman ondoren puruen banaketa eginen du. Iluntzean herrira jaitsi eta 20:00etatik aurrera Joselu Anaiak taldearen emanaldia izanen da Foru plazan. 

Altsasuko Udalak San Pedro egunerako eta ingurua babesteko zenbait ohar helarazi ditu. Eguraldi txarrarekin erromeria Burunda pilotalekuan ospatuko da. Bestetik, 10:30etik aurrera San Pedroko zelaira iristeko Altsasuko errepidea moztuko da, eta, beraz, sarrera Urdiaindik eginen da. Mugikortasun mugatua dutenek zelaira autoz iritsi ahal izanen dira. Aparkalekuak Dantzaleku inguruan egonen dira, igerilekuetan eta futbol zelaian. Debekatua dago errepide bazterrean aparkatzea. 

Festa "toki paregabean" ospatzen da, eta zabor ontziak eta kontainerrak egonen direnez, erabiltzeko eskatu du udalak. Txosnetan edalontzi birziklatuak erabiliko dituzte eta suak partekatzen saiatzeko aholkua ere helarazi du. Suziriak eta petardoak bezalako produktuak debekatuak egonen dira. Festetan ere berdintasuna mezua zabaldu du udalak, baita eraso sexisten kontrako mezua ere. 

San Pedro eguneko egitaraua

10:00 Udalbatza Altsasuko txistulariekin San Pedroko zelaira abiatuko da.

10:45 Auzatea eta zortzikoa.

14:30 Bazkariak. 

17:00 Udalbatzaren agurra zelaian barrena. Ondoren, puruen banaketa. 

20:00-22:00 / 00:00-02:30 Dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin, Foru plazan.