Matarrasa Basoitxian

Erabiltzailearen aurpegia Zuhaitz Maitiak taldea 2022ko eka. 27a, 09:56

Berriki, 1.000 herritarrek baino gehiagok Altsasuko Basoitxi parajeko matarrasa geldiarazteko eskatu diogu Udalari. Eskaera horri Altsasuko alkate Javier Ollok emandako erantzunaren aurrean, argi utzi nahi dugu zuhaitz mozketa horrek ez duela bete 2012ko Baso Planaren 2. Berrikuspenean ezarritakoa. Izan ere, ezin dugu aipatu gabe utzi matarrasa neguan egin zela, eta horrek izugarrizko kalteak ekarri dizkiola gure basoari; ugaltze-garaian zeuden anfibioei eragin zien; erregaia isuri zen urmaeletan eta lurrean, oihanpeko landaredia galdu da, Flora Mehatxatuaren katalogoko espezieren bat tartean, eta abar.

2020ko ekainaren 15eko 3120194061 espedientean, eta Altsasuko Udalak Basoitxiren ustiapena dela eta egindako eskaeraren erantzunean, Nafarroako Gobernuak a priori proposatzen du matarrasa moztea. Baina aldi berean esaten du herritarrendako garrantzi handiko eremua denez (nahikotasun bereziko eta erabilera publiko handiko eremu sentikorra), “jarduketa neurtua, planifikatua eta, ahal den neurrian, adostua” izan beharko litzatekeela, eta udalari eskatzen dio bere jarrera zein den azaltzeko. Hortik erraz ondorioztatzen da Altsasuko Udalak erantzukizuna izan duela gai honetan.

Berriz ere jarduketa prozesu publikoak eskatzen ditugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu eskabidea sinatu duten pertsona guztiei. Izan ere, horri esker udalak bilera batera deitu gintuen maiatzean. Agian ez dugu inoiz jakingo zer galdu dugun, baina garaiz gaude jakiteko zer dugun eta nola babestu eta zaindu gure basoak.

Gixane Andueza, Amaia Amilibia, Susana Aiestaran, Jule Costa, Manuela Arregi eta Zuhaitz Maitiak taldea.