Iruñeko Ekomerkatua Altsasun

Guaixe 2022ko uzt. 6a, 11:11

Nafarroako ekoizle ekologikoen azoka egon zen, larunbatean, Iortia zabalgunean: gazta, ardoa, garagardoa, barazkiak, olioa, eztia... Sakanako Mank-ek antolatuta haurrendakok tailerrak egon ziren, eta egunean zehar barazki erraldoien erakusketa. 

Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak hilean behin egiten duen Ekomerkatua, estreinakoz, Iruñetik atera zen larunbatean eta Altsasuko kultur guneko zabalgunean izan zen. Denetariko produktuak eskaintzen zituzten 13 postu egon ziren, haietatik lau sakandarrenak: Uharte Arakilgo Harri Herri nekazaritzaren barazkiak eta arrautzak, Dorraoko Utxama gaztandegiko gaztak, Arbizun erlauntzak dituen Joseba Villacortaren Erlan produktuak, Patxi Amillano altsasuarraren Larrezabal gazta. 

Ekologikoan lan egiten duten ekoizleei zuzenean produktuak erosteko aukera izateaz aparte, nekazaritza ekologikoari buruzko hitzaldia eman zuen Mirian Otxotorenak. Gainera, Sakanako Mankomunitateak haurrendako tailerrak eskaini zituen.