Astekaria

"Adinekoen bizi kalitatea indar entrenamenduen bidez mantendu edo hobetzen da"

Guaixe 2022ko uzt. 7a, 14:10

Nicolas Martinez Velilla, Mikel Izquierdo, Mikel Lopez Saez de Asteasu, Fabricio Zambom Ferraresi eta Arkatz Galbete ikertzaileak. NAVARRABIOMED

Mikel Lopez Saez de Asteasuk Fisioterapia ikasketak egin zituen eta Doktoretza Osasun Zientzietan. Nafarroako Gobernuaren biomedikuntza ikerketarako Navarrabiomed zentroan ikertzen ari da eta NUPeko Osasun Saileko kide eta irakaslea da. 

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko eta Navarrabiomed zentroko zenbait ikertzailek ikerketa batean ondorioztatu dutenez, “3 egunez bana-banako ariketa fisikoko programa bat egiteak arindu egiten du ospitalean egotearekin lotutako desgaitasuna 75 urtetik gorako pertsonengan”. Nicolás Martinez-Velilla eta Mikel Izquierdo Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa biomedikoko Navarrabiomed zentroko ikertzaileek koordinatu duten ikerketan parte hartu du Mikel Lopez Saez de Asteasuk. Ikerketaren emaitzak Estatu Batuetako Medikuen Elkartearen Journal of the American Medical Association aldizkarian argitaratu zen ilbeltzean.

Adinekoak eta ospitaleko egonaldiak, zergatik erreparatu zenion horri? 
Duela nahiko urte hasi ginen hori ikertzen. Ikusi genuen ospitalizazio prozesuek izugarrizko kaltea sortzen zutela adineko pertsonengan. Nire tesiarekin duela sei urte hasi nintzen. Gure ideia izan zen ariketa fisikoko programa bat egitea ospitaleko pediatria zerbitzuan, beste lagun batzuekin batera. Ikusi genuen ariketa fisikoko programa horrekin ospitalizazioan gertatzen diren eta funtzionaltasunari dagozkion kalteak pixka bat konpontzen zirela eta adineko pertsonen funtzioa hobetu egiten zela, ez soilik fisikoki, baita mentalki ere, arlo kognitiboan. Agerian gelditu baitzen ospitalizazio prozesuak izugarrizko kaltea sortzen duela funtzioan, eta, konponbide gisa, ariketa fisikoa proposatu genuen. 

Fisioterapia ikasketak bukatu berri, tesia egin zenezakeen kirolaren, lanaren edo lan munduaren inguruan. Baina adinekoak eta ospitalea gaia aukeratu zenuen tesirako. Zerk eraman zintuen horretara? 
Ikasketak bukatu nituenean kirol arloan sartu nintzen. Baina berehala konturatu nintzen niri gehien gustatzen zaidana adineko pertsonekin lan egitea dela. 2016an Mikel Izquierdo nire nagusiarekin lan egiteko aukera sortu zitzaidan, eta ez nuen dudarik izan. Harekin eta Nicolas Martinez-Velillarekin batera proiektu hau aurrera eramatea erabaki genuen. Urte hartan ariketa fisiko programa hori ospitalean garatzen hasi ginen. Bizpahiru urteko lana izan zen, eta izan genituen emaitzek oihartzun oso handia izan zuten nazioartean, herrialde askotan. 

Ospitalean egonaldi luze batek, adinaren arabera, ondorio desberdinak ditu? 
Ospitalizazioa guztiondako nahiko konplexua da. Baino adinekoak nahikoa zaurgarriak direnez, ospitaleko egonaldiaren kalteak nabarmenagoak dira beste populazio batzuekin alderatuta. Adinekoetan ospitalizazio prozesuak batzuetan pertsona horien bizimodua erabat aldatzen du. Hori nolabait konpontzen edo aldatzen saiatu ginen, eta lortu genuen. 

Ospitaleratze luze batek adineko pertsonen kasuan zein arrisku fisiko ekar ditzake? Kristorenak! Azkenean, ospitaleratzen den pertsona batek, egonaldi luze baten ondoren, bere ibilbidea erabat aldatu dezake. Ospitalean, normalean, gure gaixotasuna sendatzen dute. Baina, batzuetan, alde batera uzten da arlo fisiko edo kognitibo hori. Ospitalizazioaren ondoren adineko pertsonek etxera bueltatzean, batzuetan, ezin dute bere bizimodua aurrera eraman. Bere bizi kalitatea asko kaltetzen da. 

Muskuluen bizitza edo indarra galtzen da? Edo zer gertatzen da?
Muskuluek bere ezaugarriak galtzen dituzte, muskulu masa galtzen dugu, muskulu funtzioa… Horrek bizi kalitatean izaten duen eragina izugarria da. Hori dela eta, horretan saiatu ginen: muskuluaren funtzio hori indar entrenamenduaren bidez hobetzen eta, horrela, adineko pertsonen bizi kalitatea mantentzen edota batzuetan hobetzen. 

"Errutina klinikoan adineko pertsonekin fisioterapeuta egotea lortu dugu"

Ospitalean gaixo dauden adinekoei indar ariketak eginarazi dizkiezue?
Bai. Batzuetan badirudi amets bat dela, baina beraiekin horretan entrenatu dugu, makinekin, gimnasio batean bezala. Geriatriako zerbitzuan gimnasio moduko bat antolatu genuen bulego batean. Han gurekin, fisioterapeutekin, entrenatzen bost egun jarraian egon ziren. Jai egunetan eta asteburuetan ere lan egin genuen. Emaitzak oso politak izan ziren, eta izugarrizko oihartzuna izan zuen. Ez bakarrik hemen, osasun zientzien departamentuan, eta beste arlo batzuetan ere. Beste herrialde batzuetan ere oihartzuna izan du.

Beraz, demagun adinekoa naizela, eramaten nautela ospitalera. Ez dakit zenbat egun ohean luze egon behar dudala uste dut, baina zuk hartuko nauzu eta ariketa fisikoa egitera eramango nauzu? 
Hori da. Paradigma aldatu egiten da. Horretan pentsatzea pixka bat kostatzen da. Baina ikusita zer-nolako kalteak sortzen zituen ospitalea, alternatiba bat ariketa fisikoa da. Beraz, adineko pertsonak arlo klinikoari dagokionez ospitalean egonkor daudenean, oso interesgarria da horrelako programak aurrera eramatea ospitalizazioarekin erlazionatuta dauden kalte horiek alde batera uzteko. Horretan lan egin genuen eta emaitzak hor daude. 

Ariketa zein pertsonak egin zezakeen jakiteko medikuekin erlazio estua izan zenuten, ez? 
Bai, hori da. Medikuekin elkarrekin lan egiten genuen egunero, eta beraiek ikusten zituzten adineko pertsona horiek. Beraiek izaten ziren ariketa fisiko programan sartzeko aukera zutenak aukeratzen zituztenak. Eta medikuen papera izugarria izan zen, oso garrantzitsua. Beraiei esker ere lortu ditugu emaitza horiek. 


Goian Fabricio Zambom Ferraresi, Alvaro Casas Herrero eta Javier Alonso Renedo. Erdian: Agurne Garcia Baztan, Maria Gonzalo Lazaro eta Itziar Apeztegia Iraizoz. Aurrean: Nicolas Martinez Velilla, Mikel Lopez Saez de Asteasu eta Mikel Izquierdo Redin. 

Medikuak gaixoekin egunean behin 15 bat minutu egonen dira. Haiekin benetan egoten direnak erizaina edota senideak dira. Zein paper jokatu dute? 
Azkenean, diziplina arteko talde baten barruan lan egin dugu erizainekin eta medikuekin. Beraien papera izugarri izanda, laguntzeko eta transferentziak egiteko orduan, farmakoak noiz eman, noiz kendu. Beraiekin izan dugun harremana kristorena izan da. Eta oso pozik, izan ere, oso pozik gaude izandako lan giroarekin. Haiei esker lortu ditugu emaitza garrantzitsu hauek. 

Zer ariketa mota egiten zenituzten, edo egiten dituzue?
Osagarri ugariko entrenamendu bat egiten genuen.  Hau da, beraiekin hainbat modalitate landu genituen beraiekin: indar entrenamendua, oreka ariketak, malgutasun ariketak eta entrenamendu aerobikoak. Lan programa osatzeko modalitate guztiak sartu genituen. 

Zenbat denboraz egoten zineten haiekin? 
Goizean pertsona bakoitzarekin bakarkako entrenamendu bat egiten genuen eta beraiekin 30 minutuz-edo egoten ginen. Arratsaldeetan senideekin gelan lana egin beharra zuten, korridorean zehar hainbat distantzia ibili behar zuten. Ospitalean zeudela egunero bi saio egiten zituzten. 

Zer adinetako jendeaz ari gara? 
Adinaren bataz bestekoa 87 urtekoa da. Hala ere, 75 urtetik 105 urtera artekoak izan ditugu. 

"Ariketa fisikoaren ezaugarriak ikaragarriak dira, Farmakoek ez dute halako onurarik"

Eta jendea gogotsu? 
Gogotsu eta indar handiarekin, eta asko hobetzen. Horrek esan nahi du ariketa fisikoaren ezaugarriak ikaragarriak direla, polipilula bat bezala funtzionatzen duela, eta halako onurarik duen farmakorik ez dagoela. 

Ariketa fisikoa egiteak buruari ere eragiten dio? 
Buruarena kristorena izan zen. Guk funtzionaltasun fisikoari dagozkion emaitza onak lortuko genituela pentsatzen genuen bakarrik hasieran. Baina gero konturatu ginen arlo kognitiboan aldaketa izugarriak gertatzen zirela. Eta guk ez genuen inolako entrenamendu kognitiborik egiten. Emaitza horiek oso-oso interesgarriak izan ziren guretako, eta emaitza horien atzean zer dagoen ikertu nahian gaude. 

Eta familiek zer esaten zizueten? 
Senideendako, hasiera batean, shock moduko bat izaten zen. Ariketak egiteko makinak ikusten zituzten, eta, hasiera batean, beldurti zeuden. Temati, atzetik, ikusten ea zer egiten genuen. Baina lehen saioaren ondoren ikusten zuten haien aurpegia aldatzen zela, pixka bat animotsu joaten zirela eta errutina aldatzen zela. Hurrengo egunean irribarre batekin etortzen ziren. Ariketa fisikoarekin harremana estutzen hasten ziren. Batzuek, etxera bultzatzean, galdetu ziguten: orain zer egingo dugu etxean? Hainbat ariketa proposatu genizkien. Edo programa horrekin jarraitzeko eta onura horiei segida emateko herrietan zerbitzuak bilatzen lagundu genien. 

Beraz, ospitaleko egonaldia bukatuta, segida izan du?
Hori da. Ospitalizazioaren ondoren, hiru hilabetetara, kontsultara bueltatzen ziren eta beraiekin hainbat test egiten genituen, ikusteko emaitzak mantentzen ote ziren, ariketa fisikoko programekin jarraitzen zuten jakiteko… Ikerketari jarraipena eman genion. 

Eta osasun etxeko medikua guztiaren jakitun da? 
Geriatria zerbitzuak egiten du preskripzioa, eta nik uste dut batzuetan klinika historian agertzen dela programa horretan dihardutela. Medikuek zerbitzukoei zer nolako programa den eta zer ezaugarri dituen galde diezaiekete, jakiteko zertan ari diren. Arlo horretan ez dute inolako arazorik, badaukate informazioa ospitaletik kanpo adinekoen bizimodua nolakoa den jarraitzeko. 

Genero ikuspegia kontuan izan duzue? 
Programan emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago parte hartu dute. Diziplina arteko lantaldean  ere emakumezkoak eta gizonezkoak gaude. Emakumezkoak gogotsu ibili dira ariketa fisiko programarekin. 

Zergatik parte hartu dute emakumezko gehiagok? 
Emakumezkoak gehiago bizi dira, emakumezkoen bizi itxaropena gizonezkoena baino pixka bat handiagoa da. Geriatria zerbitzuetan emakumezko gehiago daude gizonezkoak baino. Beharbada hori izan daiteke erantzuna. 

Programa bukatuta, ospitalean, geriatrian edo zerbitzu guztietan ezarri da? 
Hori nire tesia izan zen. Tesi horren helburua izan zen translazioa klinikoa izatea: lortu nahi genuen errutina klinikoan adineko pertsonekin fisioterapeuta bat halako programa bat garatzen egotea. Eta lortu dugu, geriatria zerbitzuan fisioterapeuta bat kontratatuta dago, goizero adinekoekin lan egiten du. Helburu hori bete dugu eta oso pozik gaude. 

Fisioterapeutarekin etengabeko harremana duzue? 
Elkarrekin lan egiten dugulako, berarekin harremanetan gaude. Gainera, gurekin egon zen ikerketaren azken txanpan, programaren ezaugarriak pixka bat ezagutzen. Berarendako mundu berri bat zen hura. Nolabait, gurekin ikasten egon zen azken txanpa horretan, ikerketari jarraipena emateko eta errutina klinikoaren barruan sartzeko.

Beraz, ospitalera, geriatriara joanez gero, kasik, ariketak egiten jarriko gaituzte. 
Guztiok txipa aldatu behar dugu. Ospitalizazio prozesuan, normalean, atseden hartzen egon behar gara. Batzuetan nahitaezkoa da, baina beste batzuetan ez. Eta mugitu egin behar gara. Mugitzeko ezaugarriak ditugu eta gorputzari estimulu hori ere eman behar zaio aurrera jarraitzeko.

Halako fisioterapia programa ospitaleko beste atalaren batean sartzea aztertzen ari dira? 
Beste zerbitzu batzuk gurekin harremanetan jarri ziren eta aurrera eraman behar dute, pixkanaka. Hortxe gaude lehenengo pausoak ematen. Badirudi beste zerbitzu batzuetan ere animatuko direla horrelako programak ezartzera. Ideia bikaina da. 

Nazioarteko oihartzuna aipatu duzu. Norbaitekin elkarlanean ari zarete? 
Esaterako, Mexikotik gure programa ezagutzera etorri ziren. Beste herrialde batzuetan beste ospitale batzuk horrelako programak aurrera eramaten ari dira. Albaceten, Madrilen… Horretan nahikoa aitzindariak izan gara, orain, dagokiguna da besteei horrelako programak garatzen laguntzea. 

Zer dira geriatria zerbitzuko paretetako marrazki horiek? 
Nafarroako hainbat lekuren argazkiak dira. Geriatria zerbitzua argazki horiekin antolatu dugu. Pasaporte batzuk diseinatu ditugu han dauden pertsonekin ibilbide bat egiteko eta gelan ematen duten denbora hori murrizteko. Beste ikerketa bat izan da, ospitalizazio prozesu aktibo bat bilatzen zuena. Lortu ditugun emaitzak ere izugarriak izan dira. 

Gelatik ateratzeko estimulu bat, goazen Nafarroa bisitatzera? 
Hori da. Hortxe dituzu Aralarko santutegia, Lesaka, sanferminak…  Azkenean, estimulu bat da ospitale barruan mugitzeko familiako kideekin. Helburu bera dugu horrekin ere: ospitalizazio luzeen kalte fisiko eta kognitibo horiek alde batera uztea eta ospitalizazio prozesu aktiboago bat bilatzea. 

Pandemiarekin, pasabidera atera daiteke? 
Pandemiak arlo guztietan izan duen eragina izugarria izan da, baita ospitalean ere. Neurria hartu diogu. Gure jokaera pittin bat aldatu da. Horrekin bizi gara, badirudi programa normaltasunez garatzen ari dela. 

Zer da www.vivifrail.com? 
Gure webgunea da. Hortxe daude landu ditugun material guztiak. Gainera, deskargatu daiteke eta hortxe agertzen da zer den gure ikerketa. Adinekoekin batera egiteko hainbat ariketa fisikoko programa daude. Telefono mugikorrerako aplikazioa erabil daiteke. Han bideoa, ariketak eta programak egiteko aukera. Geroz, ez dago inolako aitzakiarik ariketa fisikorik ez egiteko. 

Eta, orain, zein da hurrengo erronka? 
Oraintxe Cita Alzheimer fundazioaren Cita Go On proiektuan gaude, Donostian garatzen ari direna eta ikertzaile nagusia Mikel Tainta da. Eremu anitzetako esku hartzea Euskal Herrian eginen dena. Gu ariketa fisikoko programa zehazten saiatuko gara. Ikerketa handia izan behar da: adineko 1.100 pertsonarekin, bi urteko iraupena… Proiektu horrekin oso motibatuta gaude. Gauza serio bat da. Ariketa fisikoaren eta beste esku hartze batzuen onurak jakiteko izugarrizko ikerketa izanen da.