Astekaria

"Bertako zuhaitzak mantendu behar dira"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko uzt. 6a, 14:06
Christian Barado, Yahir Romero, Houssam Lamri eta Abdel Boukhlik Sakana LHko ikasleak.

Ion Fontenla Sukia irakaslearen gidaritzapean, Christian Barado, Yahir Romero, Houssam Lamri eta Abdel Boukhlik Sakana LHko ikasleek basoetan dagoen karbonoa neurtu dute.

Lana Aimar lezea, Dani Argüelles, Fernando Perez, Andoni Calvo, Alex Ristea ikaskideekin batera egin zuten. 

1. Altsasuko basoetan dagoen karbono kantitatearen inguruko ikerketa egin duzue. Zein irakasgaiaren barruan?
Merkataritza zerbitzuak oinarrizko lanbide heziketaren ikasketen barruan zientzia aplikatuak irakasgaian.

2. Zergatik egin duzue? Nola sortu zen ideia?
Irakasleak esan digulako. Ez, ez, txantxa da. Altsasuko basoetan dagoen karbonoa neurtzeko. Zientzia aplikatuetan zerbait praktikoagoa egin nahi genuen, eta orduan basoak neurtzera joateko ideia izan genuen. Klima aldaketaregatik ere larrituta gaude. Izan ere, karbonoak zerikusi handia dauka.

3. Nolakoa izan da prozesua?
Basoetara joan aurretik Sitna webgunera sartu ginen basoak neurtzeko. Gero bertara joan ginen. Aurretik ideia batekin joan ginen. Irakasgaiaren barruan natura eta matematika ditugu, eta ikasteko modu praktikoa da. Aurreko batean, ibaian ere izan ginen.

4. Horrela hobeto ikasten da?
Modu praktikoan gehiago ikasten da. Oso esperientzia ona izan da; oso gustura egon gara. Erakargarriagoa da, eta kirola ere egiten duzu. Irakasleak beste irakasleak kanpora ateratzera animatzen ditu. Posible da klaseen erdiak kanpoan egitea. Ikasle gehienei galdetzen badiezu klaseak kanpoan eman nahi dituzten, denek baietz esango dute. Asko ikasten da; motibagarriagoa da.

5. Zenbat denbora aritu zarete ikerketa egiten?
Lau baso neurtu genituen: pinudi bat, harizti amerikar bat, pagadi bat eta Dantzalekuko hariztia. Egun bakoitzean bat, eta bi aste inguru aritu gara lanean. Aurreko lana egin, basoetara joan, datuak neurtu, eta datu horiek analizatu eta kalkuluak egin. Erdia, gutxi gorabehera, naturan egin dugu eta beste erdia klasean.

6. Zergatik da garrantzitsua?
Lurraren berotzearen inguruan informazioa lortzeko, eta hura saihesten saiatzeko.

7. Zein kalkulu egin zenituzten?
Zuhaitzen batez besteko altuera, hektarea batean zuhaitz kantitatea eta zuhaitzen perimetroaren bataz bestekoa kalkulatu ditugu. Zuhaitzen altuera neurtzeko 1,8 metroko ikaskide bat zuhaitzaren ondoan jarri zen. Horrela kalkulatu genuen. Perimetroa kalkulatzeko metro bat erabili genuen, eta horrekin hektareak ere neurtu genituen. 50x50 metroko karratuak neurtu genituen, eta horrela dentsitatea kalkulatu genuen. Naturan Hezten ikerketa hartu dugu oinarri. Formula berezien bidez, adarren bolumena, sustraiena eta abarrena lortu dugu.

8. Zergatik da garrantzitsua?
Karbonoa basoetan utzi behar dugu, ezin da atmosferara igo; basoetan bildu behar da. Karbono hori atmosferara igotzen bada eta atmosferan karbono asko badago, lurraren berotzea gertatzen da.

9. Eta zer ondorio atera dituzue?
Altsasuko basoetan 404.600 tona karbono dugu, eta, egurra kenduko balitz, atmosferara CO2 moduan 1.480.000 tona joango lirateke. Egoera hobetu daiteke. Zenbat eta karbono gehiago basoetan, orduan eta gutxiago atmosferan. Bertako espezieak gailendu behar dira, eta horiek hedatu beharko lirateke. Garrantzitsua da karbonoa basoetan biltzea.

10. Zer gehiago ikasi duzue?
Asko ikasi dugu. Inguruan ditugun zuhaitz espezieak eta hostoen bidez haiek identifikatzen, basoen ekosistemak eta biodibertsitatea, nola eragiten duen klima aldaketan... Beste ikuspuntu batetik begiratzen dugu orain. Faunari buruz ere ikasi dugu. Geometria, bolumena eta azalerak. Zuhaitzen adina kalkulatzen moztutako enbor baten bidez...

11. Oinarrizko LHa bukatu duzue. Orain, zer?
Horrelako ikerketa gehiago egitea aurreikusten duzue? Ikerketa egin aurretik ez genekien honi buruzko ezer, eta oso interesgarria izan da. Baina ez dugu uste gehiago egingo ditugunik. Bakoitzak bide bat hartuko du orain, soldadura, informatika... Sakana LHn dauden ikasketak. Dena dela, ikasitakoa oso baliagarria izango da.