Altsasuko kultur teknikariaren ordezko euskalduna orain!

Erabiltzailearen aurpegia Gutuna 2022ko uzt. 4a, 10:05

Altsasuko kultur teknikaria bajan omen dago. Bere ordez, euskaraz ez dakien pertsona bat ekarri dute, lan poltsan ez omen zegoelako euskaldunik. Orduan, larrialdiko deialdi bat egiterik izanen zen, bat aurkitu arte. “Susmoa” daukagu, lan poltsan gaztelaniaz ez dakien pertsonarik aurkitu ez balute, bazter guztiak astinduko zituztela teknikari erdaldunen bat lortu arte. Nafarroa hirutan zatikatuta dago giza eskubideei dagokienez (hizkuntza eskubideak ere, gizaeskubideak baitira, Unescok dixit). Teorian, Sakanako euskaldunok erdaldunen pareko hizkuntza eskubideak dauzkagu, baina maiz ez da hori praktikan islatzen. Aski da Foruzaingotik, Osasun Etxetik eta zer esanik ez, Nafarroako Gobernutik igarotzea, gure eskubideak non geratzen diren ikusteko. Iortiako kultur programazioa ere, euskaldunoi bizkar egina dago neurri handi batean, adibidez.

Udalaren ardura da, altsasuar eta sakandar euskaldunoi euskarazko zerbitzua bermatzea alor guztietan. Horretarako beharrezko neurriak hartu behar ditu, sakandar erdaldunei gaztelaniazko zerbitzua bermatzeko egiten duen bezala. Sakandarrez ere ari gara, Iortia Kultur Gunea sakandar guztiei zerbitzu emateko xedez sortu baitzen.

Aingeru Mikeo, Erkuden Barandiaran, Haizea Ramirez de Alda, Jonjo Agirre