Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta, Bargagaingo Igoera izanen da igandean, uztailaren 15ean, 09:00etatik aurrera. Udaletxe parean etxajua lehertuko dute, eta mendirantz abiatuko dira mendizaleak. Erkudengo erromeria ospatu eta astebetera egiten dute Urbasan dagoen Gurutzera erromeria. 1960. urtean hasi zen antolatzen, eta berehala altsasuarren beste ohituretako batean bilakatu zen.
Altsasuko Mendigoizaleak taldeak herriko bideak martzeko eta jasotzeko egitasmoa darama aurrera, tartean Bargagaingo bidea: betiko bidea erreskuratu nahi du. "Gaur egun partikularrenak diren soroetatik eta bideetatik igotzen da jende asko Bargagainera, baina guk betiko bidea berreskuratu nahi dugu, komunaletik pasatzen dena. Hau da, autobia azpiko tunel txikia pasata eskuinera egin ordez, ezkerrera egin behar da". Betiko bidea suabeagoa dela esan du Bengoetxeak. Aste honetan bidea markatu dute, eta bertatik igotzera eta hemendik aurrera bide hori erabiltzeko eskatu du.
Behin Bargagainera igotzean, meza izanen da, eta ondoren hamaiketakoa: "Udalak ardoa eta zilarrezko tazak jartzen du, eta gu antolatzen gara ardoa igotzeaz eta banatzeaz. Horrekin batera, txorizoa eta gazta dastatzen da", azaldu du taldeko Andres Bengoetxeak. Ohikoa denez, urdaiazpikoa zozketatuko da, eta hamaiketakoaren ondoren txistuen eta zortzikoen txanda izango da. "Egun polita da, eta bertan parte hartzera animatzen dugu", gaineratu du Bengoetxeak.