Udal azpiegiturak sozializatzea eskatzen duten 838 sinadura

Guaixe 2022ko uzt. 1a, 11:01
AGAko eta GSK-ko kideek sanpedrozelain prentsaurrekoa eman zuten asteazkenean.

Altsasuko Gazte Asanbladak eta Gazte Koordinadora Sozialistak udalean sinadurak aurkeztu dituzte. Bi erakundeak kexu dira udalaren aldetik "erantzun seriorik” jaso ez dutelako eta haien eta udalaren artean gaia negoziatzeko mahai eratzea eskatu dute.

Udal azpiegituretan "pribatizazioa" izaten ari dela eta "langile klasea pixkeka azpiegituretatik kanporatuta izaten ari dela" iritzita, udal azpiegiturak sozializatzeko dinamika martxan jarri zuten Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Haien iritziz, "burgesiak langile klasearen kontra abiatutako ofentsiba baten aurrean gaude, langileon baldintzak erasotuak dituena". Testuinguru horren baitan kokatu dute udal azpiegituren kudeaketa. Eta bestelako kudeaketa eskatu dute jaso dituzten 848 sinaduren babesarekin. 

Bi erakundeetako ordezkariak alkatearekin garagarrilaren 6an bildu ziren eta 20an sinadurak udaletxean aurkeztu zituzten. AGAko eta GKSko kideek adierazi dutenez, "aurretik adierazitakoa itxurakeria hutsean geratzen ari da, ez baitugu sinaduren sei puntuei buruzko erantzun seriorik, ezta negoziaziorako bilera egiteko prestutasunik jaso". Gazte erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, "gu negoziatzeko balizko hizketakide gisa hartu ordez, burokraten arteko bileretan eztabaidatzeko gai gisa hartu du guk egindako eskaera". 
 
AGAko eta GKSko ordezkariek adierazi dutenez, "sinatu duten 838 altsasuarren oniritziarekin, gu gara negoziatzeko agenteak, ez Nafarroako Gobernua, ez Atabo ez eta beste inor ere. Gu, Altsasuko langile klasearen interesak defendatzeko agente gisa, eta udalaren arteko kontua da". Argi utzi dute ez dutela utziko "hilabete hauetan lortutakoa denboran luzatzea edota burokraten bilera eta bulegoetan galtzea. Ez dugu onartuko dinamika existituko ez balitz bezala jokatzea, herriko sektore handi baten arazoei entzungor egitea litzatekeelako".