Zortzi urterekin hasi zen Maddalen Oiarbide Unamuno Altsasuko Musika eta Dantza eskolan. Urtebete geroago hasi zen Irati Ayerdi Perurena. Oiarbidek bonbardinoa jotzen du; eta Ayerdik, zeharkako txirula. Musika eskolako ikasketak amaitu ondoren, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean hasi ziren. Musika ikasketa profesionaleko hirugarren eta laugarren mailan daude, hurrenez hurren. Haiekin batera, hamar bat sakandar joaten dira kontserbatoriora.
Hasiera batean "lagunak musika eskolan zeudelako" hasi zen musika Ayerdi: "Entzuten nuen zer kontatzen zuten eta pixka bat horregatik. Arratsaldeetan zerbait egin nahi nuen, kirola egiten nuen, eta beste zerbait gehiago egin nahi nuen". Altsasuko Musika eta Dantza eskolan hasi zen. "Gero bertan jende gehiago ezagutu genuen, eta oso gustura geunden", gaineratu du Oiarbidek.
Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako zero zikloan, lehenengo lau urteetan, Musika eta mugimendua ematen da. Ondoren, lehenengo zikloan, Hezkuntza musikalarekin eta instrumentuarekin hasten dira. Gustukoen dutena aukeratzeko "klasez klase ibili ginen", Oiarbidek azaldu duenez. Berak hasieran tuba aukeratu zuen, baina konturatu zen ez zuela gustuko. "Orduan, bonbardinoa aukeratu nuen, eta hura jotzea oso gustukoa nuen". Ayerdiren kasuan, ez da oso ongi gogoratzen, baina zuzenean zeharkako txirula aukeratu zuela esan du. Ikasketak sei mailatan banatuta daude, bi ziklotan. Hirugarren ziklo bat Kontserbatoriora sartzeko probak prestatzeko ere badagoela azaldu dute Oiarbidek eta Ayerdik.
"Gutxi gorabehera duela lau urte erabaki nuen kontserbatoriora joatea. Irakasleak esaten zidan proba egiteko prestatzeko eta behintzat saiatzeko. Gustatzen ez bazitzaidan, beti zegoela denbora uzteko. Horregatik sartu nintzen", azaldu du Ayerdik. Azken momentura arte zalantzan egon zela esan du, baina orain "oso gustura" dagoela esan du. Oiarbide duela hiru urte sartu zen, urtebete geroago, eta Jokin Borromeo musika irakasleak animatuta sartu zen. "Kontserbatorioan sartzeko aukera nuela esan zidan, sartzeko saiakerak izango nituela, eta animatzeko esan zidan". Pandemia egoeraren urtean egin zituen probak: "Zail samarrak izan ziren ez zegoelako klase presentzialik eta etxetik, online, egin behar genituelako". Azken uneko erabakia izan zen ere: "Azken momentuan animatu nintzen".
Kontserbatorioa
Profesional mailako kontserbatorioko gradua sei urte dira. Ayerdiri gradua amaitzeko bi urte falta zaizkio, eta Oiarbideri hiru. Ondoren, goi mailako ikasketak aukera dago, lau urtekoa. Momentuz, ez dakite profesionala bukatutakoan goi mailarekin jarraituko duten. Ayerdi: "Ez dakit; nahiko gogorra da dena uztartzea: Institutua, kontserbatorioa...". Heldu den ikasturtean bigarren batxilergoa eginen dute eta unibertsitaterako sarbideko azterketa prestatu beharko dute ere. Musika jotzen jarraituko dutela argi dute.
"Hasieran beldurrarekin joan ginen, baina orain oso gustura gaude"
Hasieran, "beldurrez" joan zirela aitortu dute bi musikari altsasuarrek. "Altsasuko bakarra nintzen, ez nuen inor ezagutzen...", azaldu du Oiarbidek. Baina urtea pasa ahala "esperientzia bikaina" izaten ari dela esan du. "Jende asko ezagutu dut, jende jatorra, eta irakasleak ere onak dira". Asko ikasten ari dela aitortu du Oiarbidek. Ayerdi ere "oso-oso gustura" dago. "Hasieran, Maddalenek esan duen bezala, Altsasukoak izanik bakarrik sentitu nintzen, baina berehala egiten dituzu lagunak. Denak hor gaude arrazoi berberagatik. Badugu zerbait amankomunean".
Ikasketak hiru ziklotan banatuta daude, sei ikasturtetan. Lehenengo eta bigarren mailan hezkuntza musikala ematen dute, hirugarren eta laugarren mailan harmonia eta bosgarren eta seigarren mailan analisia. Horretaz gain, instrumentua, banda, piano osagarria eta beste zenbait irakasgai dituzte. "Zenbat eta maila altuagoa, orduan, eta irakasgai gehiago". Astean sei ordu ematen dituzte, "zuk banatzen dituzu nahi duzun bezala". Altsasutik joan behar direnez, ahalik eta egun gutxienean jartzen saiatzen dira. "Noski, egun horiek arratsalde guztia bertan emateko dira", azaldu du Ayerdik. Irakasgaiaren arabera, taldekako edo banakako klaseak dira.