Astekaria

"Gure esperientzia eta erabaki onena izan da berriemaile izatea"

Guaixe 2022ko uzt. 11a, 14:03
Cristina Matias Tapia eta Aitziber Da Costa Taboada berriemaileen topaketako argazkia erakusten.

Bukatu den ikasturtean Gazteria Zerbitzuaren eta Intxostiapunta gazte gunearen berri eman dute institutuan Cristina Matias Tapiak eta Aitziber Da Costa Taboadak, eta berriki Gazte Berriemaileen Iberiar Topaketan parte hartu dute.

Altsasun gazteei zuzendutako ekimenen berri beraien ikastetxean ematen dutenak gazte berriemaileak dira. Aitziber Da Costa Taboada eta Cristina Matias Tapia Altsasu Bigarren Hezkuntzako institutuan aritu dira berriemaile lanetan bigarren urtez. Horrek diploma eta diru sariaz aparte Malagako Mollina herrian egin den Gazteen berriemaileen iberiar topaketan parte hartzeko aukera eman zien garagarrilaren 26tik 30era. Erkidego bakoitzeko hamarna berriemaile joan ziren eta Portugalgo 20, guztira 250 elkartu ziren. 

Berriemaile, gelaz gela zoazte?
Cristina. Bai. Hasieran pentsatu genuen DBHko 1. mailara joatea gazte gunera gehien etortzen direnak direlako. Intxostiapuntara estreinakoz etortzen dira. 

Aitziber. Kontrara, DBHko 4. mailakoek esaten dute: "zertarako joango gara. Plazara, piperora-edo joango gara". Ez dira hemen sartzen. Baina berdin-berdin ematen diegu guztiaren berri. 

C. Lehen hiru mailetan daude aukera gehien. 4 eta Batxilergoan, dagoeneko ez. 

A. Batxilergokoendako gauzak badaude. Iortian haiendako jarduera bat egon zen eta hura azaltzera joan ginen. Eta batzuk agertu ziren. 

C. Klase tarteetan joaten gara eta klasea galtzen duzu, baina ondorioa da gero etxeko lan gehiago dituzula. Eta begiratu behar da joan behar zaren ikasgelak azterketarik ote duen. 

A. Gerta daiteke gutakoren bat ikasgairen batean ongi ez ibiltzea, beraz, ezin dut ikasgai horren klaserik galdu. Batzuetan irakasleek ez zekiten zer zen berriemaileena eta hura azaltzen denbora gehiago galtzen genuen. 

Zer moduz jendaurrean hitz egiten? 
C. Hasieran urduritasuna, ahoskera, ez da erraz ateratzen, baina, ondoren, bioi hobe egiten dugu. Beldur handirik ez dugu. 

Sare soziala erabiltzen dituzue? 
A. Intxostiapuntak Instagram kontua dauka eta hor bere jardueren berri ematen du. Guk gure history-etara igotzen dugu. 

Zabaldu beharreko informazioa handik jasotzen duzue?
C. Asteazkenero ordu bateko bilera genuen Intxostiapuntan ikastetxe guztietako berriemaileek. Zer esan behar dugun, zer jarduera dauden azaltzen digute eta, ondoren, guk ikastetxeko oholtzan kartelak jartzen ditugu. 

Zuen lana gazteengana iristen da? 
C. Batzuetan beste toki batera joan dira edo azterketak dituztelako eta ezin dira hona etorri. Halakoetan oholaren edo e-posten bidez behin eta berriz ematen dugu berri. Kostatzen da, baina mezua iristen zaie. Ondoren parte hartzera animatzen direla ikusten dugulako, esaten digutelako edo interesa azaltzen dutelako. 

Iristen zarete ikasi eta berriemaile izatera? 
A. Bai. Eta oso gustura. 

Zer ikasi duzue berriemaile izanik? 
A. Talde lana, jendaurrean hitz egiterakoan urduritasuna kentzea. Batzuetan urduri gaude baina askoz gehiago ulertzen digute. 

C. Batzuetan trabatu egiten zara eta berak badakienez zer esan behar duzun, esaten du. Gauza txiki oso garrantzitsua da. 

Zuek izena ematen duzue informatzen duzue horretan?
C. Ez guztietan. 

A. Afarietara, gaupasetara… Beti ezin dugu etorri. 

Berriemaile izate segituko duzue? 
C. Bai, Lanbide Heziketan. 

A. Iruñean Lanbide Heziketa ikasiko dut eta ez dakit posible izanen den Altsasuko informazioaren berri han ematea. 

Lana despedituta sari bikoitza izan duzue. 
A. Diploma eta 200 euroko beka eman zizkiguten ikasturte bukaeran. Eta aurten bidaia. 

Gazte Berriemaileen Iberiar Topaketan parte hartu duzue. 
A. Oso ongi egon gara. Nafarroakoak Iruñeko 8 eta gu ginen. 

Zer egin zenuten han? 
A. Goizez aktibitateak. Taldetan banatu gintuzten eta berriemaile lana nola egiten genuen azaldu genuen, besteen ideiak jaso eta esperientzien berri izateko. Konturatu ginen Nafarrek bakarrik dugula beka. Ez Portugalen ez gainontzeko erkidegoetan ez dute. Nafarroan batzuk diruagatik izena ematen dute. Beraiek lan egin nahi dutelako ematen dute izena. 

C. Zentro batzuetan ingurumena babesten dute, beste batzuetan adineko pertsonei teknologiarekin laguntzen diete. Guk sexologiarena dugu. Hemen esaterako, ingurumenarena egin daiteke. Kulturarteko gaua egin genuen.  

A. Nik AMIA (Aukera, Mehatxu, Indargune eta Ahulezia) egiteko izena eman nuen. Mehatxuetako bat komunikazio falta zen, teknikariek gauza bat egin eta guk horren berri ez izatea gerta daitekeelako. Horrela gazte guneko pertsona gehiagok izena emanen lukete. 

C. Niretako jarduerak egunero berdinak ziren. Egunero: zer da berriemailea… Aldatu beharko litzateke eta hurrengo egunean esan: zer egin ahal duzu hobetzeko? Baina ongi egon da. Azken egunean Malagara joan ginen eta plazaren erdian manifestazioa egin genuen. Denak borobil batean, kartelekin. 17 eskaera zabaldu genituen: genero berdintasuna eta halakoak. Azken egunean agur festa izan genuen ere.

 

“Proposatu genuen beste topaketa luzeago bat egitea: esperientzia gehiago izateko, ideia gehiago hartzeko”

 

Bost egunetan lagunak egiteko aukera?
C. Oso egun gutxi iruditzen zaizkit. Proposatu genuen beste topaketa luzeago bat egitea: esperientzia gehiago izateko, ideia gehiago hartzeko eta egun gehiago egoteko. 

A. Gabonetan beste topaketa bat egitea nahiko genuke, jende bera elkartu eta harreman gehiago izateko. Erkidegoetako teknikoekin harremanetan gaude. Ez dakigu sortuko den. Bestela, nik portugesa eta berak galiziera dakigu eta portugaldarrekin hitz egin genuen. Gure artean euskaraz hitz egiten hasten ginenean zer esaten genuen galdetzen ziguten. Kataluniarrek ere gauza bera egiten zuten. Nik mutiko batekin katalanera pixka bat ikasi dut. Eta batzuk gurekin euskara pixka bat ikasi dute. 

Altsasuko eta beste tokietako esperientziak…
C. Egiten duguna berdina da baina modu desberdinean egiten dugu. Batzuk pankartak egiten dituzte, guk sare sozialak erabiltzen ditugu. 

Ikasitakoarekin zer eginen duzue?
C. Ez dugu arazorik mundu guztiarekin partekatzeko. 

A. Gure esperientzia eta erabaki onena izan da berriemaile izatea, eta bidaia horretara joatea. 

C. Gauza polita eta dibertigarria da. Asko ikasten duzu. Merezi du berriemaile izateak.