Gartzia Ximenez kaleko eraikin batean igogailua jartzeko herritarrendako informazio saioa

Guaixe 2022ko uzt. 19a, 11:10

Igogailua jartzeko proiektua. ALTSASUKO UDALA

Gaur, 18:00etan, udaletxean izanen da. Espazio publikoa hartzen duenez, hiri jarduketako plan berezia egin da eta hura onartu aurretik beharrezkoa da herritarren parte hartzeko plana egitea.

Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, Gartzia Ximenez kaleko 28 zenbakiko bizilagun-komunitateak (Asensio denda hartzen duena) igogailua jarri nahi du lau solairuko eraikinean. Arkitektura oztopoak kentzeko hiru aukera zituzten: eskaileretako tartea, patioa eta kanpoko aldetik egitea. Aurrenekoak ez du nahikoa espaziorik, bigarrenak behean dagoen dendari espazio handia kenduko lioke eta, beraz, igogailua kanpotik eraikitzearen alde egin dute. 

Igogailua eraikinaren zeharreko aldean jarri nahi dute, Gartzia Ximenez kaletik Baratzekobide plazara ematen duen kalean, dendaren zeharreko eskaparatearen parean. Espazio publikoaren 13,20 m2-ko azalera hartuko luke igogailuak, bere sarbideak eta dendaren erakusleihoa handitzeak; 5,53 metro luzeran eta 2,38 zabaleran. 

Hiri jarduketako plan berezia onartu aurretik, legeari jarraituz, bizilagun-komunitateak herritarrek parte hartzeko planari buruzko informazio saioa deitu du heldu den astearterako, 18:00etan, udaletxean. Han Irisgarritasun Plan Berezia ezagutarazi eta erakutsiko dute, herritarren iritzia jasotzeko, hura tramitatu aurretik.