Festetan Zubeztia plazan karpa jartzeko prozedura jakinarazi du udalak

Guaixe 2022ko uzt. 12a, 09:02
Jendea Zubeztia plazako karparen inguruan. ARTXIBOA

Pertsona, kolektibo edo elkarteek hilaren 27ra arte egin dezakete eskaera. Eskaera bat baino gehiago badago, udalak zozketa bidez emanen du karparen kudeaketa.

Irailaren 14tik 18ra ospatuko dira aurtengo Altsasuko festak, eta udalak edozein pertsona, talde edo elkarteri aukera emanen dio Zubeztia plazan karpa bat jartzeko, han kultur eta jai jarduerak bertan aurrera eramateko. Eskabideak udaletxean edo Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkez daitezke uztailaren 27ko 13:00ak arte. Eskaera bat baino gehiago badago, udalak zozketa egingo du guztien artean. Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen Foru Dekretuaren arabera. Zozketa jendaurreko ekitaldian eginen da eta karpa jartzeko eskaera aurkeztu duten pertsona, talde edo elkarteak bertan parte hartu ahal izango dezakete. 

Udalak jakinarazi duenez, Zubeztia plazan jarri daitekeen karpak bederatzi metro zabal eta hogei luze izan beharko du. Hura jartzen duenak dagokion tasa eta fidantza ordaindu beharko ditu, eremu publikoko eta herri lurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasa arautzen duen bederatzigarren Ordenantza Fiskalean xedatutakoaren arabera. Zenbateko zehatza okupazioa baimentzen duen Alkatetzaren Ebazpenean zehaztuko da.

Udalaren Bandoan azaltzen denez, karpa irailaren 12tik 13ra bitartean muntatu beharko da, eta irailaren 19tik 20ra desmuntatu, irailaren 21ean plaza erabat libre eta garbi geratu beharko baita. Karparen festetako ordutegia ere zehaztu du udalak: irailaren 16an eta 17an gehienez hurrengo eguneko goizeko 05:00ak arte eta irailaren 14, 15 eta 18 egunetan gehienez hurrengo eguneko goizeko 02:00ak arte. Bestetik, karpa hartzen duen pertsonak, kolektiboak edo elkarteak karpa eta bertan aurrera eramango den aktibitatea estaltzen duen aseguru zibila kontratatu beharko du, garbitasunaz arduratu beharko da eta karparen erabilerak eragin dezakeen edozein arazoren aurrean, arduraduna eskaera egilea izanen da. Udalak zehaztu duenez, baimen eskatzailea arduratu beharko da karpan aurrera eramango den aktibitatean aplikagarria den araudia betetzeaz.